Albisteak

Albistea

XXXV. Bermeoko Uria Ikurrina estropada egingo da larunbatean, irailaren 16an, Santa Eufemia egunean

 

Irailaren 16an, larunbatean, Bermeoko Santa Eufemia jai egun handia ospatzen den egunean, XXXV. Bermeoko Uria Ikurrina estropada ospatuko da arratsaldeko 18:00etan. Ondoren, sari banaketa egingo da itsasoan. Beraz, Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, azpimarratu duenez, “zapatuan Bermeon jai giro izugarrian kirol ikuskizun honekin gozatzeko aukera izango dute bermeotar zein kanpotik datozen pertsona guztiek”. 

Bidegurenek, Irune Ormaetxeak, Kirol zinegotziak, eta Agustin Aranburuk, Bermeo Urdaibai Arraun Elkartearen lehendakariak, prentsaurreko bat eman dute gaur Arrantzaleen Museoan XXXV. Bermeoko Uria Ikurrina estropada aurkezteko. 

Bermeoko alkateak adierazi duenez, Bermeoko herriarentzat “ohore” bat da “lehen mailako kirol ikuskizuna den Bermeoko Uria Ikurrina estropada hartzea”. “Aurten 35. ediziora heltzen da Bermeoko Uria Ikurrina estropada eta Bermeoko jaietako egun garrantzitsuenetarikoan izango da. Horrela, giro ezin hobea espero dugu zapatuan gure herrian”, nabarmendu du. 

Alkateak eta kirol zinegotziak ligan parte hartzen duten taldeei zorionak eman dizkie, eta, bereziki, herriko taldeari, Urdaibairi, “zuzendaritzari, entrenatzaileei, talde teknikoari, arraunlariei eta jarraitzaileei”, hain zuzen ere.  

“Urdaibai taldeari zorionak emateko arrazoi asko ditugu; izan ere, Bermeoko herria ezin da harroago egon gure taldeak urte guztian egindako lan onagatik eta esfortzuagatik. Eredugarriak dira Bermeoko herriarentzat”, adierazi du. 

Ildo honetan, esan duenez, XXXV. Bermeoko Uria Ikurrina estropadan, Ligako azken aurrekoan, Urdaibai taldearengan “konfiantza eta ilusio osoa du herriak eta seguru gaude hemen ere hobeena erakutsiko dutela”.“Lehia garrantzitsua izango dugu zapatuan Bermeon, emozioz beteriko kirol ikuskizuna izango da, Ligako lehenengo postua oraindik jokoan dagoelako”, gaineratu du. 

Bere aldetik, Agustin Aranburuk estropadari buruzko datu teknikoak eman ditu. Ildo horretan, azaldu duenez, lehenengo Eusko Label Ligara igotzeko play off-ean bost ontzi lehiatuko dira; hain zuzen ere,  S. D.Samertolameu, C.R Puebla, Donostiarra, Santurtzi Iberdrola eta Ares. 

Ondoren, Eusko Label Ligan klasifikatutako lehenengo zortzi taldeekin estropada egingo da; hain zuzen ere, Urdaibai, Hondarribia, Orio, Kaiku, Zierbena, San Juan, Tirán eta Ondarroa.  

Azkenez, Aranburuk, Bidegurenek eta Ormaetxeak larunbatean, “XXXV. Bermeoko Uria Ikurrina” estropadara etorriko diren zaletu guztiei “ongietorria” eman die eta pertsona guztiak gonbidatu dituzte Bermeora. “Seguru nago lehen mailako kirol ikuskizun honekin guztiok disfrutatuko dugula jai giroan”, azpimarratu du. 

13 / 09 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0