Albistea
Besaldek, Bermeo Sahararen Aldeko elkarteak, ‘Sahararen aldeko XV. Euskal Karabana: Piztu Itxaropena’ kanpainarekin bat egin du, eta aurten 8.448 kg. elikagai batu ditu eskualdean, hain zuzen ere, Bermeo, Mundaka, Busturia, Kortezubi, Arteaga eta Gernikako denda eta hezkuntza zentroetan..
Besalde “oso pozik” agertu da eskualdeko herriek “emandako erantzunagatik”, eta “bere eskerrik beroena eman nahi izan dizkie erakutsitako eskuzabaltasunagatik”.
Ildo honetan, Besaldek eskerrak eman dizkie eskualdeko herri guztietan kanpainan parte hartu duten partikular, denda, supermerkatu, elkarte eta hezkuntza zentro guztiei, eta kanpaina zabaltzen lagundu duten pertsona eta Udalei ere bai.
Horrez gain, Besaldek eskerrak eman dizkie euren laguntzagatik ‘Caritas, Hurre, Bermeoko Futbol taldea, eta Gorabide elkarteei, Salica eta Zallo kontserba enpresei, Bermeoko Ospitale Psikiatrikoari eta Gernikako ospitaleari, komunikabideei, kaxak eta kamioia kargatzen lagundu duten guztiei, eta parrokiei; bereziki, Bermeoko San Frantzisko komunitateari, lokala uzteagatik. Era berean, Besaldek Bermeoko Udalari eskertu dio karabanarako laguntza.
Elikagaiez gain, partikularren diru-laguntza ere jaso dutela adierazi du Besaldek, 610 euro, hain zuzen ere, janariak eta konpresak erosteko.
Besaldek jakinarazi duenez, joan den larunbatean karga zen kamioia eskualdean batutakoarekin Sahararen aldeko Koordinadoraren Bilboko biltegira eramateko, eta, martxoaren 2an, Laudiotik aterako da Sahararen aldeko XV. Euskal Karabana: Piztu Itxaropena. Karabanaren helburu nagusia da «saharar herriari ahalik eta elikagai kopuru gehien eroatea, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamenduetan duten elikagai falta asetzeko».
010 (94 617 91 00)