Albistea
BOSTALE, Bermeoko ostalarien elkartea, gogor dabil lanean Bermeoko ostalaritza sektorea indartzeko. Hori lortzeko, batetik, barne lan garrantzitsua egiten ari da (dinamizazioa, formakuntza…) eta, bestetik, hainbat ekimen erakargarri abiaraztea aurreikusten du, herritarrentzat zein turistentzat.
Guzti horren berri emateko prentsaurrekoa eskaini dute gaur Karmele Sanchezek, Patxi Erauzkinek eta Cari Gonzalezek Bostale elkarteko ordezkariek, Irune Ormaetxearekin, Bermeoko Garapen zinegotziarekin. Bertan, gogoratu dutenez, Bostale 2012. urtean sortu zen, eta gaur egun 30 kide dauzka. “Gure helburua da herriko ostalaritza sektorea indartzea, ekintza bateratu eta koordinatuen bidez bazkide bakoitzaren baliabideak hobetzeko”, adierazi dute Bostaleko kideek.
Aipatutako helburuak lortzeko promozio ekintzak martxan jarri nahi dituzte, eta herritarrentzat zein turistentzat ostalaritza sektorea erakargarria izateko lan egiten ari dira; izan ere, Bostalek argi du bere kide bakoitzaren irudiak eragin handia daukala Bermeoren irudian: Bermeon ondo jaten da, Bermeon eguna pasatzeko herri aproposa da, Bermeon giro bikaina dago…
Horregatik, adierazi dutenez, BOSTALEren apustua da Udalarekin batera lan egitea herriaren irudia hobetzeko eta indartzeko. “Enpresa pribatuaren inplikazio maila herri garapenean gero eta garrantzi handiagoa dela uste dugu, Udalaren eta entitate publikoen esfortzuak behar den eragina izateko ezinbestekoa delako sektore pribatuaren inplikazio aktiboa”, azaldu dute.
Bostaleko kideek azaldu dutenez, Bermeok izan duen garapen turistikoa kontuan hartuta eta etorkizunari begira horrek eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko, “Bostale elkartean indarberrituta gaude eta lan egiten ari gara, batetik, gure eskaintza hobetzeko eta, bestetik, dinamizazio lanetan, enpresaren eta herriaren eskaintza hobetzeko”.
Formazioa eta dinamizazioa
Ildo horretan, adierazi dutenez, Bostalen argi dute hobekuntzak lantzeko formazioa oso garrantzitsua dela, egoera berrietara egokitzeko eta hain berriak ez diren egoerak berraztertzeko, hain zuzen ere. Horretarako, BEHARGINTZAk eskaintzen duen zerbitzua erabiliko du Bostalek. Elkarteak formazioan duen beharra aurkeztuko dio Behargintzari, Behargintzak aztertu ondoren elkarrekin lan egiteko. Bostaleren helburua urtean gutxienez bi formazio bideratzea da, eta ahal den neurrian bata uda baino arinago eta bestea uda ostean.
Bestalde, BOSTALErentzat momentu honetan dinamizazio zerbitzu bat izatea guztiz beharrezkoa da, batetik barne dinamizazioa bideratzeko, eta, bestetik, ekintzen dinamizazioa bideratzeko.
Horrela, BOSTALEk dinamizazio zerbitzu bat kontratatu du, hurrengo lan hauek egiteko: kideen zalantza konkretuei erantzun konkretuak eman, batez ere arautegiari dagozkienak; horniduren prozesu berriak aztertu kostuen aldetik hobekuntzak izateko; zerbitzu berriak eskaini kidei: lan poltsak, erosketa bateratu batzuek..; kide berriak bildu eta sektoreari dagozkion arautegietara egokitzen lagundu.
Horrez gain, dinamizazio lan horren bidez partaidetza aktiboa izango da herriko jai batzordean eta udalarekin elkarlana bideratuko da ekintza zehatzetan eta ostalaritza sektorearekin zer ikusia duten esparruetan.
Ildo horretan, adierazi duenez, BOSTALEk 2019. urteko etapa berri honetan, “partaidetza aktiboa izango du Jai Batzordean”, bere ustez, “dinamizazioan ezinbestekoa delako Udalarekin eta beste elkarte batzuekin elkarlanean lan egitea, guztien esfortzuak batuta betiere emaitzak hobeagoak direlako”.
Gainera, adierazi duenez, BOSTALEk dinamizazio ekintzak urteko sasoi ezberdinetan bideratu nahi ditu horretarako herriko gune ezberdinak erabiliz: Aldezarra, Portuzarra, Erribera, Lamera…
Ekintzak
Ekintzei dagokienez, hasiera emateko martxoaren 1ean Bostaleko kideek zozketa bat abiaraziko dute. Taberna bakoitzak 200 tiket banatuko ditu bere bezeroen artean eta martxoaren 2an Bostaleren facebooken agertuko dira taberna bakoitzaren irabazleak. Irabazleek ardoa eta pintxo pare bat dohainik izango dituzte.
Horrez gain, maiatzean, Arrain Azokan, bere 25. urteurrenean, parte hartze aktiboa izatea aurreikusten dute tailer bat eskainiz. “Arrain Azokak eragin ekonomiko handia dauka sektorean, eta guk bertan parte-hartzea garrantzitsua da herriko eskaintza ere hobetzeko”, azaldu dute.
Horrez gain, Bostale ekainerako proiekzio handiko ekimen bat lantzen ari da. Ekimen hori herri mailan izango da eta, erronka hori lortu ahal izateko, elkarte, erakunde eta pertsona askoren elkarlana beharrezkoa izango da. “Horrela elkarlanarentzat esparru berriak bilatuko ditugu eta herri mailako eskaintza hobetuko dugu, jendea erakarriz eta Bermeoko herria hedabideetan zabalduz”, azpimarratu dute.
Bestalde, Bostaleko kideek adierazi dutenez, Bermeo, Bermeo Tuna World Capital izendatua izatea oso positiboa da, “herrian martxan dagoen ekonomiarentzat zein BTWCek sortu ahal dituen ekonomia berrientzat.” BTWCek bere lana islatzeko herritar eta bisitarien artean BOSTALE eragile “oso interesgarria” dela adierazi dute bere kideek.
Horregatik, jakinarazi dutenez, BOSTALEk iaz Bermeoko Turismo Bulegoak martxan jarri zuen Tuna Pintxo Tour ekimenarekin jarraituko du, eta iazko eskaintza hobetzea aurreikusten du. “Horrela, herri mailan, uztailean eta abuztuan tour hau eskainiz eskaintza gastronomiko garrantzitsua izango dugu gure herritarrentzat eta turistentzat, bertoko produktuari behar zaion zabalkundea emanez”, azpimarratu dute.
Horrez gain, Bermeoko jaietan ere tailer bat martxan jartzea aurreikusten dute. Aipatutako ekimenez gain, BOSTALE elkartea prest dago dinamizazio ekintza gehiago egiteko eta baliteke urtean zehar ekimen gehiago ere egitea.
Bostale elkartea gaur egun ostalaritza sektoreko enpresak bakarrik osatzen dute, baina kideek adierazi dutene etorkizunera begira ontzat joten dute beste enpresa mota batzuk ere aukera izatea elkarteko kide izateko: aisialdiko enpresak edo elkarteak, alojamenduak, dendak… “guztion artean lan eginda emaitzak onagoak izango direla seguru gaudelako”.
010 (94 617 91 00)