Albistea
Ortube arrantzontzia berreskuratzeko proiektuak aurrera darrai, eta gero eta gehiago dira proiektuan interesa agertzen dutenak. Oraingoan, Bermeoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) sinatutako hitzarmen baten bidez, EHUko Historia fakultateko bederatzi ikasle Ortube ontzia berreskuratzeko lanetan aritu dira asteon, unibertsitateko kanpoko praktika akademikoen baitan; 19-20 urte bitarteko ikasleak dira, datorren ikasturtean hirugarren mailara doazenak, hain zuzen ere. Praktika horien helburua da ikasleek beren prestakuntza akademikoan jaso dituzten ezagutzak aplikatzea eta osatzea eta lan profesionalerako prestatzeko beharrezkoak dituzten gaitasunak eskuratzea, enplegagarritasuna errazteko eta euren ekintzailetza sustatzeko.
Ikasleak joan den domekan (uztailak 7) iritsi ziren Bermeora, eta astelehenean hasi ziren Ortube ontziaren berreskurapenean lan egiten, gaur dute azken eguna. Bost egunez, 08:00etatik 15:00ak bitartean, askotarikoak lantzeko aukera izan dute. Esperientzia honetan bidelagun izan dituzte, industria ingeniaria eta 2017. urtetik Ortube ontziaren berreskurapenaren buru den Juan Andres Diez Ulzurrun eta Joseba Agirreazkuenaga EHUko ikertzaile Doktoreduna.
Ortube berreskuratzeko lanetan parte hartuta, lantaldean sakondu ahal izan dute, izan ere, adierazi dutenez, historialariek taldean ikertzen ikasi behar dute. Era berean, berrikuntzaren fenomenoa aztertu ahal izan dute itsas arrantzan eta arrantzarako ontzietan, eta sorkuntza giroa asmatu ahal izan dute, bereziki, egurrezko arrantza ontzietan gertatutako bilakaera XIX-XX. mendeko arrantzarako ontzietan.
Egurrezko ontziaren berezitasunetan eta motorren arkeologia industrialean lan egin dute, ondasun historikoa den heinean. Modu horretara, egurrezko itsas ontziaren arkeologian sartu dira, eta ikasleak bertatik bertara ezagutu dute Ortube itsasontziaren egitura. Gainera, berreskurapenaren prozesuan erabilitako metodologia ikasi, ezagutu eta aztertu dute. Horrekin batera, Ortuberen inguruan mugitu izan diren pertsona eta behargin guztien etnografia ezagutzeko aukera ere izan dute, bai langileena eta baita ere ingurukoena. Arkeologia industriala ezagutzuko aukera ere izan dute, Ortube ontziak dituen Echevarria lantegiko motor eta bestelakoak ezagutuz.
Ikasleak “pozik” eta “gustura”
Bermeoko Udalarena den Almikako aterpetxean egon dira egunotan Historia fakultateko ikasleak, eta esperientziarekin “oso pozik” agertu dira. “Gustura” ibili dira lanean, “teoriaz haratago doazen praktikak” direla aipatuta. Ortuben irakasle izan dute, gainera, ikasturtean zehar Nautika Eskolako praktiketan ibili izan den ikasleetako bat.
Eskuz egindako lanak bai, baina gaiarekin lotura daukaten adituen hitzaldiak ere entzun dituzte Ortuben bertan, eta era berean, Bermeo eta inguruak ezagutzeko aukera izan dute. Mater ontzia Bermeoko portuan egon dela aprobetxatuta, bertara ere bisita egin dute. Horrez gain, Arrantzaleen Museoan eta Ekoetxea Urdaibain ere egon dira.
Ikasleek Juan Andres Diez Ulzurrunen “prestutasuna” nabarmendu gura izan dute, eta emandako laguntza guztia eskertu gura izan diote. Bere aldetik, Juan Andres “pozik” agertu da, eta aipatu du “harro” sentitzen dela, ikasleen inplikazioa ikusten duelako.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak eta Miren Gabantxo Uriagereka zinegotziak Ortube itsasontzia bisitatu dute, ikasleak egiten ari diren lana bertatik bertara ezagutzeko. Ikasleekin eta Juan Andres Diez Ulzurrunekin esperientziari buruz berba egiteko aukera izan dute, eta egindako lanagatik eskerrak eman dizkiete.
Udal arduradunak “oso pozik” agertu dira hitzarmenarekin, eta ikasleei eta Ortube itsasontzia birgaitzeko proiektuari ematen dizkien onurak nabarmendu dituzte, beste behin ere.
010 (94 617 91 00)