Albisteak

Albistea

Talako Txirritxa kaleko aparkalekuaren segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko ditu Bermeoko Udalak

Lan horiek egitea Bermeoko Udal Gobernuak (EH Bildu) eta EAJ-PNV udal taldeak Ondasun Higiezinen Gaineko (OHG) zergaren tipoa onartzerakoan adostutako akordio bat da

 

 

Talako Txirritxa kaleko aparkalekuaren segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko ditu Bermeoko Udalak hurrengo astean. Lan horien berri eman dute gaur prentsaurrekoan Irune Ormaetxeak, Bermeoko Urigintza zinegotziak, eta Aritz Abaroak, EAJ-PNV udal taldeko bozeramaleak; izan ere, lan horiek egitea Udal Gobernuak (EH Bildu) eta EAJ-PNV udal taldeak Ondasun Higiezinen Gaineko (OHG) zergaren tipoa onartzerakoan adostutako akordio bat da. 

Talako Txirritxa kaleko aparkalekuaren lanei dagokienez, esku-hartzearen helburua da gaur egun dagoen aparkalekuaren egoera hobetzea, batez ere segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko helburuarekin. Hori lortzeko, egun dagoen espaloia luzatuko da, eta, horrez gain, argiteria hobetuko da. Horretarako, kale-argi berria jartzea aurreikusten da. Aipatutako lanak hurrengo astean hasiko dira eta sei aste irautea aurreikusten da. 

Lan horiez gain, eta Udal Gobernuak eta EAJ-PNVk onartutako akordioaren barne, Talan irisgarritasuna bermatzeko lan gehiago egin dira. Horrela, urtarrilean  Talako Andra Mari kalean, espaloi berri bat eraikitzeko lanak hasi ziren, telefono kabina dagoen tokitik eta Tonpoirako bidean, hain zuzen ere, Talako beheko kalera doan bide horretan irisgarritasuna hobetu ahal izateko. 

Espaloi horrek bi metroko zabalera eta hormaren kontra ezarri da. Espaloia jarri ondoren, toki horretan irisgarritasuna bermatzeko beste ekintza osagarri batzuk egin dira, besteak beste, Talako Andra Mari kaleko behe aldean dauden eskailera zaharren ordez, eskailera berriak eraiki, hain zuzen ere. 

Ildo berean, baranda berria jarri da,  zebrabide irisgarria egin da, espaloi berritik beste aldeko espaloira pasatzen dena, alegia; eta jaitsiera horretan argiteria hobetu da. Horrez gain, euri urak batzeko sistema egin diren lanetara egokitu da, eta Talako Andra Mari kaleko behe aldean errepidea zabaldu da biraketa gunea egoera berriari egokitzeko. 

Lan horien guztien kostua 106.389 euro izan da. Ormaetxeak adierazi duenez, “lan  horiek herritarren eta bereziki Talako bizilagunen bizi kalitatea hobetzen lagunduko dute, izan ere, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuko dituzte eta hori gure lehentasuna da”, adierazi du Ormaetxeak.  

Abaroa zinegotzi jeltzaleak honakoa adierazi du: “argi geratu da lortutako akordioak oso positiboak direla herriarentzat eta bermeotarrontzat. Holan ba, akordu honekin hemendik aurrera be lanean segituko dugu Zarragoitxi, Itsasbegi eta Iparragirre auzoetarako mahaigainean ipini ditugun konpromisoak gauzatzeko eta herritarrei emandako berba betetzeko”.

 

 

 

09 / 11 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0