Albistea
-Bermeoko Udaltzaingoak, irailaren 7tik 18ra bitartean, 842 esku-hartze izan ditu
-“Herritarren gehiengoak oso ondo erantzun du eta indarrean dauden neurriak errespetatu dituzte”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak
Bermeon, 2021eko irailaren 23an.- Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta herriko udaltzainburu Aritz Floresek Andra Mari eta Santa Eufemia jaien segurtasun dispositiboaren balorazioa eskaini dute gaur goizean. “Egia da portaera ez solidario, kezkagarri eta salagarriak ikusi ditugula egunotan eta horiek direla, tamalez, agerikotasun handiena izan dutenak baina, oro har, bermeotarren jarrera oso ona izan da. Jaiegunak dira, guretzat oso bereziak, baina herritarren gehiengoak oso ondo erantzun du eta indarrean dauden neurriak errespetatu dituzte. Eskerrak eman nahi dizkiet izan duten jarrerarengatik”, esan du Aritz Abaroak.
Abaroak esan duenez, “aurretik landu dugun dispositiboak emaitza onak eman ditu. Dispositibo honek lau esparruren gainean jartzen zuen fokoa: adin txikikoei alkoholik ez saltzea, gazteen lokalak, legeak markatu bezala, itxita mantentzea, ostalaritzan indarrean zegoen araudia betetzen zela egiaztatzea eta botiloiak ekiditea. Lau esparru hauetan, gainera, bi gauza landu ditugu: prebentzio lana eta egun berezi hauetan zehar esku-hartzeak aurrera eramatea”.
Dispositiboaren berri Bermeoko Udaltzainburu Aritz Floresek eman du: “dispositibo osoa lau oinarritan sostengatu da: prebentzioa, gertutasuna, langileen segurtasuna eta proportzionaltasuna. Udaltzaingoak eta baita Ertzaintzak ere bere pertsonala bikoiztu dute egunotan neurri hauek guztiak aurrera eraman ahal izateko. Udaltzaingoa, kontrolekin hasi aurretik, herriko supermerkatu edo elikagai dendetara gerturatu da arduradunekin eta langileekin hitz egiteko. Elkarrizketa hauetan gogorarazi zaie adin gabekoei alkoholdun edariak saltzea erabat debekatuta dagoela. Bestalde, gazte lokalen erabilera debekatuta dagoenez, egun hauetan lokal hauek hutsik daudela egiaztatu da eta kasuren bat egon denean, isuna jarri da”.
Eta gehitu du: “herriko ostalaritza establezimendu guztietara hurbildu gara indarrean zegoen araudia zein zen azaltzera eta izan zitzaketen zalantzak argitzera. Gainera, irailaren 18an araudia aldatu zenez, 17an bertan neurri berriak zeintzuk ziren azaldu genituen. Gauez ere arauak betetzen zirela kontrolatzeko, kalekoz jantzitako patruilak ibili dira. Horrez gain, Lamera eta portua jende gehien batzen den gune modura identifikatuta dugunez, oinezko patruilak areagotu dira egunotan. Ostalaritzari dagokionez, orokorrean herriko establezimenduen jarrera ona izan da eta ondo bete dituzte neurriak, hala ere, lokal jakin batzuk edukiera eta zaraten mugak ez betetzearren salatuak izan dira. Orain espediente hauek guztiak aztertu egingo dira eta dagozkion neurriak hartuko ditu Udalak.
Azkenik, botiloiak ekidite aldera, gazteen artean alkoholaren salmenta ekiditeaz gain, arratsaldetik aurrera, bereziki gauean, patruila prebentiboak egin dira botiloi puntu ezagunetan: Pergolako aparkalekua, Tala, Almika, Atxetak… Hainbat botiloi desegin dira egunotan herrian zehar, bertako parte hartzaileak identifikatu eta isunduz, adin gabekoei alkoholdun edariak dekomisatu zaizkie eta bizikidetza asaldatu duten hainbat pertsona salatu dira, besteak beste. Bestalde, irailaren 8, 10 eta 12 goizetan udaltzainen presentzia eskatu da Talan Zerbitzu saileko garbiketako langileengatik, irainduak izan direlako bertan jarraitzen zuten pertsonen aldetik”.
Orokorrean, lau esparru hauen gaineko “balorazio orokorra ona da. Noski, Udaltzaingoak, aurreikusi bezala, beste hainbat esku-hartze ere artatu ditu. Guztira, Udaltzaingoak, irailaren 7tik 18ra bitartean, 842 esku-hartze izan ditu”, azaldu du Bermeoko Udaltzainburu Aritz Floresek.
Talako botiloiak eta hondakinak
Alkateak Talan jasotako botiloiak eta hango irudiek sortu duten egonezin eta gaitzespena ikusita aipamen berezia egin die gertakari hauei. Lehenik eta behin jarrera inzibiko eta kezkagarri horiek gogor gaitzetsi behar direla berretsi nahi izan du eta han egon diren guztiei gertatutakoaz hausnarketa bat egin dezatela eskatu die. “Trago batzuk edatearren beraien osasuna, maite duten pertsonena eta pandemia honetan asko eta asko sufritu duten herritarrena arriskuan jarri dute. Hori gutxi balitz, gure herriko ingurune natural bat zikinkeriaz bete dute, eta denona den eta bermeotar guztiok ordaindu beharko dugun ondarea apurtu. Gainera inguruko auzokideen bizikidetza aztoratzeaz gain, garbitasun eta segurtasun langileei ere eraso egin diete zenbaitzuk. Noraino helduko gara?”.
Bereziki gertakari hauek irailaren 9an eta 11an jaso ziren eta han bildutako jendetza ikusirik, egoera ebaluatu behar izan zuten polizia arduradunek. Jende pilaketa hura desegiteko ahaleginak sortu ditzakeen ondorio eta arriskuak baloratu ostean, poliziako adituak gunearen perimetroa kontrolatzea ebatzi zuten. Kontrol horiei esker botiloia beste gune batzuetara zabaltzea ekidin zen eta zenbait pertsona ere salatu ziren alkoholaren eraginpean gidatzearren, besteak beste.
Hala ere, Abaroak azpimarratu du egun hauetarako udalak bere garbiketa zerbitzua indartuta eduki duela horrelako zorigaiztoko gertakarien aurrean guneak ahalik eta arinen txukundu ahal izateko eta bermeotarrek herriko espazioez disfrutatu ahal izateko.
“Nahiz eta gertakari salagarriak izan ditugun, herritar gehienen portaera eredugarria izan da. Baita, ostalaritza establezimendu gehien-gehienena ere. Benetan eskerrak eman nahi dizkiet bermeotar guztiei. Noski, baita herriko segurtasun eta garbitasun zerbitzuei ere. Guztiek lan eskerga egin duzue herriaren mesedetan”, bukatu du Bermeoko alkate Abaroak.
010 (94 617 91 00)