Albisteak

Albistea

Mindfulness, funky eta nagusien gimnasia talde berria 2017-2018ko kirol egitarauaren berrikuntzak

Jadanik 600 pertsonek izena eman dute ikastaroetan eta gelditzen diren plazak betetzeko izena ematea irailaren 20an irekiko da

 

Bermeoko Udal Kirol Patronatuaren ikasturte honetako kirol egitarauak hainbat  berrikuntza aurkezten ditu; izan ere, aurten Mindfulness tailerra eta funky  ikastaroa eskainiko dira eta nagusien gimnasia talde berri bat gehiago  eratuko da. Jadanik 600 pertsonek izena eman dute eta gelditzen diren plazak betetzeko izena emateko epea irailaren 20an, eguaztenean, irekiko da. 

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Kirol zinegotziak, urriaren 1ean martxan jarriko den kirol egitarauaren berri eman du, eta, adierazi duenez, kirola egiteko eskaintza zabala eskainiko du Udal Kirol Patronatuak;  alde batetik,  lurreko eta, bestalde, uretako egitarauak, eskaintzen baititu. 

Lurreko egitarauaren kasuan, aurten honako ikastaroak eskainiko ditu Bermeoko Udal Kirol Patronatuak: pilates, 3. adinekoentzat gimnasia, karate (umeak/ gazteak/ helduak), gimnasia erritmikoa, boxeo-kickboxing, gaztebox eta hipopresiboak. Horrez gain, Nordic Walking irteereak eta berriak diren mindfulness tailerra eta funky dance ikastaroa eskainiko dira. 

3. adinekoentzat gimnasiaren kasuan, aurten hiru talde eratuko dira, iaz baino bat gehiago. Ormaetxeak gogoratu duenez, Bermeon jarduera fisikoa sustatzeko plan bat egin dute Bermeoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak elkarlanean, eta horren barne nagusiei zuzendutako tailerrak egin ziren maiatzean. “Tailer horietan hartutako konpromisoa izan zen 3. adinekoei zuzendutako gimnasia talde gehiago eratzea eta horrela egin dugu; izan ere, aurten talde bat gehiago egongo da, hau da, 25 plaza gehiago eskainiko dira”, azpimarratu du. 

Mindfulness eta funky 

Ildo berean, azpimarratu duenez, aurten hainbat nobedade izango ditugu lurreko egitarauan. Alde batetik, mindfulness tailerra eskainiko da. Hiru saioko tailerra izango da, urritik abendura (urriak 7, azaroak 4 eta abenduak 2), goizeko 11:00etan Araneko kiroldegian. 

Bestalde, gazteei zuzendutako street dance funky ikastaroa izango da beste berrikuntza bat. 12 urtetik gorakoentzat zuzenduta dago eta Ainhoa Astui izango da monitorea. Zapatuetan izango da goizeko 10:00etan Araneko kiroldegian. 

Uretako egitarauari dagokionez, Ormaetxeak azaldu duenez,  helduen igeriketa, igeriketa terapeutikoa, akuagym, akua gazte eta eskola lehiaketa eskainiko dira. Horrez gain, iaz bezala trabesiak egiteko teknika lantzeko ikastaroa eskainiko da eta Stand Up Paddle egiteko aukera ere izango dute nahi duten pertsonek irailaren 23an eta 30ean, 10:00etatik 11:30era.

Igeriketa terapeutikoari dagokionez,  esan duenez, “jarduera horrekin bizkar osasuntsua lortzea dugu helburu”. “Bizkar-arazo gehienak gorputzaren mekanika txarraren, gehiegizko tentsioaren, jarrera txarren eta galdutako malgutasunaren ondorioak dira. Igeriketa terapeutikoak gorputzaren jarrera eta mugimenduaren heziketa, indarra eta malgutasuna hobetzea du helburu,  mina arintzeko edota eguneroko jarduera era egokian egiteko jarraibide gisa”, azaldu du Ormaetxeak.

Igeriketa eskolari dagokionez, Kirol zinegotziak azaldu duenez, igeriketa eskola 3 urtetik aurrera duten umeei zuzenduta dago. Adinaren arabera hasieran lau talde daude: Akuateka 3, Akuateka 4, Akuateka 5 eta Akuateka 6. Ondoren, igela, itsas zaldia, estiloak 1 eta estiloak 2 ikastaroak daude. 

Adinaren arabera 30 ala 40 minutuko saioak izango dituzte. Igeriketa eskolan amaitu ondoren bi aukera egongo dira:  Akua Gazte (estiloak 2 amaitu ondoren, uger egiten jarraitu nahi duenarentzat lehiaketarik gabe) eta Eskola lehiaketa. Azken horretan, Eskola Kiroleko lehiaketetan parte hartzeko prestaketa berezia egingo dute. 

Bestalde, irailaren 23tik 30era Kirolaren Europako Astea izango da ‘#BeActive’ leloarekin. Ekimen horrek kirola bultzatu nahi du Europa guztian, bere onurak asko direla jakinaraziz. Bermeoko Udal kirol patronatuak bat egiten du helburuekin eta horregatik jarduera osasuntsuak eta erakargarriak egiteko aukera eskaintzen ditu. Horrela, aste horretan, besteak beste, Nordic Walking ibilbidea (irailak 30) eta SUP (irailak 23 eta 30) egiteko aukera eskainiko du. 

 

18 / 09 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0