Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Gabonetan herriko kontsumoa sustatzeko ekimen berriak martxan jarri ditu

-Alde batetik, abenduaren 14tik urtarrilaren 2ra bitartean, bertoko produktuekin osatutako 15 otzara zozkatuko ditu Udal Azokan erosketak egiten dituzten bezeroen artean

-Bestetik, Alde Zaharrean soinu sistema berria instalatu du egun berezi hauetan zehar kalean musika jarri eta bertako kaleak animatzeko

Bermeon, 2020ko abenduaren 14an.- Bermeoko Udalak, ‘Nik, BermeON’ kanpainarekin jarraituz, herriko kontsumoa sustatzeko lanean jarraitzen du. Bere helburua da herritarrek Bermeon bertan erosketak egitea, bertoko produktuak kontsumitzea eta herriko dendari eta saltzaileei laguntza eskaintzea. Izan ere, herritik atera gabe, lehen mailako produktuak erosteko aukera dago eta, bertokoa balioan jartzeko, bi ekimen berri martxan jarri ditu egun berezi hauetan.

Alde batetik, Bermeo Tuna World Capital eta Berazel elkartearekin (Bermeoko Udal azokako merkatarien elkartea) batera, Udalak abenduaren 14tik urtarrilaren 2ra bitartean bertoko produktuez osatutako 15 otzara zozkatuko ditu Udal Azokan erosketak egiten dituzten herritarren artean. Zozketan parte hartzeko Udal Azokako posturen batean erosketa egin beharko da eta izen abizenak eta kontaktua tiketean zehaztu eta gero, bertan egongo den ontzi batean sartu beharko da. Ondoren, astelehenero (lehenbiziko astelehena abenduaren 21a izango da), 5 tiket aterako dira, asteko irabazleak nortzuk diren zehaztuz.

Zozkatuko den otzarak denetarik izango du. Hori bai, denak bertoko produktuak izango dira. Besteak beste, irabazleak lehen mailako Bermeoko arrain kontserbak, txorizoak, txistorrak, odolosteak… eramango ditu etxera. Gainera, Berazel elkarteak pazko lore bana jarriko du otzara bakoitzean. Sari bikaina, zalantzarik gabe.

Bestalde, Alde Zaharra egun berezi hauetan girotzeko eta bertako kontsumoa bultzatzeko, Bermeoko Udalak abenduaren 17tik urtarrilaren 6ra bitartean musikaz girotuko ditu 5 gune hauek: Intxausti kalea, Nardiz Tar Jon kalea, Etxebarria-Tar Kresentzi Kalea, Goiko Plaza eta Erremedio kalea. Horretarako, soinu sistema berria instalatu du eta musika ordutegi komertzialean jarriko da animazioa eta bizikidetza bermatuz.

14 / 12 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0