Albisteak

Albistea

Berdintasun eta Gazteria sailetatik ekimen bereziak antolatu dira Arrain Azokara begira

Arrain Azoka betea daukagu asteburuan Bermeon, eta horren baitan, Bermeoko Udaleko Berdintasun eta Gazteria Sailetatik jarduera bereziak antolatu dira. Beste gauza batzuen artean, informazio puntuak jarriko dituzte herritarren eskura, zapatuan.

Arrain Azokaren lehenengo egunerako, barikurako, Berdintasun Sailak Mundakako Katillotxu Emakumeen Elkartetik sortutako LAPSE taldearen dantzaldia antolatu du; 19:30ean izango da, Lamerako gune solidarioaren karpan. Hain zuzen ere, Marimar Agirrerekin batera, dantzariek Metanoia izeneko ikuskizuna eskainiko dute.

Herri seguru eta aske baten bila, Berdintasun Sailetik tabernaz-taberna ibili dira, eta eraso matxista baten aurrean zelan jokatu behar duten zehazten duen gida bat utzi dute tabernarien eskura; “tabernak ere gune seguruak izatea gura dugu”, azaldu dute. Era berean, iazko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan herritik jarri ziren panelak kokatuko dira berriro ere, iazko lelo berdinarekin jarraituta: Bizi ditzagun jaidxek eraso barik.

Azkenik, zapatuan, Puntu Morea jarriko da Portuzarrean, 20:00etatik 00:00etara. Horretan, prest egongo dira herritarren edozein zalantza edo kezka argitzeko. Laguntza eskaintzeko prest ere egongo dira, “inork hala beharko balu”.

Beste alde batetik, Bermeoko menpekotasunen prebentziorako tokiko planari jarraipena eman asmoz, Gazteria Sailetik edalontzi berrerabilgarriak eta horiek zintzilikatzeko zintak egin dira, herritarren artean banatzeko. Zer bizu ondo pasateko? Ondo pasa ez pasa! leloa daramate edalontziek, baita ere prebentzio zerbitzuaren harremanetarako telefono zenbakia (675 025 018) eta posta elektronikoa (bermeoprebentzioa@etorkintza.org). Gazteria Sailetik, batez ere, gazteen artean kontzientzia piztu gura da.

Edalontziak eta zintak zapatuan Lameran jarriko duten informazio puntuan egongo dira eskuragai, 12:00etatik 16:00etara. Informazio puntu horretan, udaleko teknikaria egongo da zerbitzuaren berri ematen. Egiten ari diren lanaren berri emateaz gain, orain arte egindakoari buruz informatzeko prest ere egongo da; eskoletan egiten diren tailerrak edo Lokaleku programa, adibidez.

15 / 05 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0