Albisteak

Albistea

"Miñe Lamiñe", Jaioberrien Liburuaren aurkezpena, kontzertua eta beste ekimen asko Euskararen Nazioarteko eguna dela eta.

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, hainbat ekintza izango dira Bermeon euskararen inguruko eragilek antolatuta.

Azaroko azken asteburua ekintzaz beteta izango dugu, hasteko, musika, izan ere, azaroaren 27an, gaueko 21:00etan, Mikel Urdangarinen soinuagaz belarriak gozatzeko aukera izango dute Nestor Basterretxea aretora hurreratzen direnek.

Eta hurrengo egunean, azaroaren 28an, zapatuz, 11:00ak eta 14:00ak bitarte Kafe Antzokia miñe lamiñakaz beteko da, urtero lez, herritarrakaz eta euskararen alorrean lanean ari direnakaz mahaiaren bueltan mokadutxoa jaten dugun bitartean berba egiteko. Aurten prestatu duguna ez da makala izango, 1.000 arrazoi bizitzeko, horren bila arituko gara, parte hartzaileen arrazoiak zein diren partekatuko ditugu eta askoz ere gauza gehiago.

Miñe lamiñe ekitaldia aukera paregabea da urte osoan egindako lanen inguruan aritzeko eta datorren urteari begira jartzeko, hain zuzen ere, euskararen erabileraren inguruko dinamika berria eta indartsua abian jarri nahi delako. Gainera, Euskararen Aholku Batzordea datorren urtean indarberritu gura denez, bertaratzen direnek izena eman ahal izango dute bertako partaide izateko.

Amaieran, ohi denez, Bermeon egiten den kulturaren erakusgarria izango da ikusgai, Euskara Sailaren asmoa dalako urtero sortzaileren bati lekua ematea ekitaldi honetan.

2014ko jaioberrien liburua

 Asteburu mamitsuari amaiera emateko, Bermeon 2014. urtean jaio direnen liburua aurkezteko jaia izango da Kafe Antzokian. Jaioberrien familia guztiak gonbidatuta daude eguerdiko 12:00etatik aurrera Patxin eta Potxin pailazoek girotuko duten jaira eta liburua jasoko dute alkatearen eta euskara zinegotziaren eskutik.

 Ekimen honen bitartez, 2002 urteaz geroztik Bermeon jaio diren ume guztiei bertso-papera egiten zaie eta oraingoan, 2014an jaio diren 155 umeek eta euren familiek, bertsolariek beren-beregi egindako bertsoa etxean jaso ostean, liburua ere izango dute.

 Liburuan jasotzen dira ume bakoitzaren izen-abizenak, jaiotze-data, bertso-papera eta argazkia. Bertsoaren azpian, berriz, bertsoa kantatzeko doinua.

  ‘Ikastetxeetako ekintzak’

Udala ez da antolatzaile bakarra, ekitaldi asko ikastetxeen eskutik etorriko dira. Hasteko, Ikastolak azaroaren 29an eroango du jaia herrira, kalejiragaz hasiko dira jaioberrien jaiaren ostean, Goiko Plazatik Lamerara eta han, jai giroak jarraipena izango du eguerdi osoan.

 Eta abenduaren 3ra arte, aste osoan izango dute segida ospakizunek Bermeoko lau ikastetxeetan (institutuan, Ikastola, Sagrado Corazón ikastetxean eta Herri ikastetxean), adin eta gustu guztietarako ekintza sorta zabala antolatu dute euskararen eguna ospatzeko: irrati saioak, musika, abestiak, bertsolaritza, irrintzi ikastaroa, dantza, mural erraldoia, era askotako jolasak, euskaraokea, euskara mundura, pelikulak, txokolate jana, talo jana… Ikastetxe bakoitzak bere egitaraua osotu du euskarari atxikimendua erakusteko.

 Eta Kalinpan lagun izango dute, ez du hutsik egingo eta ikastetxez ikastetxe ibiliko da egun osoan.

 Euskeraz Berbetan elkarteak mahai ingurua antolatu du

Euskeraz Berbetan elkarteak “Euskera, berdintasuna eta kirola” mahai ingurua antolatu du eta horretarako, Bermeoko hainbat kirol elkarteetako kide eta eragile gonbidatu ditu, futbol taldeagaz batera futbola oinarritik euskaraz egitasmoa lantzen ari den Koikili Lertxundik koordinaturik, eskubaloiko jokalari eta entrenatzaileak, arraun taldeko entrenatzaileak, pilota elkarteko guraso bat, gimnastika elkarteko monitorea eta udal ordezkariak izango dira Nestor Basterretxea aretoan 20:00etatik aurrera. Guztien artean Ramon Basalduak egindako galderei erantzungo diete eta Bermeon kirol arloan euskarak duen egoera, egiten ari den lana eta egoera hori hobetzeko bideak jorratuko dituzte, bai eta generoen arteko berdintasun handiagoa lortzeko ere.

Euskaraz bizi nahi dut ekimena

Bestalde, Euskararen erakundeen Kontseiluak Euskal Herri osoan prestatzen duen ekintzekin bat eginez, abenduaren 5ean Lameran ekintza ugari izango dira, mendi martxarekin hasiko dira goizean goiz eta eguerdiko 12:00etatik aurrera umeen jolasak, gaztetxo eta familientzako pista-jokoa, zumba saioa, bertsolariak, irrintzilariak… hori dena eta gehiago udalerriko hainbat elkartek eta euskaltzalek antolatuta.

 Bistan denez, egitarau zabala eta oparoa antolatu da aurtengo Euskara Eguna ospatzeko Bermeon. Eta euskararen egunak urteko denak diren arren, egun horrek, bereziki, urte osoan egindako lana bistaratzeko eta euskararekiko dugun konpromisoa berresteko balio behar digu. Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu ekitaldietan parte hartu eta euskara sendotzeko elkarlanean jarrai dezaten. 

17 / 11 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0