Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak ‘Gu ere Bertsotan’ programa abian jarri du ikastetxe guztietan, gaztetxoen artean bertsozaletasuna sustatzeko

 

Bermeoko Udalak  ‘Gu ere Bertsotan’ egitasmoa abian jarri du herriko ikastetxe guztietan, gaztetxoen artean bertsozaletasuna sustatzeko helburuarekin. Laugarren urtez jarraian Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sustatutako programa da ‘Gu ere Bertsotan’, eta, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik, LHko seigarren mailako 176 ikaslek landuko dute bertsolaritza ikasgeletan 2016/17 ikasturtean. 

Horrela, Eleizalde Ikastolako, San Frantzisko HLHIko eta Sagrado Corazón ikastetxeko ikasleek "Mundu bat bertso" izeneko liburua landuko dute ikasturte honetan. 

Derrigorrezko Bigarren Heziketan ere, lehenengo mailan, bat bateko talde bat egongo da martxan ikasturte honetan, Ignacio Arozena Institutuan, hain zuzen ere. Talde horretan, 12 eta 13 urteko 9 gaztek parte hartuko dute. 

Juan Karlos Agirrek, Gazteria Saileko zinegotziak, azaldu duenez, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak aurrera daraman egitasmo honetan, bertsolaritzari buruzko oinarrizko ezagutza bermatzeaz gain, ikastetxeetan zein herrian bertsozaletasuna sustatzea dira helburu nagusiak. “Ikasgelan egiten den beharrari ikasgelatik kanpo jarraipena ematen zaio, gaztetxoen bat-bateko kanturako taldeak sortuz eta bertso eskolara hurbildu daitezen zubi lana eginez”, gaineratu du. 

Agirrek adierazi duenez, ahozkotasunaren bidez, lau arlo lantzen dira: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak. Astero edo hamabostero, ordu batez, bertso-jolas eta ikus-entzunezko baliabideek lagunduta, ikasturtean egiten diren jaialdietarako bertsoak prestatuko dituzte eta jendaurrean zelan egon eta zelan jokatu ikasiko dute. Gainera, urtean zehar hainbat ekintza egingo dira, besteak beste, eskolen arteko topaketak edota bertso kantaldiak. 

Horrela, ikasturtean zehar ikastetxe barruan egindako lana kalera ateratzeko asmoarekin, 2016/2017 ikasturteari amaiera emoteko, ikastetxe eta bat-bateko talde guztien arteko bertso topaketa egingo da 2017ko maiatzean, bigarren urtez jarraian. 

Aurrekariak 

Gazteria saileko zinegotziak gogoratu duenez, 2013/2014 ikasturtean, Bermeoko Udalaren, Bermeoko ikastetxeen eta Bizkaiko Bertsozale Elkartearen arteko alkarlanaren bidez, epe luzeko erronka bateri hasiera eman zaion, eta etorkizunean Bermeon bertsozaleak, bertsolariak, epaileak, gai jartzaileak… egon daitezen lanean hasi ziren. Hezkuntza Arautuan oinarriak jartzea izan da lehen pausoa baina proiektua hasikeratik egon da herrira begira. Holan ba, etorkizun hurbil batean herri mailako bertso eskola bat izatea da helburua. 

Bizkaian 26 bertso eskola asko dagoz, eskualde guztietan, hirigunean zein herrietako auzoetan. Batzuk asteroko dinamikaz, beste batzuk afal giroko kantuaren hotsez, bertsotara hurreratzea eta bertso munduan eragile aktibo izatea dute helburu. Bertsolariak plazaratzea, gazteak kantura ohitzea, gai jartzaile, epaile eta bertso saio antolatzaileen harrobia izatea… asko dira bertso eskolen funtzinoak.

24 / 10 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0