Albisteak

Albistea

Bermeok Gabonetan girotutako azoka hartuko du abenduaren 8tik 11ra bitartean

-25 postu baino gehiago elkartuko dira Frantziskotarren komentuaren aurreko aldean eta Erreten Lameraren artean eta, gainera, pertsonaia mitologikoak izango ditugu azokari giroa jartzen

-Gainera, herriari buelta emango dion trena eta Erreten Lameran jarriko diren noria eta karrusel ekologikoa egongo dira, besteak beste

Bermeon, 2022ko abenduaren 1ean.- Bermeok 2022ko Gabonei ongi etorria emango die abenduaren 8tik aurrera. Izan ere, egun horretatik abenduaren 11ra bitartean Gabonetan girotutako azoka antolatu du Bermeoko Udalak. Azoka honek denetarik izango du: 25 postu baino gehiago, herriari buelta emango dion trena, Erreten Lameran jarriko diren noria eta karrusel ekologikoa, pertsonaia mitologikoak… eta askoz ere gehiago!

“Irailean egin genuen Elkano Feriaren arrakasta ikusita garbi genuen Gabonei begira beste azoka bat antolatu nahi genuela. Hori horrela, abenduko zubian egitea pentsatu dugu, herritik aterako ez diren bermeotarrek disfrutatzeko. Noski, inguruko herrietakoak ere, beti bezala, ongi etorriak izango dira. Janari postuez gain, ardo beroaz disfrutatzeko aukera izango dugu eta, gainera, herriari buelta emango dion trena ere izango dugu, karruselaz eta noriaz gain. Baina azoka honek berezitasun bat izango du: pertsonaia mitologikoak eta postuen artean egongo diren Gabonetako panpinak ikusi ahal izango ditugu. Seguru gaude etxeko txikiek eta nagusiek asko disfrutatuko dutela elkarrekin. Adin tarte ezberdinei bideratutako azoka izango da hau”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak.

25 postu baino gehiago jarriko dira Frantziskotarren komentuaren inguruan. Besteak beste, gazta, pastelak, infusioak, turroiak, txokolateak, eztia, ardo beroa… salduko duten postuak egongo dira, baina baita umeen jolasak, dekoraziorako produktuak edota Gabonetako zuhaitzak salduko dituztenak ere. Esan bezala, umeentzako ekintza ugari egingo dira. Lameratik tren bat aterako da herritik bueltaka ibiliko dena eta Erreten Lameran noria eta karrusel ekologikoa jarriko dira. Azken honek bere funtzionamendurako ez du argindarrik behar. Izan ere, pedalen bidezko sistema bat erabiliko du. Azokak bere ateak 11:00etan irekiko ditu abenduaren 8, 9, 10 eta 11an.

Esan bezala, gabonetan girotutako azoka honek pertsonaia mitologiko asko elkartuko ditu. Besteak beste, Mari, Lamia, Basajauna, Sorgina, Galtzagorria, etab. Gainera, postuen inguruan ere Gabonetako panpinak ikusi ahal izango ditugu.

01 / 12 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0