Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Merkataritza eta Turismo Mahaia eratzea onartu du gaur goizeko Osoko Bilkuran

-Mahai honen helburua da Bermeoko komertzio, ostalaritza eta turismo sektorea sustatzea eta Udalaren eta sektore hauen arteko kontsultarako, partaidetzarako, koordinaziorako eta lankidetzarako foroa izatea.

Bermeon, 2021eko azaroaren 26an.-  Bermeoko Udalak Merkataritza eta Turismo Mahaia eratzea onartu du gaur goizeko Osoko Bilkuran horretarako araudia onartuz. Lankidetza publiko-pribatu honen helburua da Bermeoko komertzio, ostalaritza eta turismo sektorea sustatzea eta Udalaren eta sektore hauen arteko kontsultarako, partaidetzarako, koordinaziorako eta lankidetzarako foroa izatea.

“Merkataritza eta Turismo elkarlanerako foro egoki bezain emankorra izango dela uste dugu. Lankidetza publiko-pribatu honi esker, sektore hauek bultzatzeaz gain, harreman zuzena izateko aukera berria izango dugu. Udalak beti mantendu izan du komunikazioa herriko merkataritza, ostalaritza eta turismo sektoreekin, baina mahai honen eraketarekin pausu bat gehiago eman dugu. Foro honetan izan ditzakegun kezkak, galderak, iritziak… konpartitu ahal izango ditugu lasaitasun osoz eta sektorearentzat, eta ondorioz herriarentzat, onuragarriak izan daitezkeen ekimenak landu ahalko ditugu ikuspegi desberdinak mahaigaineratuz”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Gainera, ezin ahaztu dezakegu sektore hauek guztiak zuzenean kolpatuak izan direla COVID-19aren pandemia honetan. Zentzu horretan Bermeoko Udalak “Nik BermeON” kanpainaren aterkipean herriko ekonomia berraktibatu eta kontsumo lokala sustatzeko hainbat neurri hartu ditu. Bide bertsutik dator orain mahai hau ere; elkarlana eta zuzeneko hartu-emana balioan jarriz estrategia bateratuak lantzera.

Mahai honen zereginak izango dira, besteak beste:

-          Bermeoko merkataritza, ostalaritza eta turismo sektoreei laguntzea, partehartzeko eta kontsultarako foro bat sortuz.

-          Bermeoko merkataritza eta turismo sarea sustatzeko, dinamizatzeko eta suspertzeko lan egitea, Udalak egiten dituen merkataritza politiketan Merkataritza Mahaiko kideen partehartzearen eta adostasunaren bidez.

-          Tokiko merkataritzaren eta turismo sektorearen onurarako -eta, ondorioz, Bermeorako- estrategiak eta ekintzak udalari proposatzea.

-          Merkataritza eta Turismo Mahaiak adostutako proposamenak abiaraztea.

-          Merkataritza eta Turismo Mahaian sortutako ekintzen jarraipena egitea.

-          Eraberritzea bultzatzea prestakuntzaren, ikastaroen, hitzaldien… bitartez.

Tokiko merkataritzan eta turismo sektorean kontsumoa handitzeko komunikazio, sustapen eta animazio komertzialeko kanpainak proposatzea eta egitea, Bermeoko biztanleen mesederako.

26 / 11 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0