Albistea
Urtero bezala Bermeoko San Juan jaiak ospatuko dira ekainaren 23an eta 24an, martitzenean eta eguaztenean, hain zuzen be. Fanfarrea, sorgin dantza, antzerkia, sua, eta 14 atsoak, izango dira San Juan jaietako protagonistak, herrian giro ezin hobea sortuz. Giro paregabea egongo da baita ere Arane auzoan, bertako jaiak ere ospatuko direlako ekimen pilarekin.
Bermeoko Jai Batzordeak azaldu duenez, urtero bezala hamalau atsoak Goiko plazan egongo dira tronpetak joten. Aurten ezin izango dira Udaletxeko balkoian eskegi lanak direla eta, baina Goiko plazako eraikin batean eskegiko dira, auzokideak baimena eman ondoren. Bermeoko Jai Batzordeak auzokideei eskerrak eman nahi izan die euren balkoietan 14 atsoak eskegitzea ahalbideratu izanagatik, izan ere, eurei esker bermeotarrentzako hain bereziak diren 14 atsoak ikusgai egongo dira aurten ere Goiko plazan.
Horrela, festa San Juan bezperan hasiko da, ekainaren 23an, martitzenean. Arratsaldeko 19:00etan Bittor Uriarte historialariak hitzaldia eskainiko du Kabidxen, Goiko Plazako gune sozialean, eta ondoren salda emango da gune honetan.
Arratsaldeko 19:30etatik aurrera ‘Bermeotarrak’ fanfarrearen kalejirarekin gozatzeko aukera egongo da. Horrez gain, musikak giroa alaituko du gaueko 21:00etatik aurrera Goiko plazan. Bertan, herriko hainbat taldeen eskutik 21:45ean antzerki bat eskainiko da eta 22:00etan nahi duten guztiek San Juan kantak abestuko dituzte, txistulariek eta txalapartak girotua.
Jadanik abestiak www.bermeo.eus web gunean ikus daitezke ikasi nahi dutenentzat eta horrela abesten parte hartu San Juan bezperako gauean. Ondoren, sorgin dantza eta sua egongo dira eta musikarekin festak aurrera jarraituko du.
Ekainaren 24an, eguaztenean, San Juan egunean, mezak ospatuko dira Gaztelugatxeko San Juanen San Juaneko batzordeak antolatuta. Mezak goizaldeko 6:30ean hasiko dira eta orduro izango dira eguerdiko 13:30ak arte.
San Juan Egunean ere Sollube 707 mendizale elkarteak antolatuta ‘Bermeotik oinez’ ekimena egingo da, hau da, Bermeo eta Gaztelugatxerainoko ibilbidea oinez.
Arane auzoko jaiak
Arane auzoan ere egun hauetan jaiak ospatuko dira San Juan egunean, eguaztenean. Horrela 15:00etatik 17:30era ume eta nagusientzako jokoak egongo dira eta 17:30etik 19:00etara txalaparta parte-hartzailearekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.
Dantzek ere bere tokia izango dute, izan ere, 19:00etatik 20:00etara euskal dantza errazen erromeriarekin denak dantza egin ahal izango dute Alkartasuna Dantza taldearen eskutik eta ondoren, 20:00etatik 23:00etara, Akerbeltzen kontzertua egongo da.
Egun guztian zehar txosna eta musika egongo dira Arane auzoan eta autobusak ere egongo dira joan etorriak errazteko. Horrela 19:00etan eta 20:00etan Aranera igotzeko autobusak egongo dira eta 23:00etan eta 23:30ean jaisteko autobusak. Araneko jaiak Arane auzoko jai batzordeak antolatu ditu Bermeoko Udalaren laguntzarekin.
Bermeoko Jai Batzordeak San Juan jaietan parte hartzera gonbidatu ditu herritar guztiak, izan be, “ondo pasatzeko aukera eskainiko digute”.
010 (94 617 91 00)