Albisteak

Albistea

Benito Ibarrolaza: “Berriro ere Alde Zaharreko Aurrekoetxea kalean gertatutako suteak Bermeorentzat suhiltzaile talde finko bat izatea ezinbestekoa dela adierazten du”

 

Gaur, zapatuan, maiatzaren 26an, beste sute bat sortu da Bermeoko Alde Zaharrean, Aurrekoetxea kaleko 45 zenbakiko eraikinean, hain zuzen ere. Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak, gogoratu duenez, “otsailean Bidebarrieta kaleko eraikin batean beste bat sute bat gertatu zen, eta 2013. urtetik hona hainbat sute izan ditugu Alde Zaharrean”. “Gertaera larri hauek, berriz ere, Bermeorentzat suhiltzaile talde finko bat izatea ezinbestekoa dela adierazten dute”, azpimarratu du. 

Ildo horretan, Ibarrolazak gogoratu duenez, Bermeoko Udalak hainbat aldiz eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari Bermeon suhiltzaileen talde finko bat jartzeko. “Gaur Aurrekoetxea kalean gertatutako sute berri hau dela eta,  eta  kontuan izan da zenbat sute izan ditugun Alde Zaharrean, gure eskaria aintzat hartzeko eskatzen diogu”, gaineratu du. 

“Gaur ere suhiltzaileek gutxi gorabehera 20 minutu behar izan dituzte Bermeora heltzeko; eta, denok dakigun bezala, sute batean lehenengo minutuak oso garrantzitsuak dira suaren kontra egiteko eta, zorionez, gaurko sutean Bermeoko Herri Babeseko boluntarioak izan ditugu suteari lehenengo momentutik aurre egiten”, azaldu du.

Horregatik, bere esanetan, “berriro ere eskaera hau luzatu nahi diogu Bizkaiko Foru Aldundiari eta espero dugu, oraingoan, gure eskaerari baiezkoa erantzutea eta ahalik eta arinen Bermeon suhiltzaile talde finkoa jartzea”. 

Aurrekoetxea 45eko sutea 

Gaur, zapatuan, maiatzaren 26an, 10:45ean bueltan, sute bat sortu da Bermeoko Aurrekoetxea 45 eraikinean, Alde Zaharrean. Udaltzaingoa eta Udaleko Zerbitzuetako langileak, Herri Babesa, Ertzaintza eta suhiltzaileak, lanean egon ondoren, sutea 11:45ean bueltan kontrolatua izan da, eta lanak 13:10 bueltan bukatu dira. Dena den, segurtasuna bermatzeko, gaur Herri Babesa eta suhiltzaileak egun guztian geldituko dira bertan, eta Aurrekoetxea kalea, 43 zenbakitik aurrera, itxi egingo da ibilgailuentzat. 

Bermeoko Udaltzaingoak 10:45ean abisua hartu eta, jarraian, protokoloa aktibatu du. Udaltzaingoa eta Herri Babesa sutea zegoen tokira joan dira, Zerbitzuetako langileekin batera.  Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Aurrekoetxea 45eko eraikina eta alboko biak (43 eta 47) jendez hustu dituzte eta Aurrekoetxea kaleko zati bat itxi da, segurtasuna bermatzeko. Zorionez ez da zauriturik egon. 

Ibarrolazak Aurrekoetxea 42 eraikineko bizilagunen laguntza eskertu du; izan ere, “ezinbestekoa izan da suari aurre egiteko lehenengo momentuan; Herri Babesari erraztasun guztiak eman baitizkie Aurrekoetxea 42ko eraikinetik 45eko sua itzali ahal izateko lanak egiteko”. “Laguntza hori oso garrantzitsua izan da sua kontrolatzeko eta ez zabaltzeko”, gaineratu du. 

Kaltetutako eraikinak hiru etxebizitza dauzka, sutea ganbarak dauden azken solairuan sortu da eta teilatua erori da. Orain teknikoek eraikinaren egoera baloratu behar izango dute. Hala ere, Aurrekoetxea 45eko bizilagunak ezin izango dira momentuz euren etxebizitzetara bueltatu.

 

26 / 05 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0