Albistea
Urtero bezala Bermeoko San Juan jaiak ospatuko dira ekainaren 23an eta 24an, eguenean eta barikuan, hain zuzen be. Bermeotarrak Fanfarrea, sorgin dantza, kantak, sua, eta 14 atsoak, izango dira San Juan jaietako protagonistak, herrian giro ezin hobea sortuz. Giro paregabea egongo da baita ere Arane auzoan, bertako jaiak ere ospatuko direlako ekimen pilarekin.
Bermeoko Jai Batzordeak azaldu duenez, urtero bezala hamalau atsoak Goiko plazan egongo dira tronpetak joten. Goiko plazako eraikin batean eskegiko dira, auzokideak baimena eman ondoren.
Bermeoko Jai Batzordeak aurten ere auzokideei eskerrak eman nahi izan die euren balkoietan 14 atsoak eskegitzea ahalbideratu izanagatik, izan ere, eurei esker bermeotarrentzako hain bereziak diren 14 atsoak ikusgai egongo dira aurten ere Goiko plazan.
Horrela, festa San Juan bezperan hasiko da, ekainaren 23an, eguenean, Bermeotarrak Fanfarrearekin 19:30etik aurrera herriko giroa alaituz. Horrez gain, musikak festa girotzen jarraituko du gaueko 21:00etatik aurrera Goiko plazan.
Bertan, 22:00etatik aurrera nahi duten pertsona guztiek San Juan kantak abestuko dituzte, txistulariek, abesbatzak, irrintzilariek eta txalapartak girotua. Jadanik abestiak www.bermeo.eus web gunean ikus daitezke ikasi nahi dutenentzat eta horrela abesten parte hartu San Juan bezpera gauean. Ondoren, sorgin dantza eta sua egongo dira eta musikarekin festak aurrera jarraituko du.
Bermeoko Jai Batzordeak Parte hartzen daben herriko taldeei eskerrak eman nahi dizkie euren laguntza ezinbestekoa delako San Juan jaiak antolatzeko.
Ekainaren 24an, barikuan, San Juan egunean, mezak ospatuko dira Gaztelugatxeko San Juanen San Juaneko batzordeak antolatuta. Mezak goizaldeko 6:30ean hasiko dira eta orduro izango dira eguerdiko 13:30ak arte.
San Juan Egunean ere Sollube 707 mendizale elkarteak antolatuta ‘Bermeotik oinez’ ekimena egingo da, hau da, Bermeo eta Gaztelugatxerainoko ibilbidea oinez.
Arane auzoko jaiak
Arane auzoan ere egun hauetan jaiak ospatuko dira San Juan egunean, barikuan, goizeko 08:00etan hasiera emanez txupinazoarekin. 17:00etan herri kirolak izango dira eta ondoren umeentzako herri kirol tailerrak eta jokoak. 18:00etan txalaparta tailerrean ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.
Musika protagonista garrantzitsua izango da, izan ere, 20:00etatik aurrera musikarekin gozatzeko aukera izango dugu herriko taldeen eskutik eta 22:00etan musika talde bat egongo da Aranen.
Egun guztian zehar txosna eta musika egongo dira Arane auzoan eta autobusak ere egongo dira joan etorriak errazteko, dohainik. Araneko jaiak Arane auzoko jai batzordeak antolatu ditu Bermeoko Udalaren laguntzarekin.
Bermeoko Jai Batzordeak San Juan jaietan parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak, izan be, “ondo pasatzeko aukera eskainiko digute”.
Suhiltzaileen gomendioak
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuak hainbat gomendio eman ditu San Juan gauaz gozatzeko. Horrela, besteak beste, honakoak gomendatu dituzte: “sua egin aurretik, edozein eraikin, ibilgailu, argindarraren lineetatik edo landaredi altutatik urrun kokatu sua; gutxienez, sutarako egur-piloaren altuera baino 5 aldiz urrunago”. “Sua hedatu ez dadin, garbi eduki pilaketaren ingurua eta haizeak indarrez jotzen badu, baliteke sua bertan behera utzi beharra”, gaineratu du.
Sua piztuta dagoen bitartean, besteak beste, honakoak gomendatzen dituzte : “sua pizteko ez erabili likido sukoirik, alkohola edo gasolina bezalakoak; ez bota piroteknia-objekturik sutara edo haren inguruan, ezta esprai, ontzi, zabor edo plastikorik ere, ke toxikoak sor baititzakete; mangera bat, sua jotzekoak edo su-itzalgailu bat izan beti inguruan badaezpada eta, jaia bukatzerakoan, egiaztatu ez dela txingarrik edo hausberorik geratzen”.
Ildo berean, errez gero, “uraz bustitzeko berehala erre den partea, hasieran pomadarik ez desinfektagarririk ez jartzeko, eta erredura sakona bada SOS Deiak 112ra deitzeko eta zauritua osasun zentro batera eramateko adierazten dute suhiltzaileek.
010 (94 617 91 00)