Albistea
Bermeoko Udalak saihesbidearen loturako lanak “Bermeoko Udalak ordainduko dituela eta ez Bizkaiko Foru Aldundiak argitu du. Bizkaiko Foru Aldundiak dirua aurreratuko du, baina Bermeoko Udalak hamar urtetan ordaindu beharko dio”. “Hortaz, ez da egia BFAak kostua bere gain hartuko duela”, adierazi du Amaia Elorzak, Lurgintza zinegotziak.
Elorzak gogoratu dutenez, 2015. urteko maiatzaren 14an Bermeoko Udalak Osoko Bilkuran onartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak saihesbidearen loturako lanak egingo zituela eta Bermeoko Udalak hamar urtetan ordainduko zituela. Horrez gain, Bermeoko Udalak lurren kudeaketaren ardura beregain hartu zuen.
Ildo horretan, adierazi dutenez, “Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatu ostean, Bermeoko Udalak bere lanak egin zituen eta 2018. urteko martxorako lurrak kudeatu eta jabeekin horien erabilerari buruzko hitzarmenak sinatuta izan genuen”.
Hortaz, Elorzaren esanetan, “Bizkaiko Foru Aldundiak iaz saihesbidearekin lotura egiteko lanak hasiko zituela uste genuen eta aurten Bermeok Tellaetxe tar Josu kaletik saihesbidearen sarbidea izango genuela”. “Baina Bizkaiko Foru Aldundia saihesbideak Bermeorako loturako lanetan asko atzeratu egin da eta oraindik ez dugu sarrerarik”, adierazi du.
“Azkenean, 2019ko martxoaren 25ean lizitazioa egingo dutela jakinarazi digute eta prentsan 2020an bukatuta izatea aurreikusten dutela adierazi dute”, azaldu du Amaia Elorzak. “Hortaz, espero dugu lizitazioa egin ondoren, lanen adjudikazioa egitea eta lehenbailehen hastea, bermeotarrek saihesbidearen sarrera ahalik eta arinen izateko, denbora asko itxaroten gaudelako”, gaineratu du.
Ildo horretan, nabarmendu duenez, “saihesbidearen sarbidea lehentasuna da guretzat, gure herriaren trafiko eta mugikortasuna hobetzeko aukera eskainiko duelako”. Horrez gain, saihesbidearen sarbideak beste onura batzuk ere izango dituela gaineratu du: “Artikako industrialdera doazen bolumen handiko ibilgailuak (kamioiak eta autobusak) ez dira herri erditik pasako; herriko trafikoa murriztuko du eta oinezkoei lehentasunak emateko aukerak eskainiko digu”.
Gainera, adierazi duenez, "saihesbidearen sarbideak zerbitzu garrantzitsua eskainiko du; izan ere, gune horretan, industriaz aparte, 800 garaje plaza pribatutik gora daude eta 4.000 biztanle inguru bizi dira, Bermeoko biztanleri osoaren laurdena gutxi gorabehera". “Horiek guztiak zuzenean irteteko aukera izango dute, herri erditik pasa gabe eta horrek ere, duda barik, herri erdiko trafikoa arinduko du”, azpimarratu du.
“Nahiz eta Bizkaiko Foru Aldundia asko atzeratu den, Bermeok saihesbidearekin lotura izateko lanak ahalik eta arinen hastea espero dugu, Bermeok ahalik eta arinen saihesbidearekin lotura izateko. Horrez gain, argi utzi nahi dugu Bermeoko Udalak eta bermeotarrok hartzen dugula gure gain lan horien kostea eta ez Bizkaiko Foru Aldundiak”, azpimarratu du.
010 (94 617 91 00)