Albisteak

Albistea

'Juego de Tronos'-ek Bermeoko altxorrik preziatuena konkistatu du, Gaztelugatxeko San Juan

 

Mundu mailan famatua den ‘Juego de Tronos’ telesailak Bermeoko altxorrik preziatuena den Gaztelugatxeko San Juan konkistatu du, izan ere, bihar, barikuan, grabazioa hasiko du bertan.  Horrela, Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, adierazi duenez, “gaurtik eta urriaren 23ra Bermeoko Gaztelugatxeko San Juan-eko bidea itxita egongo da egun osoan”. 

Bermeoko alkatea, Bego Gangoiti, Turismoko arduraduna; eta Udaleko beste teknikari batzuek gaur grabazioa egingo den Gaztelugatxeko San Juaneko ingurua ikuskatu dute. Alkateak azaldu duenez, Bermeoko Udaleko ordezkariak apiriletik daude produktorearekin harremanetan ‘Juego de Tronos’ Bermeon grabatu ahal izateko, eta horretarako beharrezkoak izan diren eskaerei erantzuna eman zaie, izan ere, “garrantzitsua da horrelako telesail famatu bat Bermeon grabatzea, turismoan izango duen eraginagatik”. 

Horrela, Bermeoko Udalak ‘Juego de Tronos’ sailaren produktoreari, legezko baldintzak bete ondoren, Gaztelugatxeko San Juaneko 30.500 metro karratuen jabari publikoaren okupaziorako baimen berezia eman dio mundu mailan telesail famatuaren grabazioa egiteko. Baimen berezi horren barne daude grabazioaren kokapena, sarbideak eta ingurua; helburua konfidentzialtasuna bermatzea baita, zazpigarren denboraldiko edukiak ezagutu ez daitezen. 

Horrez gain, produkzio taldeak Bermeoko Herri Babeseko kideen laguntza etengabea izan du eta euren beharrizan ezberdinei erantzun die. Era berean Bermeoko bi enpresek, udal zerbitzuetako langileek, Udaltzaingoak eta Turismo sailak, besteak beste, lan handia egin dute grabazioa posible izateko. 

Ildo berean, ‘Juego de Tronos’-en grabaziorako behar izan dituzten lanpostuen kudeaketan bitartekari lanak egin ditu Bermeoko Udalak, zehazki Bermeoko Behargintzak, beti ere bermeotarrei lehentasuna emanez. Horrela, joan den irailaren 6an Bermeoko Behargintzan, grabaziorako begiraleak eta segurtasun laguntzaileen aukeraketa prozesua egin zuen ‘Juego de Tronos’-eko segurtasun enpresak eta bertan 130 pertsona inguruk parte hartu zuten. 

Horrez gain, Behargintzak, langabetuei lehentasuna emanez, Lanbideko zerrendetara jo eta Bermeo eta inguruko herrietako pertsonen curriculumak bidali dizkio ‘Juego de Tronos’-eko produktoreari behar zituzten peoien lanpostuak betetzeko. Bi kasuetan produktoreak egin ditu hautaketa prozesua eta kontratuak. 

Konfidentzialtasuna eta diskrezioa 

Bidegurenek azaldu duenez, “une oro produktoreak eskatutako konfidentzialtasuna eta diskrezioa mantentzen saiatu gara, gure herrian telesail famatua grabatu ahal izateko ezinbesteko baldintza dela esan digutelako”. 

Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, adierazi duenez, “oso garrantzitsua da Bermeorentzat ‘Juego de Tronos’-ek gure herrian grabatzea, izan ere, mundu mailan sail famatua izanik, gure herria mundu mailan ezagutaraziko du”. “Hortaz, gure ustez, Bermeo erakusteko erakusleiho ezin hobea izango da ‘Juego de Tronos’. Benetan harro eta pozik gaude, eta gure herriarentzat oso positiboa dela uste dugu, jende asko gure herria eta Euskal Herria  bisitatzera erakarriko duelako”, nabarmendu du. 

Horregatik, Bidegurenen esanetan, “erakunde guztiak erronka garrantzitsua dugu, izan ere, bisitatuko diguten pertsona guztiei erantzunik hoberena emateko prestatu behar gara”. 

Azkenez, adierazi duenez, urriaren 22an eta 23an, Gaztelugatxeko San Juanen ‘Juego de Tronos’ grabatzen ari den bitartean, Bermeo  Erdi Aroko giroan murgilduta ibiliko da Bermistorian ospatzen delako. “Hortaz, ‘Juego de Tronos’ osatzen duen talde guztiari (aktore, produktore, langile, laguntzaile…) gonbidatu diet Bermeora gurekin batera Bermistorian ospatzera giro izugarrian”, adierazi du.

 

20 / 10 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0