Albisteak

Albistea

Otsailaren 28a Bermeoko Udalak abiarazitako Busturialdeko enpresetan kontratazioak sustatzeko laguntzetan izena emateko azken eguna

-Eskaerak telematikoki www.bermeo.eus helbidean egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztu beharko dira

Bermeon, 2023ko otsailaren 10ean.- Bermeoko eta Busturialdeko enpresak oraindik garaiz daude orain dela hilabete bat Bermeoko Udalak Behargintzaren bitartez eta Gernikako Lanbide Ekimenak-ekin elkarlanean abiarazitako Busturialdeko enpresetan kontratazioak sustatzeko laguntzetan izena emateko. Izan ere, izena emateko epea irekita egongo da otsailaren 28ra arte eta interesdunek telematikoki www.bermeo.eus helbidean udal egoitza elektronikoaren bidez (https://www.tramiteakonline.bermeokoudala.eus/ Nire tramiteak / Sarrera erregistroak) aurkeztu beharko dituzte eskaerak.

Gauzak horrela, Bermeoko Udaletik “bermeotarren eta eskualdeko biztanleen artean enplegua sustatzen eta bultzatzen jarraitzen dugu, enplegua sustatu eta horrekin batera eskualdeko ekonomiaren garapena ahalbidetzea beti izan eta izango baita gure helburu nagusietako bat” baieztatu du Aritz Abaroa alkateak.

Gogorarazi beharra dago, eskualdeko udalek sustatu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako laguntzak direla, 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean hasitako kontratuetarako, hain zuzen ere. Aurten, nobedade gisa, kontratuak mugagabeak izango dira, eta lanaldi osokoak edo partzialekoak izan ahalko dira, gutxienez  lanaldiaren %50ean.

Guztira, 229.400€ inguru bideratu dira programa hau abian jartzeko eta dirulaguntzaren zenbatekoari dagokionez, gehienez ere 8.000 euroko laguntza emango da lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko eta gehienez 10.000koa DSBEren onuradun, titular edo jasotzaileak, 35 urtetik beherakoak, iraupen luzeko langabeak, edo 55 urtetik gorako pertsonak kontratatzen direnean. Aipatzekoa da ere, zenbateko guztiak %10 gehituko direla emakumeak kontratatzen direnean.

Betekizunei dagokionez, onuradunak legez eratutako pertsona fisiko edo izaera pribatukoak, Busturialdean lantokia eta jarduera ekonomikoa dutenak izan daitezke eta kontratatu beharreko pertsonak eskualdean egon beharko dira erroldatuta. Azken horiek, gainera, langabeak izan behar dira eta Lanbiden lan- eskatzaile gisa alta emanda egon beharko dira. Aipatzekoa da ere, aurreko urteetan ez bezala, kontratazioek enplegu-sorrera garbia ekarri beharko dutela berekin enpresan dagoen batez besteko plantilla osoaren gainean, betiere, diruz lagundutako kontratuaren xede diren pertsonak lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan.

10 / 02 / 2023

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0