Albisteak

Albistea

Turismo webgune berria martxan du Bermeoko Udalak: www.bizibermeo.eus

Bisitarientzat interesgarriak diren gaiak kontuan hartuta diseinatuta dago eta Bermeoko eskaintza turistikoa era erakargarri eta praktikoan erakustea du helburu

 

 

Turismo webgune berria martxan du Bermeoko Udalak: www.bizibermeo.eus Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo zinegotziak, eta Bego Gangoitik, Bermeoko Turismo Bulegoko arduradunak, aurkeztu dute webgune berri hau gaur prentsaurrekoan, eta, adierazi dutenez, “bisitarientzat interesgarriak diren gaiak kontuan hartuta diseinatuta dago, eta Bermeoko altxorrak eta eskaintza turistikoa era erakargarri eta praktiko batean erakustea du helburu”. Telefono mugikorretan erabiltzeko ere egokituta dago.

 

Ormaetxeak nabarmendu duenez, webgunea gaur egun “ezinbesteko” tresna bat da “turismoa sustatzeko”; izan ere, “bidaiak antolatzeko orduan egun pertsona askok eta askok internet bidez bilatzen dugu informazioa”.

 

“Turismoa sustatzea Bermeoko  Udalaren apustua garrantzitsua da, eta hori lortzeko funtsezkoa da webgune berritzailea, erakargarria, praktikoa eta dinamikoa izatea. Horregatik lan hori egin dugu eta emaitza gaur aurkezten dugu: www.bizibermeo.eus, gure toki ederrak, gure produktuak, eta gure herrian gozatzeko aukera ezberdinak erakusteko erakusleiho aparta”, gaineratu du.

 

Gangoitik eta Ormaetxeak azaldu dutenez, www.bizibermeo.eus webgunea ez da euskarri estatiko bat izango, aldakorra eta dinamikoa izango da; izan ere, etengabe eguneratu eta gaurkotuko da informazio berriarekin.

 

Webgune berrian Bermeoko Udalak Bermeoko xarmak erakusten dituen bideo ederra erakusten da, eta, zelan ez, gure altxorrak diren Gaztelugatxeko San Juan eta Matxitxakori buruzko informazioa eskaintzen da. Horrez gain, bisitariari nola heldu, non jan eta non lo egin azaltzen dio eta Bermeon ikusi beharreko 10 leku ederrenak eta 10 begiraleko ikusgarriak erakusten dizkio.

 

Negua izanik, neguan Bermeon egin ahal diren hamar plan erakusten dio webguneak bisitariari eta itsasora irten nahi badu, zelan egin azaltzen dio. Mendia ere Bermeoren indar-gune dela gogoratzen du eta horri buruzko informazioa ematen du, eta Bermeon neguan umeekin egin daitezkeen planen berri ere ematen du.

 

Bermeotik kanpo baina inguruan bisitatu daitezkeen hamar tokiri buruzko azalpenak ematen dira webgunean eta Bermeoko agenda ikus dezake bisitariak gure ekintza eta jaien berri izateko eta herriko kultura eta nortasunean murgiltzeko.

 

Bermeok turismo aktiboa egiteko aukerak eskaintzen ditu. Horien artean, Nordic walking gunea da eta horri buruzko informazioa ere eskaintzen du, besteak beste.Gangoitik zehaztu duenez, hainbat informazio esteka bidez eskaintzen du, informazio eguneratuagoa izateko; esate baterako, garraioen ordutegiak.

 

www.bizibermeo.eus webgunea momentu honetan euskaraz eta gazteleraz dago, baina otsailean frantsesez eta ingelesez ere egongo da; izan ere, “kontuan izan behar dugu gure herrira Espainia, Frantzia, Ingalaterra edota Estatu Batuetako gero eta pertsona gehiago datozela eta informazioa haien hizkuntzetan eskaintzea garrantzitsua da”.

 

Hala ere, “kontuan hartuta Euskal Herrira datozen bisitari gehienak gure kultura eta nortasunak erakarrita datozela, gure kulturaren ardatza den hizkuntza, euskeraren presentzia, funtsezkoa” dela uste dute.

  

Webgune aktiboa eta dinamikoa

 

Bestalde, Ormaetxeak esan duenez, “gure xedea da webgune aktibo eta dinamikoa izatea, hori dela eta, datozen hilabeteetan bideoak eta urte sasoi bakoitzari dagozkion argazkiak eta informazioa eguneratuko dira”.

 

Ildo horretan, zehaztu duenez, “egun, webgunean neguko irudiak ikus ditzakegu neguan gaudelako eta neguan Bermeo zelakoa den eta zer egin daitekeen erakutsi nahi dugulako; baina informazio hori aldatzen joango da”, esan du Ormaetxeak.

 

“Bermeoko herriko informazioa ezezik, inguruko interesguneetakoa ere agertzen da; izan ere, Bermeora datorren bisitariak Urdaibai ere bisitatzen du eta interesgarria da informazio hori ere eskaintzea”, azaldu du Gangoitik.

 

Bestalde, agenda webgunearen beste atal garrantzitsu bat dela nabarmendu du; gure herrian dauden ekimen kulturalak, kirol ekimenak, jaiak, azokak edota bestelakoak “oso interesgarriak izan daitezkeelako bisitariarentzat”. “Momentu honetan, esate baterako, Aratusteetan Bermeon ospatuko diren hainbat ekintzen berri ematen da”, gaineratu du.

 

Ormaetxeak eta Gangoitik azpimarratu dutenez, www.bizibermeo.eus webgunea bisitarientzat eta bermeotarrentzat ere bai “interesgarria, erakargarria eta praktikoa izatea espero dugu, bermeotarrok baikara gure herriaren enbaxadore onenak”. “Bermeoko Udalak webgunearen jarraipen zehatza egingo dugu, erabiltzaileen beharrizanetara egokitzeko, turismoa sustatzeko ezinbestekoa dela uste dugulako”, adierazi dute.

 

Turismo zinegotziak adierazi duenez, gero eta gehiago dira gure herrira datozen bisitariak; izan ere, azken hiru urteetan %38 inguru igo da Bermeoko Turismo bulegotik pasa den turista kopurua, eta nabarmentzekoa da 2017an gure Turismo bulegoak azken 17 urteetako daturik onena izan duela, 43.000 bisitaritik gora izan baitzituen. “Aukerak aprobetxatzen jakin behar dugu, bai erakunde publikok bai turismoari begira lanean dabiltzan guztiek”, nabarmendu du. 

Testu-koadroa: www.bizibermeo.eus www.visitbermeo.eus www.bermeo.eus/turismo  

 

 

 

 

09 / 02 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0