Albisteak

Albistea

Bermeoko Herri Babesa taldea berriro aktibatu da, baina boluntarioak behar ditu

 

 

Boluntarioez osatutako Bermeoko Herri Babesa urte bete inguru desaktibatuta egon ondoren, berriro aktibatu da; baina taldea mantentzeko ezinbestekoa da boluntario berriak bilatzea, adierazi du Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateorde eta Zerbitzu eta Udaltzaingo buruak. Ildo horretan, Ibarrolazak Herri Babesak egiten duen lan garrantzitsua goraipatu du. Esate baterako, adierazi duenez,  maiatzaren 26an Aurrekoetxea kalean gertatutako sutean, Herri Babesaren lana ezinbestekoa izan zen sua kontrolatzeko eta gehiago ez zabaltzeko, suhiltzaileak heldu baino lehen.

“Beraz, zalantza barik, Herri Babesaren lana gure herrian gerta daitezkeen egoera larriei (suteak, uholdeak, elurra, errepideetan arazo ezberdinak…) aurre egiteko ezinbestekoa da eta horretarako beharrezkoa da Herri Babesak talde trinkoa izatea”, azaldu du Ibarrolazak. Horregatik, interesa duten herritarrei talde honetan parte hartzera dei egin die. 

Jon Ojangurenek, Herri Babesako koordinatzaileak, azaldu duenez, besteak beste, “suhiltzaile boluntarioak gara Bermeok ez duelako suhiltzaile-talderik herrian; herriko ekimen guztietan (jai, kirol, kultur ekimenak…) parte hartzen dugu segurtasuna eta prebentzioa bermatuz; bai Bermeon zein inguruko herrietan jende asko bilduko dituen ekimenetan segurtasun arloko aholkularitza eskaintzen dugu; eta uholde eta elurrak daudenean ere egoera hauek aurre egiteko eta arriskuak ekiditzeko lan egiten dugu”. 

“Lan horiek eta beste asko egiteko suhiltzaileen kamioi bat dugu, lur orotarako ibilgailu bat, erremolkea, motozerrak, ura ateratzeko bonbak, eskalatzeko materiala, autobonbak, Atalden bi lokal…”, azaldu du. 

Horrez gain,  boluntarioei formazioa eskaintzen zaiela adierazi dute Ojangurenek eta Ibarrolazak. “Boluntario moduan datozenek sute, uholde… eta horrelakoetan nola jardun behar den erakusten da, nola jardun salbamendu txakurrekin, eskalada edo biktimak nola atendidu, baita ere erreka, zuhaitzen mozketa… eta beste gai askoren inguruko formazioa eskaintzen da”, esan dute.“Hortaz, boluntarioek gai ezberdinei buruzko formazioa jaso ahal izango dute”, gaineratu dute. 

Baldintzak 

Herri Babeseko boluntarioa izateko bi baldintza bakarrik bete behar dira: 18 urtetik gora izatea eta Bermeon bizitzea. “Herri Babesak egiten duen lana oso garrantzitsua eta interesgarria da, horregatik gogoa duten herritar guztiei Herri Babesako parte izatera animatzen diegu, izan ere, gure herriaren alde lan egiteko aukera paregabea eskaintzen du talde honek”, esan du Ibarrolazak. “Polita izango litzateke lagun koadrilak ere izena ematea boluntario izateko”, gaineratu du. 

Bermeoko alkateordeak gogoratu duenez, Bermeoko Herri Babesak 2013. urtean XVII. Hegaluze Saria jaso zuen “herriaren alde lan boluntarioa eta isila egiteagatik”. Epaimahaiak adierazi zuenez, “Herri Babesa beti egon da presente herriak behar izan duenean, herriari laguntzen eta bere alde lan egiten. Eredu bat dira Bermeo eta bermeotarrentzat”. 

Ojangurenek boluntarioa izatea esperientzia oso “aberasgarria” dela nabarmendu du. “Garrantzitsua da denok herriaren alde lan egitea herri hobeago bat izateko eta hori posible da”, esan dute. “Gainera adiskidetasuna, lan taldeko lana eta hainbat arlotan formazioa eta esperientzia handia hartzeko bide bat ere bada”, gaineratu dute. 

Ibarrolazak eta Herri Babeseko kideak herritarrak animatu dituzte Herri Babeseko boluntario izatera “gauza asko ikasteko, herriaren alde lan egiteko eta esperientzia guztiz positiboak bizitzeko aukera izango baitituzte”. Hortaz, interesa duten herritarrek Berhaz bulegoan (Ertzilla 6-8)  eman behar dute izena.   

06 / 06 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0