Albistea
Bermeoko Udal Liburutegiak eta Euskera Sailak antolatzen duten irakurleen txokoak lehenengo etapari bukaera emango dio balorazio guztiz positiboarekin, eta urritik aurrera etapa berri bati ekingo dio. Etapa berri honetan Alaine Agirre idazle bermeotarra izango da irakurle txokoaren dinamizatzailea.
Bermeoko Udaleko Euskara Sailak eta Liburutegiak gogoratu dutenez, irakurleen txokoaren bitartez, hilean behin, interesa duten pertsonak biltzen dira eta euskarazko liburu bati buruz hitz egiten dute. Horretarako, dinamizatzaile baten laguntza du taldeak eta partaide bakoitzak liburu horri buruzko iritzia azaltzen du.
Irakurleen txokoaren ibilbidea 2011ko urtarrilean hasi zen eta 2016ko maiatzera arte iraun du etapa bati amaiera emanez. Urte hauetan Isa Castillo izan da ekimenaren dinamizatzaile eta batez beste, zortzi liburu irakurri eta horiei buruz berba egin dute ikasturte bakoitzean.
“Hasieran talde txikia izan bazen ere, urteek aurrera egin ahala, hazten joan da eta azkenean, 15 lagun inguru batu gara irakurleen txokoan”, azpimarratu dute. Hileroko dinamikaz gain, idazleekin topaketak eta solasaldiak egin ditu irakurleen txokoak Bermeon eta idazleen herrietan.
Horrela, Axel Luzarraga, Jasone Osoro, Irati Jimenez, Arrate Egaña, Uxue Alberdi, Miren Agur Meabe eta Alaine Agirre idazleen eta Maite Gurrutxaga ilustratzailearen lana lehen eskutik ezagutzeko aukera eta idazleekin berba egiteko eta euren lanari buruzko iritziak, kezkak eta bestelakoak adierazteko aukera izan dute Irakurleen txokoko parte hartzaileek.
Izan ere, idazleekin izandako hartu emanak oso ondo baloratu dituzte, “oso interesgarria izan baita idazleak ezagutzea, euren herrietan eurekin egotea, topaketa hauek euren lana hobeto ulertzeko eta ezagutzeko aukera paregabea eskaini dutelako”.
Orokorrean, irakurleen txokoaren lehenengo etaparen balorazioa oso positiboa izan da, Bermeoko Udalaren Euskara Sailaren esanetan, helburuak bete dituelako, hau da, “euskarazko literaturaren irakurzaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak ezagutzera ematea, talde egonkorra lortzea eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea”.
“Orain etapa bati amaiera eman zaio eta berri bati hasiera emango diogu urriaren 19an aurkezpenik behar ez duen Alaine Agirre idazlea dinamizatzaile gisa eta seguru gaude garai berri hau oso oparoa izango dela euskal literaturaren zaletasuna bultzatuko duela parte hartzaileen artean”, nabarmendu dute.
“Orain etapa bati amaiera eman zaio eta berri bati hasiera emango diogu urriaren 19an aurkezpenik behar ez duen Alaine Agirre idazlea dinamizatzaile gisa eta seguru gaude garai berri hau oso oparoa izango dela euskal literaturaren zaletasuna bultzatuko duela parte hartzaileen artean”, nabarmendu dute.
010 (94 617 91 00)