Albisteak

Albistea

Bermeoko Hiria Berroneratzeko proiektu pilotuari esker eskualdeko 15 pertsona aritu dira herriko muralgintza eta eraikuntza lanak burutzen

-Ekimen berritzaile honetan, DSBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) edota bizi-diru-sarrera minimoa jasotzen duten emakume eta gizonek esku hartu dute.

-Proiektua Bermeoko Udalak abiarazi du Europako Next Generation laguntzei esker

Bermeon, 2023ko azaroaren 16an- Bermeoko Udalak abian jarritako Bermeoko Hiria Berroneratzeko proiektu pilotuari esker, azken hilabeteetan, eskualdeko 15 lagun aritu dira muralgintza eta eraikuntza lanak egiten. Prestakuntza eta enplegua uztartzen dituen programa hau Europako Next Generation laguntzek babesten dute eta enplegagarritasuna hobetzeko, laneratzea sustatzeko eta, bide batez, komunitatearen subjektu aktiboaren rola berreskuratzeko aukera ematen die egoera berezian dauden pertsonei.

Horrela, Bermeoko Udalak, Lanbideren zuzendaritzapean eta Sartu kooperatibarekin elkarlanean, Bermeoko eta inguruko hamabost gizon eta emakume, DSBEa (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta) edota bizi-diru-sarrera minimoa jasotzen zutenak, ekimen berritzaile horretan parte hartzea ahalbidetu du proiektu hori gauzatzeko.

Otsailetik maiatzera bitartean proiektuko partaideak muralgintzan aritu ziren eta maiatzetik urrira bitartean eraikuntza lanetan. Lan horiek teknikoki behar bezala burutzeko, 2022ko urritik abendura, beharrezko formakuntza eman zitzaien.

Eraikuntza faseari dagokionez, proiektuko partaideak, herritik zehar lanak burutzen aritu dira herriko txokoak konpondu edo atontzen, monitore tekniko eta gizarte hezitzaile baten laguntzaz. Denetarikoak izan dira burututako lan motak; besteak beste, Behargintza eta Kzguneko gelen margoketa, Talako hesiak eta farolak margotu, Baztarre auzoko eskailerak garbitu eta irristagarritasunaren aurkako tratamendua eman, hormak margotu, Alde zaharreko kaleetako losetak aldatu, goiko plazako zoru historikoaren garbiketa, konponketa eta berritzea, kiosko eta bankua lixatu eta margotu.

Bermeoko alkatea Nadia Nemeh Shomaly-k azpimarratu duenez, “proiektu honi esker, taldeko partaideen egoera hobetzea izan da gure asmoa, lan aktibazioa bultzatu eta egoera horretan dauden pertsonen eguneroko errutina bat finkatu. Beraien gizarte eta lan gaitasunetan eragina izatea funtsezkoa izan da guretzat”.

16 / 11 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0