Albisteak

Albistea

Erroxape Emakumeen Elkarteak kontakizun laburren lehiaketa abiarazi du

  • Emakumea izan beharko da kontakizunen gaia
  • Lanak otsailaren 14ko 20:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira

Erroxape Emakumeen Elkarteak bi urtean behin antolatzen duen Kontakizun Laburren Lehiaketa abiarazi du. Ohi moduan, aurten ere, emakumea izan beharko da kontakizunen gaia. Lehiaketan 18 urtetik gorako edozeinek parte har dezake, eta narrazioak euskaraz zein gaztelaniaz aurkez daitezke.

Lanak aurkezteko azken eguna otsailaren 14a izango da, eta egun horretako 20:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira Erroxapek Erretenen duen lokalean, Udal Liburutegian, Gizarte eta Kultura Etxean edo Bermeoko 115 posta kutxan.

Lanak orrialde bakarrean idatzita egon beharko dira, hutsune bikoitzean, 1.200 karaktere orriko, eta gehienez sei folio eduki beharko dituzte, eta gutxienez lau. Irizpide hauek betetzen ez dituzten lanak zuzenean kanporatuak izango dira. Interesdunek lan bakoitzeko hiru kopia aurkeztu beharko dituzte gutun-azal itxi batean, eta bertan kontakizunaz gain, beste gutun-azal bat sartu beharko dute egilearen datuekin  (izen-abizenak, helbidea eta telefonoa).

Aurkeztutako lanak jatorrizkoak eta inon argitaratu bakoak izango dira, eta lehiaketa honetara ezin izango dira aurkeztu beste edozein lehiaketan saritutako lanak. Egile bakoitzaren lan bakarra sarituko da.

Saritutako lanak Erroxape Emakume Elkartearen jabetzan geratuko dira. Saririk jaso ez dituzten lanak aurtengo ekainaren 1etik aurrera batu ahal izango dira. Epaimahaiak edozein sari hutsik uzteko eskubidea izango du, eta oinarriak betetzen ez dituzten lanak lehiaketatik kanpo geldituko dira. Epaimahaiko kideak ezin izango dira lehiaketa honetara aurkeztu.

Lan irabazleen izenak martxoaren 8ko ekintzen barruan jakinaraziko dira. Sariei dagokienez, 1. saria lortzen duten euskarazko eta gaztelaniazko narrazioek 250 euro eta plaka jasoko dituzte, finalistek 150 euro eta plaka, eta accesita lortzen dutenak plaka jasoko dute.

Erroxape Emakumeen elkarteak eta Bermeoko Udalak herritarrak gonbidatzen dituzte lehiaketa honetan parte hartzera.

15 / 01 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0