Albistea
Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta musikariek ‘Baga,Biga, Higa’ berbaldi musikatua eskainiko dute, abenduaren 18an, astelehenean, Bermeoko Jose Antonio Egia Udal Musika Eskolan. Bermeoko Udalak antolatutako ekimena arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da.
‘Baga, Biga, Higa’ ikuskizun multimedia horretan euskarazko musikaren transmisioa eta sustapena eragin gura dute Markezek eta Elorrietak eta ekitaldian biak izango dira hizlari eta kantari. Izan be, hitzez bakarrik ez, kantuz be islatuko dituzte ‘Baga’, iragana; ‘Biga’, oraina eta ‘Higa’, etorkizunerako erronkak eta aukerak.
Berbaldi musikatuaren bidez, gazteek eta generazio berriek Euskal Herriko musikagintza sakonago ezagutu, aukeratu, maitatu eta bizitzea lortu gura da.
Kantari eta musikagile biek euskal musikaren historia errepasatuko dute, 60. hamarkadako doinuetatik abiatuta eta gaur egunera arte. Holan, ikus-entzuleari euskal musikaren gaineko begirada eskaini gura zaio.
Ekitaldian hamarkada bakoitzeko musika euskarriak be hartuko dituzte kontuan; izan be, garai bakoitzean erabili den euskarriak informazio asko ematen du aro edo sasoi bakoitzari buruz. Horregatik, euskarri bako garaietatik hasi eta binilo diskoen aroa (60-70. hamarkadak), casetten aroa (80ak), CDen aroa (90ak), eta Mp3-en aroa (XXI. mendea) –euskarririk gabeko aro modernoa– landuko dira.
Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez
Eñaut Elorrieta (Gernika, 1975). Umetan eta gaztetan Lugarri taldeko abeslaria eta gitarra-jolea izan zen; gaztetxotan erromeriatan aritu zen Zabaleta Band taldeagaz, gitarra jole izan zen Mikel Urdangarinen lehen disko bietan eta 2000. urtetik Ken Zazpi taldeko abeslaria, gitarrajolea eta konposatzailea da.
Mikel Markez (Errenteria, 1971). Hamabost urtegaz hasi zen gitarra jotzen eta lehen kantuak egiten, jendaurreko saioak eskainiz. 1989an grabatu zuen lehen maketa, 1991n lehen diskoa (Eta etorri egin zait...), eta ordutik beste zortzi disko eta zuzeneko hainbat ikuskizun sortu ditu Pako Aristi idazleagaz batera.
010 (94 617 91 00)