Albisteak

Albistea

Aiama Quartet, Federico Nathan Quintet eta Maciek Wojcieszuk Quintet Bermeoko XVIII. Jazzaldian uztailaren 1etik 3ra

Bermeoko XVIII. Jazzaldiak uztailaren 1etik 3ra hiru kontzertu eta jam session bat eskainiko ditu. Aurten Jazzber jaialdi honetan Amaia Izarzugaza bermeotarra buru duen Aiama laukoteak, Uruguayko erritmoak nagusi duen Federico Nathan boskoteak eta Maciek Wojcieszuk perkusionistaren ekimenaren ondorioz sortzen den Maciek Wojcieszuk boskoteak  parte hartuko dute. Kontzertu guztiak Kafe Antzokian izango dira 20:30ean eta sarrera doan izango da. Jam Sessiona Izaro Irish pub-ean izango da.

Aingeru Astuik, Bermeoko Udaleko Kultura zinegotziak, eta Joseba Verdes eta Igor Markaida Jizz-jazz taldearen kideek aurkeztu dute Jazzber 2015ren nondik norakoak gaur egindako prentsaurrekoan. Horrela, eskualdean egiten den jazzaldi bakarraren egitarauaren berri eman dute.  

Jazz jaialdia uztailaren 1ean, asteazkenean, hasiko da Kafe Antzokian Amaia Izarzugaza bermeotarra buru den Aiama laukoteak 20:30ean eskainiko duen kontzertuarekin. Bertan, eurek sortutako konposizioak aurkeztuko dituzte. Hauen jatorria jazz amerikarra eta kubatar bolero erromantikoak dira eta Amaia Izarzugazak interpretatzen ditu pianoan eta ahotsean, euskaraz eta ingelesez. Beste taldekideak Alemania, Grezia eta Koreatik datoz.

Uztailaren 2an, ostegunean, Federico Nathan Quintet boskotearen txanda izango da Kafe Antzokian 20:30ean. Proiektu hau 2008an sortu zuten Nathan anaiek, Federicok eta Maximilianok, hain zuzen ere. Taldeak jazz garaikidea eskaintzen du estilo anitzekin, baina batez ere, euren herria den Uruguayko candombe, murga eta tango estiloak dira nagusi euren errepertorioan. 2013an Rumaniako Bucharest International Jazz Competitionean talderik onenaren saria ere lortu zuten.

 

Maciek Wojciesszuk Quintet boskoteak eskainiko du kontzertua uztailaren 3an, ostiralean, Kafe Antzokian 20:30ean. Maciek Wojcieszuk perkusionistaren ekimen baten ondorioz sortzen da Maciek Wojcieszuk Quintet proiektua. Honen lanak bere esperientzia zuzenaren eraginak islatzen ditu, ez soilik jazz munduaren ingurukoak, baita ere beste genero batzuetakoak:  rocka, zelten musika, Balkanetako folka eta antzerkirako bereziki sortu dituen musika ekoizpenena.

Uztailaren 3an ere, ostiralean, ohizko Jam Sessiona izango da Izaro Irish Pub-ean da 22:00etatik aurrera.

 

Aingeru Astuik gogoratu duenez, Jazzber eskualdean ospatzen den jazz jaialdi bakarra da. Horrela, bere esanetan, jaialdi honek, Bermeo eta inguruko herrietako jazz musika zaletuei eta musika zaleei orokorrean, kontzertuekin gozatzeko eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukera ematen die. Hori dela eta, Kultura zinegotziak pertsona guztiak XVIII. Jazzber honetan parte hartzera eta kontzertuekin disfrutatzera gonbidatu nahi izan ditu.

Jazzber jaialdia Bermeoko Udalak,  Jizz-Jazz Kultur Taldearekin batera antolatzen du. Laguntzaileak Bizkaiko Foru Aldundia, Izaro Irish Pub, Bermeoko Kafe Antzokia, Oizmendi Telebista eta Itsuki Irratia dira.

12 / 06 / 2015

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0