Albisteak

Albistea

Areneko kiroldegia irailaren 1etik 16ra itxiko da, beharrezko mantenu lanak egiteko

Urtero egin modura, Areneko kiroldegiak ateak itxiko ditu irailaren 1etik 16ra bitartean (egun biak barne). Instalazioak ixtea “ezinbestekoa” da beharrezkoak diren mantenu lanak egin ahal izateko. Bermeoko Udalak onartutako egutegia betez, Areneko kiroldegiak irailaren 17an zabalduko ditu ateak, lanak egin ostean.

Kiroldegia itxita dagoen bitartean, besteak beste, igerilekuak hustu, zirkuitu guztiak garbitu eta inguruak egokituko dira. Gainera, legionellaren aurkako tratamendua egingo da, ur beroaren eta hotzaren zirkuituetan, eta DDD tratamendua ezarriko da, intsektuen, arratoien eta mikrobioen aurkakoa. Era berean, makineria mekanikoa erabilita, garbiketa orokorra eta sakona egingo da.

Bestalde, igerileku handiaren eta ertainaren zirkuituak banatu egingo dira, eta modu horretara, igerileku bakoitzak bere zirkuitu autonomoa izango du. Hori eginda, posible izango da, ura tenperatura desberdinetara jartzea. Kirol sailetik azaldu dutenez, proiektu “mardula” da: “ Ahal izan dena  egin da kiroldegia zabalik dagoela. Epeak betetzea espero dugu, eta kiroldegiak bere ateak zabaltzen dituenerako ia guztia prest egotea”.

Kiroldegia itxita dagoela aprobetxatuta, teilatuan ere mantentze lanak egingo dira, “neguan, euriarekin zein haizearekin arazorik ez izateko, batez ere, itoginak ekiditeko”.  

Eta, azkenik, beste zenbait konponketa txiki egitea ere badaude aurreikusita; igerilekuan, biltegian, makina gelan, kiroldegiko kanpoko aldean eta aldageletan.

30 / 08 / 2024

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0