Albisteak

Albistea

6,8 milioi euro Bermeoko eraldaketa urbanistikoan aurrerapausoak emateko

  • Txibitxiaga, Itxasbegi, Iparragirre, Kurtzio eta Zarragoitxin hainbat hobekuntza lan egingo dira. Besteak beste, igogailu bat, 75 plazako parkinga eta irisgarritasuna hobetzeko lanak burutuko dira 2022-2025 urteen artean
  • Hobekuntza hauek Bermeoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak Sailaren inbertsioei esker egin ahal izango dira

 Bermeon, 2022ko abenduaren 16an.- Bermeok aurrerapausoak ematen jarraitzen du bere eraldaketa urbanistikoan. Izan ere, 2022 eta 2025. urteen artean, Txibitxiaga, Itxasbegi, Iparragirre, Kurtzio eta Zarragoitxin hainbat hobekuntza lan egingo dira. Besteak beste, igogailu bat, 75 plazako parkinga eta irisgarritasuna hobetzeko lanak burutuko dira, berrurbanizatze lanez gain. Hobekuntza lan hauek Bermeoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak Sailaren 3,4 milioi euroko inbertsioari esker egingo dira.

Gainera, ‘degradatutako gune’ kontsideratuta dagoen guneko (Iparragirre kalea 1, 2, 3  eta 4 eta Grupo Txibitxiaga 1, 2, 3 eta 4) etxebizitza pribatuetan hobekuntzak egingo dira. Guztira, 90 etxebizitzetan egingo dira hobekuntza lan hauek. Besteak beste, fatxadak konpondu, igogailuak jarri, patioak hobetu, saneamenduetan lanak burutuko… dira. Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak sailak ematen dituen dirulaguntzei esker egingo dira lanak. Azken lan hauek egiteko 3,4 milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak.

“Gure herriaren hirigintza-aldaketan beste mugarri bat ezarriko dugu. Proiektu hau udalerrian martxan dauden inbertsioen zerrenda luzeari gehitu behar zaio. Inbertsio horien artean daude Artza-Erreten zeharbidea berritzea, Esparru eta Atalde artean igogailua instalatzea, Tala Aritzatxurekin lotuko duen bidexka egitea, Bermeo eta Mundaka lotuko dituen bide berdea eta sarrera berria egitea… Gure helburu estrategikoetako bi dira herritarren bizi kalitatea eta herriko irisgarritasuna hobetzea eta, zalantzarik gabe, proiektu hauek guztiek bat egiten dute helburu nagusi horiekin”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Obra publikoa:

Itxasbegi auzoan 75 plazako parkinga egingo da, inguruko aparkaleku arazoak arintzea helburu duena. Gainera, Txibitxiaga kalea (6 eta 8 zenbakien artean) eta Itxasbegi kalea (1. zenbakiaren aurrean)  igogailu bidez lotuko dira. Lan hau burutzeko Itxasbegi kalean plataforma bat jarriko da. Grupo Txibitxiagan irisgarritasuna hobetuko duten lanak burutuko dira eta, gainera, oztopo arkitektonikoak kenduko dira. Iparragirre 1, 2, 3 eta 4 zenbakien artean ere irisgarritasuna hobetuko da eta berrurbanizatze lanak egingo dira.

Bestalde, Kurtzio kaleko 1 eta 11 zenbakien artean ere hainbat hobekuntza lan egingo dira irisgarritasuna hobetzeko (espaloiak berritu, errebajeak egin…). Azkenik, Askatasun Bidea kalearen 23. zenbaki parean dagoen biribilgunea (edo jardinera) kendu egingo da eta inguru hori berrurbanizatuko da. Honek, larrialdi zerbitzuen lana erraztuko du, Zarragoitxiko segurtasun maila handituz.

“Esan bezala, gaur aurkezten dugun inbertsio plan honek Bermeoko eraldaketa urbanistikoan beste mugarri bat ezarriko du. Noski, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak Sailaren eta Bermeoko Udalaren elkarlanaren fruitua da hau guztia. 3 urtetan egitea aurreikusten dugu eta inguru horretako sarrera berriak eta lan hauek guztiek nabarmen hobetuko du bermeotarren bizi kalitatea”, bukatu du Aritz Abaroak.

Azkenik, inbertsio plan honi lotuta, gizarteratzeko eta laneratzeko proiektuak garatuko dira. Proiektu hauen helburua da prestakuntza-planak eta -programak garatzea, esku hartzeak egingo diren Bermeoko gune horretako langabetuak birkualifikatzeko, enplegagarritasuna hobetzeko eta gizarteratzeko eta laneratzeko. Guztira 15 pertsona sartuko dira programa honetan. Esku hartzeak egingo diren guneko herritarrek plaza hauek beteko ez balituzte, gainontzeko bermeotarrei zabalduko zaie deialdia. Guztira, Bermeoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak 447.928,54 euro bideratuko dituzte programa honetara aurretik aipatutako kopuruetatik aparte.

16 / 12 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0