Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Infobehargintza informazio zerbitzu berria jarri du martxan

-Zerbitzu honen helburua da Udalak kaleratzen dituen kontratuen gainean informazioa ematea eta herriko enpresei deialdi hauetara aurkezteko laguntza eskaintzea

Bermeon, 2022ko maiatzaren 18an.-  Bermeoko Udalak herriko enpresei bideratutako zerbitzu berria jarri du martxan: Infobehargintza. Zerbitzu honen helburua da Udalak kaleratzen dituen kontratuen gainean informazioa ematea eta herriko enpresei deialdi hauetara aurkezteko laguntza eskaintzea. Ekimen berri hau aurkezteko gaur eta bihar hainbat bilera egingo dira.

“Sarritan herriko enpresa txiki eta ertainek arazoak izaten dituzte Udalak kaleratzen dituen kontratu deialdietara aurkezteko. Zalantzak sortzen zaizkie eta prozesu horretan laguntza behar dute. Bada, zerbitzu berri hau behar horri erantzuteko sortu da, hain zuzen ere. Gure helburu estrategikoetako bat da administrazio hurbila izatea eta, zentzu horretan, legea zorrotz betez, herriko enpresekin lan egin nahi dugu.  Ekimen honek hori ahalbidetzen lagunduko du”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Udalak urtero kontratazio plangintza aurkeztu eta onartzen du hainbat zerbitzu aurrera eramateko. Adibidez: inprenta lanak, gabonetako argiak, hainbat garbiketa lan, makinaria konponketak eta mantenuak… Administrazioak kontratuak bideratzeko legedi zorrotza bete behar du, kontratuak modu publiko eta irekian tramitatuz, eta hori kontuan izanik herriko enpresak kontratu hauetara aurkezteko aukera, gaitasuna eta laguntza izatea da udalaren helburua.

2022rako, kontratazio plangintzan, hainbat kontratu daude aurreikusita. Kontratazio berri bat argitaratzen denean Bermeoko Udalak sortu berri duen infobehargintza@bermeo.eus helbidetik  xedearekin lotura eta interesa izan dezaketen herriko enpresei bidaliko die zabalduko den kontratuaren informazioa:

-          Kontratazioaren xedea

-          Kontratazioaren epeak

-          Kontratazioaren esteka

-          Sail arduraduna

-          Saileko kontaktua

Bestalde, Udalak, enpresei sortu ahal zaizkien zalantzak argitzeko, informazio eskaintzeko saioak prestatu ditu herriko enpresentzat: alde batetik kudeaketa administratibo arlokoak (hiztegi berezia, prozedura administratiboa…), eta bestetik, informatika arlokoak (sinadura elektronikoaren erabilera, adibidez). Zerbitzu honen gaineko zalantzarik izanez gero Behargintzako telefonoa izango da komunikatzeko modua. 94 617 91 90.

Infobehargintza zerbitzuak, Udaleko kontratazioaren gaineko informazioa emateaz gain, enpresekin harremanetan jartzeko aukera eskainiko du. Udalak erraminta hau erabiliko du, buletin baten bidez interesgarria izan daitekeen bestelako informazioa ere bideratzeko:

-          Udaleko eta beste erakundeko dirulaguntzak

-          Ekimen interesgarriak

Berrikuntza, digitalizazio proiektu berriak…

18 / 05 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0