Albisteak

Albistea

Bermeoko Herri Babesak boluntario berriak bilatzeko kanpaina abiarazi du

 

Boluntarioez osatutako Bermeoko Herri Babesak 30 urte darama lanean eta urte hauetan herrian gertatutako egoera larri askori- suteak, uholdeak, elurra, errepideetan arazo ezberdinak,…- aurre egiteko gogor lan egin du. Euren lana ezinbestekoa da Bermeoko herriarentzat eta horregatik momentu honetan bost boluntario dituen talde honentzat beharrezkoa bolondres berriak izatea. Horrela, boluntario berriak bilatzeko kanpaina abiarazi du. 

Kanpaina horren berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan Jon Ojangurenek, Herri Babesako koordinatzaileak, Mikel Bilbao eta Ander Oleaga Herri Babesako kideek, eta Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateorde eta Zerbitzuetako zinegotziak. Bertan azaldu dutenez, Herri Babesak momentu honetan bost boluntario ditu, “baina beharrezkoa da jende berria taldean, izan be, asko dira bolondres talde honek egiten dituen lanak eta talde trinko bat osatzea dute helburu”. 

Ildo honetan, Oleagak azaldu duenez, besteak beste, “suhiltzaile boluntarioak gara Bermeok ez duelako suhiltzaile-talderik herrian; herriko ekimen guztietan (jai, kirol, kultur ekimenak…) parte hartzen dugu segurtasuna eta prebentzioa bermatuz; bai Bermeon zein inguruko herrietan jende asko bilduko dituen ekimenetan segurtasun arloko aholkularitza eskaintzen dugu; eta uholde eta elurrak daudenean ere egoera hauek aurre egiteko eta arriskuak ekiditzeko lan egiten dugu”. 

“Lan hauek eta beste asko egiteko suhiltzaileen kamioi bat dugu, bi lur orotarako ibilgailu, erremolkea, motozerrak, ura ateratzeko bonbak, eskalatzeko materiala, autobonbak, Atalden bi lokal…”, azaldu du. 

Horrez gain,  boluntarioei formazioa eskaintzen zaiela adierazi dute Herri Babesako kideek. “Boluntario moduan datozenek sute, uholde… eta horrelakoetan nola jardun behar den erakusten da, nola jardun salbamendu txakurrekin, eskalada edo biktimak nola atendidu, baita ere erreka, zuhaitzen mozketa… eta beste gai askoren inguruko formazioa eskaintzen da”, esan dute.

“Hortaz, bolondresek gai ezberdinei buruzko formazioa jaso ahal izango dute”, gaineratu dute. Esate baterako, maiatzaren 9a baino lehenago boluntario egiten direnek suteak itzaltzeko oinarrizko ikastaroa jaso ahal izango dute Ordiziako Sueskolan. 

Herri Babeseko boluntarioa izateko bi baldintza bakarrik bete behar dira: 18 urtetik gora izatea eta Bermeon bizitzea. “Herri Babesak egiten duen lana oso garrantzitsua eta interesgarria da, horregatik gogoa duten herritar guztiei Herri Babesako parte izatera animatzen diegu, izan ere, gure herriaren alde lan egiteko aukera paregabea eskaintzen du talde honek”, esan du Ibarrolazak. “Polita izango litzateke lagun koadrilak ere izena ematea boluntario izateko”, gaineratu du. 

Bermeoko alkateordeak gogoratu duenez, Bermeoko Herri Babesak 2013. urtean XVII. Hegaluze Saria jaso zuen “herriaren alde lan boluntarioa eta isila egiteagatik”. Epaimahaiak adierazi zuenez, “Herri Babesa beti egon da presente herriak behar izan duenean, herriari laguntzen eta bere alde lan egiten. Eredu bat dira Bermeo eta bermeotarrentzat”. 

Ojangurenek, Bilbaok eta Oleagak boluntarioa izatea esperientzia oso “aberasgarria” dela nabarmendu dute. “Garrantzitsua da denok herriaren alde lan egitea herri hobeago bat izateko eta hori posible da”, esan dute. “Gainera adiskidetasuna, lan taldeko lana eta hainbat arlotan formazioa eta esperientzia handia hartzeko bide bat ere bada”, gaineratu dute. 

Ibarrolazak eta Herri Babesako kideek herritarrak animatu dituzte Herri Babesako boluntario izatera “gauza asko ikasteko, herriaren alde lan egiteko eta esperientzia guztiz positiboak bizitzeko aukera izango dute animatzen diren pertsonek”. Hortaz, interesa duten herritarrek Berhaz bulegoan (Ertzilla 6-8)  eman behar dute izena.  

 

22 / 04 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0