Albistea
22.957 pertsona pasa dira Bermeoko Turismo Bulegotik ekainetik irailera, iaz epe honetan baino %21,58 gehiago eta azken 16 urteetako bisitari kopururik handiena, azpimarratu dute Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo zinegotziak. Era berean, Gaztelugatxeko San Juaneko informazio puntutik uztailean eta abuztuan 28.136 pertsona pasa dira, iazko epe berdinean baino 8.076 gehiago.
Bidegurenek eta Ormaetxeak, Bego Gangoitirekin Turismo teknikariarekin batera aurkeztu dituzte gaur prentsaurrekoan joan den udan izandako turismoaren datuak Bermeon. Guztiak “pozik” agertu dira, izan ere, “oso datu onak” izan dira Bermeok izan dituenak.
Gainera, azaldu dutenez, “kontuan hartu behar da askoz gehiago izan direla jasotako bisitak, izan ere, bisitari guztiak ez dira turismo bulegotik pasatzen eta, Gaztelugatxeko San Juanen kasuan, informazio puntua uztailean eta abuztuan dago irekita eta, udako beroa dela eta, ordu oso jendetsuak lehenengo eta azken ordua dira, informazio puntua martxan ez dagoenean”.
Iazko datuekin alderatuz, Turismo bulegoaren kasuan, aurten ekainetik irailera 4.076 bisitari gehiago pasa dira Bermeoko Turismo bulegotik, hau da, iaz baino %21,58 gehiago eta Gaztelugatxeko San Juaneko informazio puntuari dagokionez, aurten iazko uztailean eta abuztuan baino 8.076 pertsona gehiagok jaso dute informazioa.
Bisitarien jatorriari dagokienez, bisitari kopuru handiena Kataluniatik etorritakoa da, ondoren Madril, Valentziar komunitatea, Andaluzia, Frantzia, Euskadi, Alemania, Erresuma Batua eta Italia. “Japon, Estatu Batuak, Holanda, Suitza, Belgika eta Argentinako, besteak beste, bisitariak ere izan ditugu”, gaineratu du.
Gangoitik azaldu duenez, aurten Turismo bulegoan izandako kontsultak luzeak eta sakonak izan dira, “azken bi urteetan oso nabaria da bisitariek informazio landuagoa eskatzen dutela”. Informazio hau eskatu dute gehien bat: Bermeon eta inguruan zer ikusi eta Gaztelugatxe non dagoen, non jan, garraioak, mendi ibilbideak, aktibitateak (txangoak itsasontziz, piragua...), museoak eta interpretazio zentroak, non lo egin eta kultur ekintzak, besteak beste.
“Turismo bulegotik, betidanik, baina aurten behar bada gehiago, bisitariek garraio publikoa erabiltzen bideratu dituzte, batez ere Gaztelugatxerako eta Mundakarako, eta jendearen erantzuna oso ona izan da”, adierazi du.
Ostatuak, jatetxeak eta turismo aktiboa
Bermeoko ostatuei dagokienez, udan zehar okupazio maila oso altua izan dutela adierazi du. Zehazki abuztuan ia %100eko betetze maila izan dutela gaineratu du Irune Ormaetxeak. Jatetxeek ere eguerdietan bezero asko izan dituzte, eta, nahiz eta gauaz lan gutxiago izan, pozik agertu dira. Turismo aktiboaren kasuan, itsas irtenaldiak oso harrera ona izan dute, izan ere, itsasoko egoerak galarazi ez duenean, beteta egon dira.
Idurre Bidegurenek adierazi duenez, turismo datuak “onak” izan dira. “Egia da testuinguruak lagundu duela, izan ere, Euskadin %6,8 igo da turismoa uztailean eta abuztuan, baina egia da ere Bermeon azken urteetan egindako lanaren ondorioa direla lortutako datu onak, izan ere, Bermeon uztailean eta abuztuan turismoaren igoera %24koa izan da”.
Bidegurenen esanetan, “datuak onak izan diren arren, lanean jarraitu behar dugu datu onak mantentzeko”. “Gure erronkak dira turismo jasangarria eta turismoa urtean zehar izatea ez soilik udan. Horrez gain, erakunde, enpresa eta herritarren arteko elkarlana lortzea garrantzitsua da eta turismo eskaintza zabaltzea eta hobetzea, negozio berriak sortuz, zerbitzuak hobetuz, turismo bulegoa berrituz, aparkalekuen eskaintza handituz, auto-karabanen zerbitzua handituz, itsas ondarea balioan jarriz edota seinaleztapena hobetuz”, azpimarratu du.
“Horretan ari gara lanean”, gaineratu du. Ildo honetan, Turismo zinegotziak azaldu duenez, “edertze planean ikasi eta ikusi genuen bezala, turismo plangintza osotasunean hartuta, herrian baliabide turistikoak balioan jartzen ari gara”.
“Esate baterako, aparkalekua egokitu da turisten autobusentzat, arte urbanoaren aldeko apustua egiten ari gara, -Alde Zaharrean, udal azokan eta Talan Bermeoren historiari lotutako arte muralak margotu dira-, eta Alde Zaharra dinamizatzeko hainbat ekimen berri ere martxan jarri dira (lore lehiaketa, Food Truck, Bermeo International Downhill…)…”, aipatu du.
Ildo berean, adierazi duenez, “ekimen kulturalen programa zabala eskaintzen saiatzen gara urtero eskualdeko bisitariak Bermeora erakartzeko (Musika astea, Jazzaldia, Mareak, Bermistorian, jai ezberdinak…)”.
Sektore pribatuarekin elkarlana ere ezinbestekoa dela nabarmendu du Ormaetxeak. Horrela, besteak beste, turismoarekin zerikusia duten enpresei formazio pertsonalizatuak bideratuko zaizkiela adierazi du. Bestalde, bere esanetan, “Bermeoren eskaintza merkatuak eskatzen dituen beharretara egokitu behar da eta hori lortzeko lanean ari gara”.
Azkenez, turismoa bultzatzen jarraituko dutela eta horretarako helburu estrategikoak Bermeoko Portua, Gaztelugatxeko San Juan eta Alde Zaharra direla azpimarratu dute Bermeoko alkateak eta Turismo zinegotziak.
010 (94 617 91 00)