Albisteak

Albistea

Bideguren: 'Basqueskolak politikan aldaketak eragin nahi ditu emakume hautetsien aukera berdintasuna errealitate bihurtzeko"

-"Emakumeak gizonezkoen trajeetan sartu beharrean, traje propioak egiteko beharra” azpimarratu du

-Alderdi ezberdinetako hautetsi emakumeen indarra batzearen garrantzia nabarmendu du

 

Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, adierazi duenez, Basqueskolaren helburu bat da “politikan aldaketak eragitea emakume hautetsien aukera berdintasuna errealitate bihurtzeko”. Horretarako, bere ustez, “politikan emakumeek gizonezkoen trajeetan sartu beharrean, traje propioak egin behar dituzte” eta, hori lortzeko, “alderdi ezberdinetako hautetsi emakumeen indarra batzearen garrantzia” nabarmendu du Bidegurenek.  

Bermeoko alkateak atzo Virigina Woolf Basqueskolaren eskutik sortutako emakume hautetsien sarea, helburuak eta lan ildoak aurkeztu zituen Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendariarekin batera, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren biltzarrean, Bilboko Euskalduna Jauregian. Horrez gain, Rigoberta Menchú Bakearen Nobel saridunari ere ekimen hori aurkeztu eta berarekin esperientziak elkarbanatzeko aukera izan zuten. 

Bermeoko alkateak datu batzuk jakinarazi  ditu: “oraindik udalerri handienetan gizonezkoak dira alkate, eta zinegotzien erantzukizunetan desberdintasunak daude; politikan emakumeen %32,8ak errepikatzen du, gizonezkoen kasuan, aldiz, %52ak”. 

Horrez gain, Europako Parlamentuan egindako ikerketa batek adierazten duenez, politikan dauden emakumeen %40ak 0-1 ume bitarte ditu, gizonezkoen  % 50ak, aldiz, 3 edo gehiago. “Zaintza-lanetan eta etxeko-lanetan emakumeek gizonezkoek baino 3 ordu gehiago sartzen dituzte eta, beraz, kontziliatzea zailagoa da emakumeentzat”, gaineratu du. 

Hortaz, bere esanetan “eraginak ez dira berberak emakume eta gizonengan”. “Politika lokalak koste pertsonala dauka eta, emakumeen kostea gizonezkoena baino handiagoa da, beraz, emakumeek oztopo gehiago dituzte errealitatean” adierazi du. 

Horregatik, Bidegurenek azaldu duenez, Basqueskolaren helburuak dira “dauzkagun zailtasunetan elkar lagundu, esperientziak elkarbanatuz; politikan aldaketak eragin emakume hautetsien aukera berdintasuna errealitate bihurtzeko, eta lidergo eraldatzailea garatu”. 

Bermeoko alkateak “politikagintzaren prestigioa errekuperatzeko politika egiteko moduak aldatzeko beharra” aipatu du eta, horretarako, “lidergoa eta komunikazio estiloak aldatu” behar direla esan du. “Emakumeen eta gizonezkoen estiloak orokorrean ezberdinek dira, heziketa ezberdina izan  dugulako”, esan du. 

“Politikan, orain arte, gizonezkoak egon direnez, haien egiteko moduak bakarrik ikusi ditugu. Emakumeon presentziak udaletan lidergo eraldatzailea garatzeko lagundu beharko luke eta gai hori landu beharra ere badaukagu”, azpimarratu du. 

Horrela Basqueskolak, euskal emakume alkatea eta zinegotzien sareak, aipatutako helburuak lortzeko hiru lan ildo garatuko dituela jakinarazi du. Batetik, esan duenez, “eragin politikoa bilatzen dugu, gure proiektua sozializatzeko moduak bilatuz; berdintasun politikak agenda politikoan lehentasuna izatea lortu nahi dugu”. 

Bestetik, Basqueskola “2019ko emakume hautetsien harrera prestatzen” dabilela adierazi du. Azkenez, Basqueskolako partaideak “politika eta bizitza bateragarri egiteko moduak aztertzen” daudela adierazi du, “ez da gai erraza baina urratsak eman behar ditugu kontziliazioa hitz potoloa izatetik errealitate bihurtzeko”. 

“Udal politikagintzara hainbat emakume heldu gara eta nahitaez, hasiera batean behintzat, gizonezkoen trajeetan sartu gara. Orain, traje propioak egitea dagokigu, datozen hurrengoek baldintza egokiagoak izateko politika egiteko. Indarrak batzea beharrezkoa da helburu potoloak direlako”, nabarmendu du.

 

 

 

13 / 06 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0