Albistea
Bermeoko Udalak NIK Patrika Digitala aplikazioa txertatu du bere zerbitzu batzuetan; Eusko Jaurlaritzak garatutako tresna digitala da hau. Honen bidez, Bermeoko Areneko kiroldegiko eta liburutegiko erabiltzaileek txartel fisikorik barik erabili ahal izango dituzte zerbitzuak. Hemendik aurrera, nahikoa izango da mugikorrean QR kode bat edo barra-kode bat erakustea, kiroldegian sarbidea lortzeko edo liburutegian liburuak maileguan hartzeko.
Bermeoko udal arduradunek azaldu modura, “zerbitzu berri hau martxan jartzea urrats garrantzitsua da udal zerbitzuen digitalizazio eta modernizazio prozesuan, herritarrei erraztasun eta segurtasun handiagoa emateko”.
Tresna hau erabiltzeko, nahikoa da NIK Patrika Digitala aplikazioa doan deskargatzea (Android eta Apple gailuetarako eskuragarri). Hori bai, segurtasuna bermatzeko, BakQ identifikazio elektronikoa sartzea beharrezkoa da.
Gaur egun, sistema hau Areneko kiroldegiko eta udal-liburutegiko erabiltzaileentzat dago erabilgarri, baina etorkizunean beste udal-zerbitzu batzuetara zabaltzeko aukera aztertzen ari da Udala.
NIK Patrika Digitala: txartel fisikorik gabe, mugikorrean dena eskura
Aplikazio honek plastikozko txartelak euskarri digital batean gordetzeko aukera ematen du, eta, horrela, zerbitzuak erabiltzea errazago, azkarrago eta seguruago bihurtzen da.
Adibidez, erabiltzaileek Osakidetzako txartela, Gaztetxartela edo familia ugariaren txartela eraman ditzakete aplikazioaren barruan. Behin aplikazioa deskargatuta, mugikorra erakustearekin identifikazioa burutu daiteke.
Gainera, segurtasun-neurri aurreratuak ditu, hala nola, gailuaren kodea, hatz-marken bidezko autentifikazioa eta aurpegi-azterketa biometrikoa. Honek bermatzen du, adibidez, gailua lapurtzen bada ere, norberaren datuak babestuta egongo direla.