Albisteak

Albistea

Guraso eta etorkinentzako euskara eskoletan izena emateko epea zabalik dago urriaren 11ra arte

Aurten ere, ikasturte berriarekin batera, Bermeoko Udalak gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak antolatu ditu, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin elkarlanean. Ikastaro horien bidez, alde batetik, familia bidezko transmisioa indartu gura da, euskara ez dakiten gurasoei ikasteko erraztasunak emanez; eta, beste alde batetik, Bermeora kanpotik etorri direnentzat euskara ikasteko aukera zabaldu gura da. Ikastaro hauetan parte hartzeko interesa daukatenek urriaren 11ra arte eman ahal izango dute izena Berhaz bulegoan.

Iker Bilbao San Nikolas Euskara zinegotziak esan du urrian hasiko diren ikastaro hauek ekainera bitartean izango direla, eta batean zein bestean, taldeei egokitutako metodologiak erabiliko dituztela.

Gurasoentzako euskara ikastaroak AEK euskaltegian eskaintzen dira. Jakitera eman dutenez, ikastaro hauetan bai euskaraz ez dakitenek eta bai berbetan jakin arren, alfabetatu nahi dutenek parte hartu ahal dute. Seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte, ulermena eta berba egiteko lotsa galdu eta testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasiko dute. Astean birritan batuko dira, bi ordu egun bakoitzean. Metodologia praktikoa erabiltzen dute, egunerokotasunarekin lotutako ariketak eginez. Matrikula 20 euro ordaindu beharko da.

Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak dauka, berriz, etorkinentzako ikastaroaren ardura. Helburu nagusia da etorkinei euskara ikasteko aukera ematea, “integrazio errazagoa izan dezaten”. Astean lau ordutan batzen dira; bi ordu, bi egunetan. Etorkinentzako ikastaroan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABEk garatutako Aisa metodologiaren bitartez. Klaseak oso praktikoak izaten dira, helburua erabilera delako, eta erabilera horren bitartez lortu gura da etorkinak gure kultura ezagutzea eta gure artean integratzea. Ikastaro hau beste herrialde batzuetatik etorri diren pertsonentzat antolatzen da, berton bizitzeko euskara ikastea lagungarri delako. Izan ere, euskara jakiteak hartu-emanak errazten ditu eta aukerak eta bideak zabaltzen ditu. Ikastaro honen prezioa 10 eurokoa da.

Bermeoko Udalak eta euskaltegiek urteak daramatzate elkarlanean, eta orain arte bi ikastaro hauek “emaitza oso onak” izan dituzte.

Beste alde batetik, 2024-2025 ikasturterako matrikulazio kanpaina martxan daukatela gogora ekarri dute. Hiru zentro daude Bermeon euskara ikasteko: Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK eta Gotzon Garitaonaindia. 16 urtetik gorako edozein herritarrentzat “aukera anitza eta ordutegi zabala” daukatela aipatu dute, “metodologia eguneratuak eta baliabide egokiak” eskainita.

Matrikula egiteko beharrezkoak direnak eta eskuratu daitezkeen dirulaguntzei buruzko informazioa jasoko dute euskaltegietara joaten direnek. HABEk eta Bermeoko Udalak dirulaguntzak eskaintzen dituzte, ikasleek ordaintzen duten matrikula gastuetan “ahalik eta erraztasun handiena izan dezaten”.

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak esan du “pozik” dagoela beste urtebetez guraso eta etorkinentzako euskara eskolak eskainiko dituztelako, “aukera polita” baita eurentzat. Prentsaurrekoa aprobetxatu du eskerrak emateko euskaltegiei, urte hauetan guztietan egin duten lanagatik.

23 / 09 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0