Albistea
Bermeoko Udal Liburutegiak eta Euskera Sailak antolatzen duten irakurleen txokoak urriaren 19tik aurrera etapa berri bati ekingo dio eta Alaine Agirre idazle bermeotarra izango da irakurle txokoaren dinamizatzailea.
Biotza Arenazak, Bermeoko udal liburutegiko teknikariak, Maite Alvarezek, Bermeoko Udaleko Euskara teknikariak, eta Alaine Agirrek berak, aurkeztu dute gaur irakurle txokoaren etapa berria udal liburutegian egindako prentsaurrekoan.
Alvarezek eta Arenazak gogoratu dutenez, irakurleen txokoan, hilean behin, interesa duten pertsonak biltzen dira eta euskarazko liburu bati buruz berba egiten dute. Horretarako, dinamizatzaile baten laguntza izaten du taldeak eta partaide bakoitzak liburu horri buruzko iritzia azaltzen du. “Oraindik aurrera, Alaine Agirre idazle bermeotarra izango dugu dinamizatzaile lanetan”, azpimarratu dute.
Irakurleen txokoaren ibilbidea 2011n hasi zela gogoratu du Euskara teknikariak eta ikasturteka batu izan da. “Ikasturte bakoitzean zortzi liburu irakurri eta horiei buruz berba egin dugu”, aipatu dute. Euren esanetan, “hasieran taldea txikia izan bazen ere, bere ibilbidean interesa piztu du eta aurreko ikasturtea 17 lagunekin amaitu genuen. Hasiko den ikasturte honetan espero dugu interes hori handitzea eta are jende gehiago hurreratzea hileroko hitzordura”.
Hileroko dinamikaz gain, idazleekin topaketak eta solasaldiak egin dituztela gogoratu dute Alvarezek eta Arenazak eta horien balorazioa guztiz positiboa izan dela kontuan hartuta, idazleekin topaketa hauek egiten jarraitzea aurreikusten dutela nabarmendu dute.
“Idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen dute eta, hortaz, euren lana hobeto ezagutzeko eta baloratzeko aukera. Oso interesgarriak dira idazleen eta irakurleen arteko solasaldiak eta ikasturte honetan ere, halaxe egingo dugu”, esan dute.
Maite Alvarezek azaldu duenez, aurreko edizioetan izandako helburuak lortu gura dituzte: “euskarazko literatura irakurtzeko zaletasuna sustatzea, euskaraz idazten duten idazleak ezagutzera ematea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroan, literaturaz gozatzea”.
Bere aldetik, Alaine Agirrek talde hau gidatzearekin “oso pozik” dagoela adierazi du. “Ohore bat da bermeotarra izanda bertoko irakurle taldearen dinamizatzailea izatea”, nabarmendu du.
“Literatura dibertigarria”
Agirrek “literatura dibertigarria” dela adierazi du eta irakurle txokoan denon artean komentatzeko liburu atseginak aukeratuko dituela adierazi du. “Nire asmoa da, ahal bada, denon artean liburu batzuk aukeratzea, liburu atseginak, interesgarriak eta, zergatik ez, irakurterrazak; eta gero, denon artean komentatzea irakurri duguna, sentidu duguna, bizi izan duguna”, nabarmendu du. Beraz, “beldurrak uxatu” eta talde honetara apuntatzera animatu ditu Agirrek balizko irakurle eta liburuzale guztiak.
“Hortaz, urriaren 19an, eguaztenean, irakurle txokoaren etapa berri bati hasiera emango diogu Ana Malagonen ‘Lasai, ez da ezer gertatzen’ liburuaren inguruko solasaldiarekin, Alaine Agirre dinamizatuta. Ikasturte honetan ere, euskal literaturarekiko zaletasunari hauspo berria emango diogu”, azpimarratu dute Arenazak eta Alvarezek.
010 (94 617 91 00)