Albistea
-Besteak beste, hitzaldiak, proiekzioak, kontzertuak… egingo dira
Bermeon, 2022ko martxoaren 4an.- Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta, hau dela eta, Bermeoko Udalak eta herriko zenbait eragilek hainbat ekintza antolatuko dituzte hilabete osoan zehar. Besteak beste, bermeotarrek, hitzaldiez, proiekzioez, kontzertuez, umeentzako ipuinez… gozatu ahal izango dute. Gainera, Bermeoko Udalak bat egingo du herrian egingo diren mobilizazioekin eta herritarrak hauetan parte hartzera gonbidatzen ditu.
“Andrazkoen Egunaren testuinguruan hainbat ekintza programatu dira Bermeon hilabete osoan zehar. Eskerrak eman nahiko nizkieke programa oparo hau posible egin duten langile eta eragile guztiei. Berdintasunaren arloan asko dago oraingoz egiteko eta honelako egunek hori guztia agerian jarri nahi dute. Aurten gure asmoa Andrazkoen Eguna martxoaren 8tik haratago eroatea eta zabaltzea izan da horretarako ekintzak hilabete osoan zehar antolatuz”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Martxoaren 8an, Bermeoko Udalak adierazpen instituzionala kaleratuko du, Udalean ordezkaritza duten taldeek aho batez onartutakoa. Gainera, egun berean, Bermeoko Musika Eskolako flauta ikasleek ‘Emakumeak haizetan’ kontzertua eskainiko dute Arrantzaleen Museoan. Emanaldia 19:00etan hasiko da eta sarrera librea izango da aretoa bete arte. Halaber, egun horretan bertan ere, 19:00etatik aurrera, ‘Andrazko zineen zikloa’-ri hasiera emango zaio ‘Itsasoan Gaittun’ dokumentalarekin. Proiekzio berezi honen antolatzaileak dira Gaittun Elkartea, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bermeoko Udala dira.
Martxoaren 11an, Zugameren eskutik, etxeko txikienek ‘Berdintasun ipuinak’ ekimenarekin gozatu ahal izango dute Udal Liburutegian. Lehen txanda 17:30etik 18:00etara egingo da eta 3 eta 4 urteko umeei zuzenduta egongo da. Bigarrena, aldiz, 18:00etatik 18:30era egingo da eta 5 eta 8 urte bitarteko umeek parte hartu ahal izango dute. Sarrera librea izango da eta liburutegian aurretik izena eman beharko da. Saio bakoitzean 25 ume sartuko dira gehienez.
Martxoaren 17an, 17:30etatik aurrera, hitzaldia izango dugu Arrantzaleen Museoan Emaginen eskutik: "Bizitza duinak erdigunean: zaintza lanak agiritan". Hemen ere sarrera librea izango da aretoa bete arte.
Azkenik, beste hiru proiekzio eskainiko dira Nestor Basterretxea aretoan egingo den ‘Andrazko zineen zikloa’-ren barruan.
- Martxoaren 17an, 19:00etan, ‘Chavalas’
- Martxoaren 24an, 19:00etan, ‘Miss Marx’
- Martxoaren 31an, 19:00etan, ‘La peor persona del mundo’
010 (94 617 91 00)