Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak 2019. urteko ordenantza fiskalak, zergak eta tasak onartu ditu

 

Bermeoko Udalak atzo egin zuen Osoko Bilkuran 2019. urterako ordenantza fiskalak, zergak eta tasak onartu zituen, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin. Guzanek eta Izartuk kontra bozkatu zuten. 

Irune Ormaetxeak, Ogasun zinegotziak, azaldu duenez, Udal Gobernuak eta EAJkerantzukizunez jokatu dugu, ezinbestekoa delako tasak eta zergak berrikustea kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitu ahal izateko”. 

Zergei dagokienez, Ormaetxeak azaldu duenez, ez da aldaketa handirik egongo; izan ere, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ/IBI), Urilurren Balio Gehikuntzaren Gaineko Zerga, Ekonomi Jardueren Gaineko Zerga eta Eraikuntzaren, Instalazio eta Obren Gaineko Zerga berdin mantenduko dira, hau da, ez dute igoerarik izango. Igoko den zerga bakarra, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko tipoa izango da, KPIren igoera izango baitu, %2,2, hain zuzen ere. 

Tasei dagokienez, banan bana aztertu dituztela adierazi du Ormaetxeak eta zerbitzuen kosteak eta ahalmen ekonomikoa kontuan hartu dituztela. Tasa batzuk berdin gelditu diren bitartean, hainbat merkatari txikiei zuzendutakoak jaitsi egingo dira. Gainerakoak, etxebizitzen sastar batze zerbitzua eta animali kasu arriskutsuen kasuan izan ezik,  KPIren igoera izango dute, hau da, %2,2ko igoera. Hala ere, argitu duenez, “2019an KPI gehiago igotzen bada ere, Bermeoko zerga eta tasen igoera ez da inolaz ere %2,2 baino gehiago igoko”. 

Ildo horretan, Ormaetxeak adierazi duenez, hainbat izan dira hurrengo urtean berdin mantenduko diren tasak: Bermibus, udal liburutegiko zerbitzuak, argitalpenen salmenta, agiriak ematea, udal azokako postuak, ezkontzak… “Aipatutako horiek guztiek ez dute KPIren igoera ere izango”, argitu du. 

Bestalde, adierazi duenez, etxebizitzetako sastar batze zerbitzuaren tasari dagokionez, hiru hilabetegatik ordainduko den tasa 17 eurotik 20 eurora pasako da, euro bat gehiago hilean, hain zuzen ere. Urteko sastar batze zerbitzuagatik 80 euro ordainduko dituzte etxebizitzek. 

“Hala ere, gure biztanle kopuru antzekoa duten herriekin alderatuz, gure sastar batze zerbitzu tasa txikiagoa da; izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera, gure antzeko herriek batezbeste urtero 96,50 euro ordaintzen dute,  eta Bizkaian 91,33 euro urtero da tasaren batezbestekoa”, adierazi du. 

Tokiko merkataritza sustatzen 

Ormaetxeak azaldu duenez, “herriko merkatarien egoera aztertu ondoren eta azken urteetan krisi egoera bat pairatu dutela kontuan hartuta, tokiko merkataritza laguntzeko helburuarekin, tasetan ere hainbat neurri hartu ditugu eta hainbat tasa jaistea erabaki dugu”.

Horrela, fruta-dendei, haragitegiei, arraintegiei eta janari-denda txikiei  sastar batze zerbitzuaren tasa jaitsiko zaie eta hiru hilabetekoa 81 euro ordaintzetik 71 eurora pasako dira, hau da, 10 euro gutxiago. 

Gainerako komertzioei dagokienez, 100 metro karratu baino gutxiagoko denden kasuan, sastar batze zerbitzuaren tasa jaitsi egingo da baita ere; izan ere, orain hiruhilabetekoa 70 euro ordaintzen dute eta tasa berriekin 60 eurora jaitsiko da, hau da, 10 euro gutxiago kasu honetan ere. 

Aldiz, supermerkatu handien kasuan, sastar batze zerbitzuei dagokienez, %10eko igoera izango dute. 

Animaliak edukitzeko eta babesteko tasen kasuan, txakur arriskutsuentzat eskatu beharreko lehenengo lizentzia eta txartela 45 eurora igoko da, orain arte 37,03 baitzen.  Gainerako tasek KPIren igoera izango dute, hau da, %2,2ko igoera. 

Bestalde, Ogasun zinegotziak adierazi duenez, autokitapena ezarri da hainbat tasa ordaintzeko tramiteak errazteko. Horrela, hainbat tasa zuzenean ordainduko dira Berhaz bulegoan. 

Ormaetxeak adierazi duenez, “ordenantza fiskalak, zergak eta tasak aztertzea beharrezkoa da zerbitzu publiko eraginkorrak eduki ahal izateko, eta lan hori egiterakoan beti herritarren, merkatarien eta enpresen egoera kontuan hartzen ahalegintzen gara”. 

24 / 10 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0