Albisteak

Albistea

Ondasun Higiezin gaineko zergak (IBI) ez du igoerarik izango eta etxe hutsen %50eko errekarguan salbuespen gehiago ezarri dira

 

Bermeoko Udalak 2018ko Ondasun Higiezin Gaineko (IBI) zergak igoerarik ez izatea onartu du, eta etxe hutsen %50eko gainordainean salbuespen egoera gehiago onartu ditu, kasu ezberdinak aztertu ondoren. Ildo berean, kasu batean, %25eko eta ez %50eko errekargua aplikatzea onartu du Udalak. 

Joan den urtean Bermeoko Udalak onartu zuen gainordain horren helburua da etxe hutsak merkatuan sartzea. “Aurten lehenengo aldiz ezarri zaie %50eko errekargua etxe hutsei eta kasu oso ezberdinak ikusi izan ditugu. Horregatik, azterketa sakon bat egin dugu, eta, horren ondorioz, salbuespen gehiago onartzea erabaki dugu”, azaldu du Irune Ormaetxeak, Ekonomia zinegotziak. 

Etxe hutsa inor erroldatuta ez dagoen etxea da, eta, horrela, 2017ko urtarrilaren 1ean, pertsonarik erroldatuta egon ez diren etxeek Ondasun Higiezin Gaineko (IBI) zergan %50eko errekargua ordaindu behar izan dute. Dena den, salbuespen batzuk egon dira eta horiei ez zaie errekargua aplikatu. Honako hauek izan dira: 

a) Ostatu edo pentsio jardueretara lotutako higiezinak.

b) Errentan emateko helburua duten entitate publikoren baten eskuan utzitako higiezinak

c) Zahar-egoitzetan erroldatutako pertsonen titularidadeko etxebizitzak.

d) Herentziaz hartutako etxebizitzak, beti be, heriotza datatik 3 urte igaro ez denean.

e) Zergaren sortzapen aurreko urtean eskuz aldatutako etxebizitzak.

 

Ormaetxeak azaldu duenez, kasuz kasu aztertu ondoren, beste egoera batzuk salbuetsita egotea onartu dugu, eta horiei, horrela egiaztatu ondoren, ez zaie %50eko errekargua kobratuko 2018an. Honako hauek dira gehitzen diren salbuespen egoerak: 

g) Menpekotasun egoeran deklaratuta dauden kasuetan, salbuetsita egongo da utzik gelditzen den etxebizitza, bai menpekotasun titularrarena edo menpekotasuna aintzatetsita daukan pertsonaren kargu egiten dena. Azken hauek izango dira: ezkontidea edo 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera izatezko bikotekidearekin bizitzen dagoena, edo hirugarren gradura arteko odol, ezkontza nahiz adopzio bidezko ahaidea edo legezko tutorea. 

Salbuespena aplikatzeko, egun erroldatuta dauden etxebizitzara aldatu orduko, salbuespena aplikatu gura den etxebizitzan egon behar izan dira erroldatuta. 

h) Etxebizitzan erroldatutako inor ez egon arren, zergaren sortzapen eguna baino arinagotik alokairuan emanda badago. Salbuespena aplikatzeko, alokairu kontratuaren kopia eta kontratu hori indarrean egotearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da eta, baita be, alokairu horretatik lortutako diru sarrerak Bizkaiko Foru Aldundiari aitortu izanaren egiaztagiria. 

i)Etxebizitza normalean alokairuan ematen bada be, zergaren sortzapen egunean alokatuta ez balego, baina aurreko bi urteetan gutxienez 365 egunetan alokatuta egon bada. Kasu horretan aurreko urte bietako alokairu kontratuak aurkeztu beharko dira, eta, urte bi horretan zehar, gutxienez 365 egunetan alokatuta egon dela frogatu beharko da. Kasu honetan be, alokairu horretatik lortutako diru sarrerak Bizkaiko Foru Aldundiari aitortu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. 

j) Lan arrazoiak direla medio, salbuetsitako etxearen jabea kanpoan etxe alokatuan bizi bada. Froga moduan honakoak aurkeztu beharko dira: alokairu kontratuaren kopia, errolda agiria, eta enpresaren ziurtagiria edota lan kontratuaren kopia enpresa dagoen tokian edo inguruan bizi dela egiaztatzeko. 

k) Higiezina aurri egoeran deklaratuta egotea, beti be deklaratu denetik urte bi igaro ez badira. Aitorpenetik urte bi baino gehiago pasatzen direnean, gainordaina aplikatuko da. 

l) Banaketa baten ondorioz, bikotekide ohiek erabiltzen duten etxebizitza, banaketa agiri judizial bidez frogatzen bada eta banaketa akordioan gurasoak txandaka bizitzeko beste etxebizitza bat egongo dela adosten bada. 

m) Higiezinean etxebizitzarena ez den legezko ekonomia jarduera bat garatzen den kasuetan. Salbuespena aplikatzeko, derrigorrezkoa izango da jarduerak udal lizentzia edukitzea eta, sortzapen eguna orduko, burutzen den jardueraren epigrafean aitortuta egotea sastar batze tasan. 

%25eko gainkarga 

Bestalde, kasu bakar batean, %50eko gainkarga ezarri ordez, %25ekoa ezartzea adostu du Bermeoko Udalak. Kasu hori honakoa izango da: Etxebizitzan erroldatu egon barik ere, titularrak edo familiak erabiltzen duenean. 

Erabilera hori kreditatzeko, ur eta argindar horniduren urteko faktura aurkeztu beharko dira, eta, kontsumoak, gutxienez, honakoak izan beharko dira: Ur horniduraren kasuan, 18 metro kubikotik gorakoa aurreko urtean; argindarraren horniduran, 300kwh-tik gorako kontsumoa aurreko urtean; eta gasaren horniduran, 100kwh-tik gorako kontsumoa aurreko urtean. Gutxiengo minimo horiek kreditatzen ez badira, %50eko errekargua aplikatuko da. 

Iaz Bermeoko Udalak onartu zuen gainordain horren helburua da etxe hutsak merkatuan sartzea. Bermeon 2.000 etxebizitza huts dagoz, eta horietatik 700 Alde Zaharrean. Holan, gainordainaz gain, beste neurri batzuk ere hartu dira; izan ere, Alde Zaharreko etxebizitza hutsak gazteek alokatu ahal izateko programa bat martxan jarri du aurten Bermeoko Udalak; alde batetik, gazteei laguntzeko, eta, beste alde batetik, Alde Zaharra bizibarritzeko. Programa horrekin jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi du Irune Ormaetxeak. 

27 / 10 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0