Albisteak

Albistea

Ibarrolaza: "EAJ-PNVren auditoretza eskariaren benetako helburua Bermeoko Udalaren zaharren egoitza pribatizatzea da"

 

·         GOUPen kudeaketa “guztiz gardena” dela eta “sindikatu zein udaleko talde guztietako ordezkariei datu guztiak ematen zaizkiela” azpimarratu du.

 

·         Ibarrolazaren esanetan, Bermeoko Udal gobernuak “ez du inondik inora erabiltzaileen plazaren prezioa igotzea proposatu”, baizik eta “Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartzea zaharren udal egoitzaren plazen kudeaketaren kostu osoa, bere eskuduntza den heinean”.

 

·         Azken urteetan, GOUPko kudeaketa hobetzeko helburuarekin hainbat kudeaketa auditoretza garatu direla adierazi du eta horien kudeaketa ereduarekin jarraitzen dutela, kalitatezko zerbitzuak eskainiz eta hobekuntza prozesuak etengabe martxan jarriz, langileen proposamenak kontuan hartuta.

 

·         “Berriro ere, Bermeoko EAJ-PNV Bizkaiko Foru Aldundiaren interesak defendatzen ari da eta ez bermeotarronak, ez gure udal zaharren egoitzakoak ezta bere langileenak eta egoiliarrenak ere ez. Udal gobernuak kudeaketa publikoa eta gure langile publikoen lana defendatzen dugun bitartean, EAJ-PNVk udalaren zaharren egoitzaren zerbitzuen pribatizazioa defendatzen du”, esan du Ibarrolazak.

 

Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Gizarte Ongizate Udal Patronatuko (GOUP) presidente eragileak, salatu duenez, “EAJ-PNVren  kudeaketa auditoretza eskariaren benetako helburua Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzako hainbat zerbitzu pribatizatzea da”. 

“EAJ-PNVk zerbitzu publikoen aldeko benetako apustua egingo balu, auditoretza bat eskatu beharrean, Bizkaiko Foru Aldundiari bere eskuduntza den udal zaharren egoitzaren kudeaketaren gastua ordaintzeko eskatuko lioke; baina, hori egin ordez, eskaerak Bermeoko Udalari eta herriari egiten dizkio”, adierazi du.

Ibarrolazak azaldu duenez,  GOUPan “ez dago kudeaketa auditori baten beharrik; izan ere, azken urteetan, Gizarte Ongizate Udal Patronatuko kudeaketa hobetzeko helburuarekin hiru kudeaketarako auditoretza eta auditoretza fiskal bat garatu dira eta, horrez gain, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak fiskalizazio lana gauzatu zuen 2014. urtean. “Gainera, kontu hartzaileak eta idazkariak GOUPen egiten den guztian aztertzen dute”, zehaztu du.

“Momentu honetan GOUPen 2011n burututako auditoriak zehaztutako kudeaketa ereduarekin jarraitzen dugu, kalitatezko zerbitzuak eskainiz eta hobekuntza prozesuak etengabe martxan jarriz, langileen proposamenak kontuan hartuta”, adierazi du. Gainera, gogoratu duenez, “Grupo Mondragoneko LKS kontsultorak auditoria horiek EAJ-PNVren legealdian egindakoak dira eta 136.892 euroko kostua izan zuten”.

“Zazpi urtetan eredu honekin funtzionatzen ari gara, emaitza onak lortuz; beraz, ez dugu gestio auditoretza baten beharrik ikusten, esandakoagatik, eta horrek duen kostu ekonomikoagatik ere bai”, adierazi du alkateordeak.

Ibarrolazaren esanetan, “arazoa ez da gestioko auditoria bat egitea edo ez, arazoa administrazio bakoitzak bere eskuduntzak bere gain hartu behar dituela da eta, kasu honetan, Bizkaiko Foru Aldundiak,  legeak agintzen duen moduan, Udal Zaharren egoitzaren plazen kudeaketaren gastu osoa ordaindu behar du; izan ere, eskuduntza Bizkaiko Foru Aldundiarena da, nahiz eta momentu honetan Bermeoko Udalak gure gain hartu dugun”, azaldu du.

Ildo honetan, Ibarrolazak argitu duenez, Bermeoko Udal gobernuak “ez du inondik inora erabiltzaileen plazaren prezioa igotzea proposatu”, hori “gezur hutsa” da. “Guk eskatzen duguna da Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartzea plaza horien kudeaketaren kostu osoa, bere eskuduntza den heinean”. “Hortaz, guk exijitzen duguna administrazio bakoitza bere eskuduntzez arduratzea da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak bereak bere gain hartzea”.

Bestalde, beste herri batzuetako egoitzen kostuei dagokienez, GOUPeko presidentearen ustez, “ez da balizkoa egoitza publikoak eta pribatuak alderatzea; izan ere, argi dago udal batzuetan enpresa pribatuen bidez kudeatzen direla udal zaharren egoitzak eta kostuak merkeagoak direla, langileen lan baldintzak askoz txarragoak (egoitza pribatuetako langileak greban egon dira urte bete baino gehiago) direlako eta egoiliarrei eskaintzen zaien arreta orduak eta zerbitzuak ere eskasagoak direlako”.

“Aldiz, Bermeoko zaharren udal egoitza Bizkaiko Foru Aldundiko egoitzekin alderatzen badugu, Bermeokoaren kostua merkeagoa da”, argitu du.

Ibarrolazak GOUPen kudeaketa “guztiz gardena” dela azpimarratu du; “datu guztien berri ematen zaie sindikatu zein udaleko talde guztietako ordezkariei, azalpen zehatzekin”. “Zerbitzu guztien gastu guztiak sailkatuta jakinarazten zaizkie, azken zentimoraino, eta informazio hori euren eskuetan dago. Kontrakoa dioena gezurretan ari da”, gaineratu du.

“Berriro ere, Bermeoko EAJ-PNV Bizkaiko Foru Aldundiaren interesak defendatzen ari da eta ez bermeotarronak, ez gure udal zaharren egoitzakoak ezta bere langileenak eta egoiliarrenak ere. Horrekin bat datoz Guzan eta Izartu?, azken finean, hemen kudeaketa ereduari buruz hitz egiten ari gara, guk, udal gobernuak kudeaketa publikoa eta gure langile publikoen lana defendatzen dugun bitartean, EAJ-PNVk zerbitzuen pribatizazioa defendatzen du”, gaineratu du Ibarrolazak.

 

20 / 04 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0