Albistea
2013. urteko Alde Zaharreko sutearen ondorioz kaltetutako Bermeoko Udaletxeko eraikina berreskuratzeko lanen lehenengo fasea hasiko du Bermeoko Udalak. Bermeoko Urigintza zinegotziak, Irune Ormaetxeak, eman du honen berri gaur egindako prentsaurrekoan.
Bertan gogoratu dutenez, 2013ko Alde Zaharreko suteak, Bizkaiko azken 30 urteetako suterik larrienak, kalte garrantzitsuak sortu zituen Bermeoko Alde Zaharrean eta batez ere Nardiz Tar Jon kalean. Eraikin asko kaltetu ziren eta baita ere Bermeoko Udaletxea.
Hori dela eta, adierazi duenez, Bermeoko Udaletxean zeuden zerbitzu guztiak Kultur etxera lekualdatu behar izan dira eta momentu honetan berton kokatzen dira (idazkaritza, alkatetza, euskara saila, langileria eta jakinarazleak).
Ormaetxeak azpimarratu duenez, Udaletxea Bermeoko “eraikin garrantzitsuenetarikoa da bere balore patrimonialagatik eta herritarrentzat toki adierazgarria delako”. Horregatik, bere ustez, “ezinbestekoa” da Udaletxeko konponketa lanak hastea “ahalik eta arinen eraikina berreskuratzeko”. “Horrela, proiektua egin dugu, finantziazio zati bat lortu du, eta orain Udalak lanen 1go faseari ekingo dio”, adierazi du.
Bermeoko Urigintza zinegotziak azaldu duenez, lehenengo fase honetan, eraikinaren barruaren zati bat hustuko da eta estruktura berriaren lehenengo fasea eraikiko da. Lanak hurrengo astean hasiko dira eta hauek egiteko epea bost hilabetekoa da. Lanak irauten duten bitartean Udaletxeko aurrealdea kioskoraino itxi egingo da bai oinezkoei eta bai ibilgailuei, herritarren segurtasuna bermatzeko, izan ere, Udaletxe aurrean garabia dorre bat ezarriko da lanak egin ahal izateko. Horren ondorioz, trafikoan aldaketak egongo dira.
Bermeoko alkateak esan duenez, lan hauek seguruen diruarekin eta BFAk “aurreikusi gabeko gastuen ataletik” emandakoarekin finantzatuko dira. Bigarren fasea martxan jarri ahal izateko finantziazioa bilatzen ari dela Udala gaineratu du Bermeoko alkateak, izan ere, “diru hau lortzea beharrezkoa da gure Udaletxeko eraikina berreskuratu nahi badugu”.
“Udaletxeko eraikina konponduta eta martxan izatea beharrezkoa da bermeotarrontzat, bere balore patrimonialagatik eta baita ere toki oso garrantzitsua delako herritarrentzat eta herriarentzat eta horretan gogor lan egiten ari gara eta egingo dugu eta lanak datorren astean bertan hasiko dira”, nabarmendu dute.
010 (94 617 91 00)