Albistea
Asiako liztorrari buruzko ikastaro praktikoa eskainiko dute Mañuko aterpean, abuztuaren 25ean, barikuan, Gaizka Aurrekoetxeak, Bermeoko Udaleko Ingurumen teknikariak, eta espezie horren kontrolean adituak diren Itxaso Elordui-Zapatarietxe biologoak eta Jon Duran tratamendu teknikariak. Ikastaroa 18:30ean hasiko da eta ordu te erdi inguru iraungo du.
Hitzaldi praktiko horretan Asiako liztorrari buruzko azalpenak emango dituzte; izan ere, azken urteetan izan dugun izurri kaltegarrienetakoa da, orain zortzi urte inguru heldu zen Euskal Herrira, oso azkar zabaldu da eta hainbat dira sortzen dituen kalteak: intsektu mota asko jaten ditu, erleak batik bat; fruta-arboletan kalteak sortzen ditu eta bere ziztada arriskutsua da gizakientzako”.
Horrela, hitzaldian, Asiako liztorraren biologia bitxia errepasatuko da, azken urteetan Bizkaian eta Bermeon izurri hori kontrolatzeko egindako lana azalduko da eta espezie horri aurre egiteko gaur egun dauden metodo ezberdinen berri ere emango da. Lan horren emaitzak erakusten dituzten datuak ere erakutsiko dituzte; izan ere, azken hiru urtetan burututako kanpaina desberdinei esker, aurton Bermeon aurkitutako liztorren habia kopurua nabarmen jaitsi dela ikusi izan da.
Horrez gain, ikastaroa praktikoa izango denez, hainbat gauza erakutsiko zaizkie bertaratzen direnei: nola bereizi Asiako liztorra beste antzeko espezie batzuengatik, nola identifikatu haien habiak, zelan prestatu etxeko tranpak modu sinplean eta beste espezie batzuk kaltetu gabe… Ildo berean, espezie horri buruz parte hartzaileek dituzten zalantza eta galdera guztiak erantzuten saiatuko dira hizlariak.
Hortaz, Amaia Elorzak, Bermeoko Lurgintza zinegotziak, herritar guztiak eta bereziki auzoetako bizilagun guztiak gonbidatu ditu hitzaldi praktiko honetara, “guztiontzat interesgarria izango delako”.
010 (94 617 91 00)