Albistea
-Hitzarmen honi esker, 2022an eta 2023an zehar hainbat plan eta ekintza aurrera eraman ahal izango dira.
-‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuaren helburua da lankidetzarako esparru bat lortzea, Busturialdeko udalerrietan gazteriaren arloko politika integrala ezarriz, sustatuz eta garatuz, eta gazteriaren arloko ‘Bizkaia Gazteak’ estrategiarekin bat etorriz.
Bermeon, 2022ko uztailaren 1ean.- Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Foru, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrietako udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmena sinatu dute datozen bi urteetan “Gaztedi Busturialdea” proiektua garatzeko eta gauzatzeko. Helburua, lankidetzarako esparrua lortzea da, Busturialdeko udalerrietan gazteriaren arloko politika integrala ezarriz, sustatuz eta garatuz, eta gazteriaren arloko ‘Bizkaia Gazteak’ estrategiarekin bat etorriz.
Bizkaiko Foru Aldundia eta Busturialdeko eskualdea osatzen duten udalak elkarrekin ari dira lanean, aspalditik, gazteak ikuspegi zabal eta integratzaile batekin babestu eta lagunduko duen ekintzen agenda sortzeko. Berriro ere, eskualdeko gazteen beharrak asetzeko asmo sendoarekin, koordinatutako estrategia horren alde egiten da.
Enplegua, ekintzailetasuna, prestakuntza eta parte-hartzea dira erakunde arteko jarduera sorta honen helburu nagusiak. ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuak 222.860 euroko aurrekontua izango du datozen bi urteetarako, 111.430 euro urtero. Bizkaiko Foru Aldundiak inbertsio honen %70a beregain hartuko du eta, eskualdeko hamazortzi udalerriek %30.
Aurrekariak
2012an, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, Urremendik gazteria zerbitzuan batzen zituen herri txikiak eta eskualdeko buru diren bi herriak, Bermeo eta Gernika-Lumo, proiektu amankomun baten batu ziren Gaztedi Busturialdea egitasmoa abiaraziz. Proiektuak hainbat aurrerapauso eman ditu hasiera eman zitzaionetik eta eskualdean finkatuz joan da urtetik urtera. Inork ezagutzen ez zuen zeozertatik, eskualdean erreferente bihurtu diren hainbat programa batu ditu eta bai gazte bai eskualdeko erakunde ezberdinak ere elkartu ditu.
Gaur egun, enplegugarritasunaz hitz egiten denean, gazteek urduritasuna eta kezka agertzen dute gehienbat. Hau horrela izanda, aurton enplegua eta formakuntzari garrantzia emango dioten proiektuek garrantzi handia hartuko dute.
Hauek dira, besteak beste, proiektuaren barruan garatzen ari diren eta garatuko diren ekimen eta programak, atalez atal:
Emantzipazioa: enplegua eta ekintzailetza
Lehen atal honetan honakoak garatuko dira:
- Busturialdeko IX. Enpresa Ideia lehiaketa: Enpresa Ideia lehiaketarekin jarraitzeko apustua egin da, azken urteetan eskualdeko gazteen aldetik izandako harrera ona aprobetxatuz. Aurton ere bi sari nagusi (3.000 € eta 2.000 €) eta 1.000 euroko bi mentzio berezi banatzea aurreikusten da. Irailean jarriko da martxan lehiaketaren bederatzigarren edizioa.-
- Gaztedi Busturialdea Bekak 2022: Gaztedi Busturialdea bekak eskualdean oso ezagunak dira eta enpresa eta gazte askok izena ematen dute. 2022ean sei beka ematea aurreikusten da (4 martxan daude jada eta 2 urtea amaitu aurretik abian jarriko dira). Praktikaldia amaitu ostean, lanean gelditzeko aukera emango duten enpresak eta lanean jarraitzeko asmoa duten gazteak lehenesten dira.
- Busturialdean gazte enpresak sortzeko eta sendotzeko dirulaguntzak. Programa berri honetarako eskaerak uztailaren 15era arte egin ahal izango dira. Onuradunak 35 urtetik beherako gazteak izango dira, 2021ean enpresa bat sortu dutenak eta ‘Gaztedi Busturialdea’ proiektuaren parte diren udalerrietan erroldatuta daudenak. Laguntzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa da, betiere orain arte egindako inbertsioa 600 eurotik gorakoa izan bada.-
Emantzipazioa: hezkuntza eta prestakuntza
Bigarren atal honetan honakoak garatuko dira:
- Surf-formakuntza. Surf irakasle ikastaro homologatua eta proiektuaren barruan lehen aldiz egingo dena. Gainera, Bizkaian lehen aldiz euskaraz eskainiko da. 2024tik aurrera, surfa kirol olinpikoa izango da eta laster kirol honen irakasle guztiak titulatuak izan beharko dira. Eskualdean dagoen surf kultura kontuan hartuta eta surfak eskualdean sortzen duen garapen ekonomikoa ikusita, oso interesgarria izango da. Irailetik aurrera ematea aurreikusten da, 20 gazteri zuzenduta eta kontratazio konpromisoarekin.-
- Turismo Aktiboko Jardueretan prestakuntza. Lehen aldiz, eskualdeko gazteei zuzendutako Turismo Aktiboko Jarduerei buruzko prestakuntza antolatu da. 25 orduko formakuntza hau apirilaren 25etik 29ra burutu zen eta 10 gaztek parte hartu zuten. Formakuntza honen bidez, turismo aktiboko profesionalak hezi nahi izan dira eta Busturialdeko gazteak gaitu nahi izan dira lana bilatzeko prozesuan arrakasta izan dezaten. Ikastaroak kontratazio konpromisoa izan duenez, 10 ikasletik 6 lanean daude jadanik.
- Ikasketak hautatzeko orientazio eta aholkularitza zerbitzua, ikasle eta gurasoentzako. Busturialdeko ikasketa zentro guztietan (publiko zein pribatuetan), 4. DBHko ikasleei zuzendutako etorkizuneko ikasketen inguruko orientazio eta aholkularitza saioak emango dira irailetik aurrera, ikasturtea hastearekin. Gurasoentzako, bai Gernikan eta bai Bermeon, saio ireki bi antolatzea aurreikusten da. Material berezia sortuko da eta Gaztedi Busturialdearen webgunean jarriko da gazteek eskuragarri izateko.
Azkenik, eskualdeko gazteengana modu zuzen eta azkarrean heltzeko, Gaztedi Busturialdearen webgunea (www.gaztedibusturialdea.eus) martxan dago. Webgune horretan proiektu honen atal eta programa guztiak ikusi ahal izango dira.
Informazio gehiago: www.gaztedibusturialdea.eus / info@gaztedibusturialdea.eus
010 (94 617 91 00)