Albistea
Bermeoko berbekin jolasean aritzeko Eingule? lehiaketa berritasunekin dator hirugarren urtean ere. Oraingoan, egun bakarreko lehiaketa izango da, eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak girotuko ditu. Gazteen parte hartzea bultzatu gura izan du Bermeoko Udalaren Euskara Sailak, horregatik, Txosna batzordearekin harremanetan jarri, eta txosna gunea zabaltzen den egun berean lehiaketa egitea adostu da. Modu horretara, Eingule? lehiaketa irailaren 6an (barikua), egingo da, 20:30ean, txosna gunean bertan.
Lehiaketak Bermeoko hizkera, identitatea eta kultura zabaltzea du helburu, eta herritarrei nortasuna ematen dion hizkerak egunerokotasunean duen baliagarritasuna agerian utzi gura da. Eingule? lehiaketa Euskara Sailak sustatutakoa bada ere, Berdintasun eta Gazteria sailen laguntza izan du.
Eingule? lehiaketa Txosna batzordeak antolatutako kuadrillen arteko lehiarako puntuagarria izango da. Hala eta guztiz ere, herritar guztiei zabalik dago parte hartzea; banaka, bikoteka edo taldeka parte hartu ahalko da. Kahoot formatua erabiliko da lehiaketarako, eta telefono mugikor bidez jolastu beharko da.
Parte hartzaileek 30 galdera erraz erantzun beharko dituzte, eta puntuazio altuena lortzen duten lehenengo hiru parte hartzaileek jokatuko dute finala. Erantzuteko denbora eta ondo erantzutea kontuan izango dira puntuazioetarako. Sariak herriko denda batean gastatzeko 60€, 100€ eta 150€-ko txartelak izango dira.
Bideoak sare sozialetan
Aurten ere, herritarrak berba egiten jarri ditugu, herrian erabiltzen diren berba errazak berreskuratzea da helburua. Hartara, domekan hasi eta lehiaketa egunera arte sei bideo zabalduko dira sare sozialetatik, eta bideoetan erabiltzen diren berba erraz horiek ahalik eta gehien zabaltzea da asmoa, herritarren artean berba horiek berreskuratzeko asmotan.
Horrez gain, Eingule? lehiaketaren egunean bertan, hainbat mezu dituzten pegatinak banatuko dira txosna gunean.
Bermeoko Euskara zinegotzi Iker Bilbao San Nikolasek lehiaketan parte hartzera animatu ditu bermeotarrak: “Gure hizkera eta nortasuna balioan jarri nahi ditugu. Hizkerak berak gure nortasuna definitzen du, eta gurea berreskuratu eta indartu nahi dugu. Aurten, gazteen parte hartzea bultzatu gura izan dugu, hala eta guztiz ere, edozein herritarrek parte har dezake. Ahalik eta jende gehienak parte hartzea espero dugu. Animatu datorren barikuan txosna gunera bertaratzen, euskararekin ondo pasatzeko aukera izango duzu herriko jaien atarian”.
010 (94 617 91 00)