Albistea
Bermeoko herritar talde batek hezur-muina emateko sentsibilizazio kanpaina bat martxan jarriko du herrian eta gutxi gutxika Busturialdea osora hedatuko du. Talde honen helburua “bizitzak salbatzea da” eta horrela kanpaina honi maiatzaren 2an, zapatuan, Bermeon triatloia egingo den egunean, hasiera emango diote.
Horrela adierazi dute María José Martínez Sernak, Sonia Dominguez eta Aitziber Campillo talde honetako kideak kanpainaren aurkezpenean. Eurekin batera Idurre Bideguren Bermeoko alkatea egon da, izan ere, bere esanetan, “garrantzitsua” da honelako ekimen solidarioak babestea eta elkartasun guztia ematea. “Bermeo beti izan da oso herri solidarioa eta seguru nago kasu honetan ere gure elkartasuna adieraziko dugula bermeotarrok hezur-muinaren emaile eginez”, nabarmendu du.
Kanpaina honekin maiatzaren 2an, zapatuan, hasiko da herritarren taldea, kontuan hartuta Bermeon triatloia izango dela eta jende asko batuko dela herrian. Horrela, egun horretan esku-orri batzuk banatuko dituzte jendearen artean hezur-muinaren emaile izateari buruzko informazioarekin.
Antolatzaileek adierazi dutenez, esku-orrietan azaltzen da, besteak beste, “hezur-muina emateko kirurgia ez dela beharrezkoa, ez dela arriskutsua eta zelulak eurak ordezkatzen direla lau, sei astetan. Ez dela bizkar-muinetik ateratzen azaltzen da, ez da berdina bizkar- muina eta hezur-muina. Odol-ateratzea dela, normala baino luzeagoa”, esaten du esku-orriak.
Horrez gain, “18 eta 55 urteko pertsonak izan daitezkeela hezur-emaileak” gogoratzen da esku-orrian eta hezur-emaile egitea nahi duten pertsonek deitu behar duten telefonoak eta helbide elektronikoa agertzen dira (94 403 3601, 943 007 000, 945 006 291, 900 303404 eta bermeodonamedula@gmail.com).
“Dena den, hezur-muinaren emaile izan nahi duten pertsonei erraztasunak eman nahi dizkiegu. Horregatik, formulario batzuk izango ditugu eta nahi duten pertsonek euren datuak ematen badigute guk deituko dugu”, azaldu dute. Horrez gain, facebooken ere perfil bat izango dute eta, horrela, sare sozialen bidez ere nahi duten pertsona guztiek, mezu pribatua erabilita, eurekin harremanetan jarri ahal izango dira (facebook: bermeodonamedula).
Martínez Sernak, Dominguezek eta Campillok adierazi dutenez, “informazio gehiago nahi duten pertsonek gurekin hitzordua hartu dezakete eta, guk, lehen eskuz, azalpen guztiak emango dizkiegu eta zalantzak argituko dizkiegu”.
Kanpaina honen berri emateko udal eraikinetan ere kartelak jarriko dira eta Bermibusek ere kanpaina honen promozioa egingo da, autobusean jarriko den biniloaren bidez.
Kanpaina hau epe luzerako dela azaldu dute antolatzaileek. Azaldu dutenez, Espainian %0,3 soilik da emailea”. “Urtean Espainian 5.000 pertsonei leuzemia diagnostikatzen diote, 7.000eri linfoma eta beste milaka pertsonei odoleko beste gaixotasun batzuk. Horietariko askok bizitzen jarraitzeko hezur muineko transplante bat behar izango dute eta hirutik batez ez du emailerik aurkitzen, erdiak umeak izanik”, azaldu dute.
Hortaz, “hezur-muinaren emaile izatearen garrantzia” azpimarratu dute, “bizitzak salba daitezkeelako”. Bermeoko alkateak eta herritarren taldeak kanpaina honetan parte hartzera hezur muinaren emaile egitera animatu dituzte herritarrak.
010 (94 617 91 00)