Albistea
Herriko jolasguneetan sailka batzeko eta birziklapena ahalbideratzeko sastarrontziak jartzen hasi da Bermeoko Udala; izan ere, Benito Ibarrolazak, alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, azaldu duenez, “Udalak Eskola Agenda 21 ekimenaren barne hartutako konpromiso bat izan da birziklatzeko sastarrontziak jartzea, ikastetxeetako umeek eta gaztetxoek eskaera hori luzatu ondoren”.
Horrela, Ibarrolazak azaldu duenez, Udala Lamerako jolasgunean hasi da sailka batzeko sastarrontziak jartzen. Bertan, hiru sastarrontzi ezarri dira: horia, ontziak botatzeko (litxarrerien pakete gehienak, jogurt eta zukuen ontziak…); urdina, papera eta kartoia botatzeko; eta marroia, gainerako sastarrak botatzeko. “Hurrengo pausoa sailka batzeko sastarrontzi hauek beste jolasgune batzuetan jartzea izango da”, gaineratu du.
Azkenez, Ibarrolazak pertsona guztiei eta, bereziki, gazte eta umeei sastarrontzi hauek erabiltzera animatu die eta sastarrak dagozkien edukiontzietan botatzera. “Horrela, guztion artean helburu bikoitza lortuko dugu; alde batetik, ingurua garbi mantentzea, eta, bestetik, sastarrak birziklatuz gure ingurumena zaintzea”, azpimarratu du.
010 (94 617 91 00)