Albistea
Bermeoko Eskolarteko XI. Olinpiada egingo da ekainaren 6an, zapatuan, Talan, 10:00etatik 12:00etara. Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Taraska Atletismo Taldeak antolatutako kirol ekintza hori lehen hezkuntzako ikasle guztiei zuzenduta dago, hau da, sei eta hamabi urte bitartekoei. Euskararen erabilera handitzea helburu duen Kalinpan maskota ere olinpiadetan egongo da.
Kirol ekintza honen barne atletismoko proba ezberdinak egin ahal izango dira, hala nola, pisu jaurtiketa, disko jaurtiketa, altuera jauziak eta luzera jauziak. Horiez gain, kross lasterketa ere egingo da, 600 metroko ibilbideari bira, hain zuzen ere. Dena den, metro kopurua ezberdina izango da adinaren arabera.
Kirol horiek egiteko lau gune antolatuko dira. Lehenengo gunean jaurtiketak egingo dira eta horretan LH 1 eta 2ko haurrek parte hartu ahal izango dute. Bigarrenean, LH3 eta 4ko umeek altuera jauziak egin ahal izango dituzte, eta hirugarrenean LH5 eta 6ko ikasleek luzera jauziak egiteko aukera izango dute. Azkenez, laugarren gunean krossa egingo da eta hemen ume guztiek parte har dezakete.
Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak adierazi duenez, ume bakoitzak bere ikastetxean eman behar du izena. Olinpiaden bukaeran ume bakoitzari domina bat, kamiseta bat eta ur botila bat emango zaio.
Urtero ehun umek baino gehiagok parte hartzen dute Bermeoko Eskolarteko olinpiadetan. Horrela, Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak 6 eta 12 urte bitarteko ume guztiak animatu ditu Bermeoko Eskolarteko XI. Olinpiadetan parte hartzera.
010 (94 617 91 00)