Albisteak

Albistea

Bermeok Gabonetako jaialdi solidarioa eta San Silvestre lasterketa hartuko ditu gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntzeko

Gabonetako jaialdi solidarioa abenduaren 23an, zapatuan, izango da Artza Frontoian, eta San Silvestre lasterketa abenduaren 31n

 

 

 

Kate Sarea Elkarteak ,‘Eutsi gogor, danok batera’ proiektuaren barne antolatuta, bi ekimen solidario izango dira Bermeon gaixotasun arraroak dituzten umeei laguntzeko: alde batetik, abenduaren 23an, zapatuan, 19:30ean Gabonetako jaialdi solidarioa izango dugu Artza Frontoian, eta, bestetik, abenduaren 31n, domekan, lehenengo San Silvestre lasterketa egingo da, helburu solidarioekin baita ere. 

Mirenlur Santiago, Kate Sarea Elkarteko ordezkariak; Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Aitor Egurrolak, Mundakako alkateak; Pedro Bilbaok, Bermeoko Txirrindularitza taldeko ordezkariak, eta gaixotasun arraroak dituzten umeen familiakoak aurkeztu dituzte aipatutako ekimenak gaur Arrantzaleen Museoan egindako prentsaurrekoan. Prentsaurrekoa egin aurretik, Bermeoko alkatea Kate Sarea elkartea eta gaixotasun arraroak dituzten umeen familiekin elkartu da. 

Santiagok azaldu duenez, ‘Eutsi Gogor, Danok batera’ proiektuaren helburuak dira, alde batetik, gaixotasun arraroak ezagutzera ematea eta umeek eta familiek bizi dituzten egoeren berri ematea, eta, bestetik, ikerketarako eta familia horiei laguntzeko diru-laguntzak jasotzea; izan ere, tratamenduek, ospitaleetara joan-etorriek, terapiek eta bestelakoek kostu handia dute. 

Gogoratu duenez, Bermeon gaixotasun arraroak dituzten umeen zazpi kasu daude (Rett sindrome kasu bi, Distrofia muskular Duchene, histiocitosis de celulas de Langerhans, hemofilia, ‘Tximeleta azala’, eta badirudi Traps sindrome bat) eta Mundakan beste bat (Marfan sindromea). Ume guzti horiei eta eskualdean gaixotasun arraroak dituzten ume guztiei laguntzea da Kate Sarearen helburua. 

Horrela, Kate Sareak eta gaixotasun arraroak dituzten umeen familiak, Bermeoko eta Mundakako Udalen babesarekin, eta herritar, ikastetxe, enpresa, komunikabide, denda eta tabernen laguntzarekin, bi ekintza solidario antolatu dituzte Bermeon, Gabon bueltan: abenduaren 23an Gabonetako jaialdi solidarioa eta abenduaren 31n San Silvestre lasterketa.  

Gabonetako lehenengo jaialdi solidarioa 

Gabonetako lehenengo jaialdi solidarioa Artza Frontoian izango da arratsaldeko 19:30etik aurrera, abenduaren 23an, zapatuan. Jaialdi horretan musika eta dantzarekin gozatzeko aukera paregabea izango dugu Bermeo eta Mundakako talde eta herritarren eskutik; izan ere, honakoek parte hartuko dute: Alkartasuna Dantza taldea, Beti Lagun abesbatza, Udalaren musika eskola koro txikia, Erroxape Abesbatza, Dantzaz Blai taldea, Kankinkabara txistu taldea, Bermeoko abesbatza, Mundakako abesbatza, Josu Zabalondo eta Izaro abesbatza. Era berean, ikastetxeetako gazteek ere parte hartuko dute eta sorpresaz beteriko jaialdi bat izango da.  

Gabonetako jaialdirako sarrera 8 euro izango da (sarrera eta zozketa). Ezin duenak jaialdira joan, baina lagundu nahi duenak 3 euroko eserleku zero bonoa eskuratzeko aukera izango du. Jadanik sarrerak honako lekuetan eskuratu daitezke: Luma liburudendan, Erroxaperen egoitzan eta Bermeoko AECC elkartean. Abenduaren 22an, barikuan, bezperan, Arrantzaleen Kofradian eskuratu ahal izango da (10:30etik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara) eta, jaialdiaren egunean bertan, abenduaren 23an, zapatuan, Artza Frontoiko leihatilan 22ko ordutegi berdinean. 

San Silvestre lasterketa 

Bestalde, abenduaren 31n, domekan, Bermeoko San Silvestre lasterketaren lehenengo edizioa ospatuko da. Lasterketa hau 13:00etan hasiko da Portuko Olatua eskulturaren inguruan eta adin guztietako pertsonek parte hartzeko aukera izango dute, hiru ibilbide egiteko aukera egongo baita: 500 metrokoa (Olatutik Lamerara), 2 kilometrotakoa (Olatua, Lamera, Erremedio kalea, Goiko plaza, Baztarre, San Juan Portale, Zubi Gane eta Lamera) eta 4 kilometrotakoa (2 km.ko zirkuitua bi aldiz). 

Dortsalak bi euro izango dira eta abenduaren 15etik 30era arte Intersport dendan egongo dira salgai. Abenduaren 31n Lameran, Kiosko alboan, eskuratu ahal izango dira dortsalak. Nagusi zein umeek lasterketa honetan disfrutatzeko aukera izango dute. 

Bermeoko alkateak gaixotasun arraroak dituzten umeei eta euren familiei laguntzeko egiten ari den lan garrantzitsua eskertu dio Kate Sareari eta, era berean, ekimen horiek antolatzen laguntzen duten elkarte eta herritarrei eskerrak eman dizkie. Era berean, herritar guztiei bi ekimen solidario hauetan parte hartzera animatu die; izan ere, ondo pasatzeko aukera paregabea eskainiko digute eta aldi berean gaixotasun arraroak dituzten umeei lagunduko diegu. 

“Gabonetako jaialdian Gabon giroan, dantzekin, abestiekin eta bestelako ekimen eta sorpresekin elkarrekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren pertsona guztiek, eta, San Silvestreren lehenengo edizioan kirola eginez ondo pasatzeko aukera izango dugu. Gainera, bi ekimen hauetan parte hartuz gure herri eta inguruko herriko familiei lagunduko diegu, gaixotasun arraroei buruzko informazioa zabaltzen eta diru-laguntzak jasotzen; horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditut bi ekitaldi hauetara”, azpimarratu du.

 

 

13 / 12 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0