Albisteak

Albistea

Busturialdeko eskualdeak bat egin du euskarazko lana bideratzeko Beharsarea.net webgunearekin

Euskaraz egiten duten tabernari, dendari, ume zaintzaile eta bestelako lanen eskaera gero eta handiagoa da gure eskualdeko herrietan. Eskaera horri erantzuteko, Busturialdeko Euskara eta Gazteria zerbitzuak eta Behargintza Enplegu Zentroak Beharsarea.net webgunearekin bat egin dute.  

Beharsarea.net herritar guztien eskura dagoen euskarazko lana bideratzeko Interneteko ataria da, doakoa eta euskaraz egiten den lana eskaini eta eskatzeko tresna erraz eta eraginkorra. Busturialdeko udalek eskaintzen duten zerbitzu berri honetan lan bila dabiltzanak eta lana eskaintzen dutenak harremanetan  jartzeko bidea ematen da. Lan bila dabiltzanek izena eman behar dute webgunean eta zein herritan gura duten lan egin adierazi eta lana eskaintzen dutenek, berriz, lanaren ezaugarriak eta xehetasunak adieraziko dituzte formulario baten bidez. 

Horrela, bada, alde bietako interesatuak harremanetan jarri eta hortik aurrera bideratuko dute euren lan-harremana. 

Antolatzaileek azaldu duenez, baliabide honekin bi helburu betetzen dira: “enplegua bultzatu eta euskararen erabilera eta normalizazioaren prozesua garatu”. Gaineratu duenez,  Beharsarea zerbitzu bat da eta erabiltzaileek bi baldintza baino ez dituzte bete behar: “lan-baldintza duinak eskaintzea eta lana euskaraz egitea”. 

Interneteko atari honetan, Beharsarea osatzen duten udalerri eta mankomunitate bakoitzak bere gunea dauka, eta bakoitzaren gunera sartzen garenean, jada argitaratuta dauden iragarkiak ikus ditzakegu edo berriak sortu. Gainera, hasiera-orrialdetik bertatik ere aukera dugu Beharsarea osoan jendea zein lana bilatzeko argitaratu diren azken 7 iragarkiak ikusteko. 

Lanak zazpi kategoriatan sailkatuta egon arren (zaintzaileak, begiraleak, merkataritza, ostalaritza, eskola partikularrak, industria eta bestelakoak), lan-mota guztiak bideratzeko balio du Beharsareak. Ildo horretatik, lan partzialak zein lan profesionalak eskaini eta eska daitezke zerbitzu honen bidez. 

2011n sortu zen Beharsarea.net, Getxoko Euskara Zerbitzuak eta Egizu Euskara Elkarteak sustatuta. Urtez urte, gora egin du hasierako Beharsarea zena osatzen duten udalerri eta mankomunitateen kopuruak: 2012an, 25 udalerri batu ziren; 2013an, 20 udalerri; eta, 2014an, 2 udalerri (Basauri eta Galdakao) eta mankomunitate bat (Busturialdea) batu zaizkio ekimenari. Guztira, 68 udalerrik dute erabilgarri gaur egun Beharsarea tresna. Alkarbidek -Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilguneak- koordinatuta dago. 

“2014. urtean Buber sarietarako hautagaia izan da Beharsarea webgunea eta bigarren faserako sailkatu da «Euskarazko proiektua» kategorian”, adierazi du.

Beraz, lana euskaraz egiteko jendea behar dutenek, edota euskalduna bazara eta lana bilatu gura  dutenek, orain bidea dute Interneten: www.beharsarea.net.

12 / 03 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0