Albistea
Bermeoko Udalak 30.902.128,66 milioi euroko aurrekontua onartu du 2025erako, 2024koa baino ia 500.000 euro handiagoa. Gaur goizean egindako Osoko Bilkuran onartu da aurrekontua EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin, EAJ abstenitu egin da.
Iaz abiarazitako dinamika ilusionagarriarekin aurrera jarraitzen dutela adierazi du Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk: “Agintaldia helburu batzuekin hasi genuen, eta helburu horiek lortzeko bidean jarraitzen dugu, ahal dugun neurrian, eta hortaz, aurtengo aurrekontuan horiek ondo islatuta egongo dira”. Aurtengoak “arrazoizko” aurrekontuak dira, “buruarekin egindakoak”. Inbertsioetarako dagoen diruarekin, “gura bestekoa ez izan arren”, proiektu politak aurreikusten dira, besteren artean, partaidetza eredu berri bat sortzea, Etxez Etxeko zerbitzua eta Puntu Seguruen sarea indartzea, Gazteleku berritua martxan jartzea, Bizkaiko Bertso Txapelketaren finalaurrekoa eta LH6. mailako ikasleentzako bertsogintza eskolak, Akelarre pelikulan laguntzaile izatea, Bermeoko Erraldoien panpinen proiektuaren hasiera, Padel pista bat, komun publikoa Atalden, Gaztelugatxeko Interpretazio Zentroa, udalaren berrantolaketa prozesuaren bigarren fasea eta Txibitxiagako igogailua.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak Bermeoko Udaleko diru-sarrerak nondik datozen jakitera eman gura izan du. Kopururik handiena Udalkutxatik datorrela aipatu du, 2025erako, 13.447.599 euro, hain zuzen ere. Zuzeneko zergak (4.617.502,71 euro), zeharkako zergak (1.397.896,03 euro) eta tasak eta bestelako sarrerak (3.638.066,05 euro) kontuan hartuta, 9.653.464,79 euro zerga eta tasetatik jasotzen dira, eta nabarmendu du Ondasun Higiezinen Gaineko Zergatik (OHGZ) (3.402.703,22 euro) jasotzen dela zerga eta tasei dagokionez kopururik handiena.
Horrez gain, bai Eusko Jaurlaritzatik eta baita ere Next Generation funtsetatik, zenbait proiektu egiteko, hainbat diru-laguntza jasoko dira. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzatik honako diru-laguntzak jasoko dira: Nardiz tar Jon kalearen obrarako 162.119 euro eta Hiri Berroneratzeko proiekturako (PIIE), hau da, gune degradatuen birgaitzerako 2.187.898,26 euro.
Next Generation funtsetatik, berriz, 700.000 euroko diru-laguntza jasoko da zenbait proiektutarako: Gaztelugatxeko San Juan Interpretazio Zentroa, Digitalizazioa, Alde Zaharra Txukuntzeko Plana eta Historia eta paisaia bultzatzeko wifia.
Beste alde batetik, alkateak aipatu du diru-laguntza batzuk onartu direla jasangarritasun-ekimenak egiteko: Hidrotermia Turismo Bulegoan (78.862.48 euro), Geotermia Gaztelugatxeko San Juan Interpretazio Zentroan (89.460 euro) eta plaka fotovoltaikoak jartzea eraikin publikoetan (108.000 euro).
Sarrera berriak
2025erako sarrera berriak aurreikusten direla aipatu du. Esaterako, Kutxa eta Banketxeetako interesak (200.000 euro), 2024an lehiaketara atera ziren lokal publikoen ustiapenen alokairuak eta aurreikusten den ondare salmenta (Tonpoi bideko 5 aparkaleku eta 5 trasteleku).
2025erako aurrekontua iazkoa baino zertxobait handiagoa bada ere, udaleko ia sail guztietan murrizketak eman behar izan direla nabarmendu du alkateak, eta horren arrazoiak aipatu ditu: “Egonkortze prozesuaren ondorioz aurreikusten den konpentsazio ekonomikoa 405.122, 04 eurokoa da. Eta, horrez gain, proiektu desberdinak egiteko jasotzen ditugun diru-laguntzetarako, Bermeoko Udalak diru-kopuru bat jarri behar du proiektu horiek osotasunean gauzatzeko; 195.000 euro inguru dira”.
2025eko aurrekontuan aurreikusten diren gastu nagusiei dagokionez, lehenengo kapituluaren aurreikuspena, langileriari dagokiona, 16.433.245,64 eurokoa da. Maileguei dagokienez, zor publikoen kapituluan, aurrekontuaren 629.999,81 euro horiek ordaintzeko erabiliko dira. Horiek guztiak kontuan hartuta, 2.627.403,49 euro izango dira 2025ean inbertsio errealetarako geratzen den kantitatea.
2025eko aurrekontuaren baitan, 50.000 euro aurrekontu parte-hartzaileetarako gordeta daude. Abenduan eman zen proiektu irabazlearen berri, eta San Frantzisko Herri Ikastetxeko jolaslekuak konpontzera bideratuko da. “Martxan gaude horrekin, eta dagoeneko batu gara ikastetxeko arduradunekin, beharrak identifikatzeko”, azaldu du alkateak.
Aurrekontua sailez sail
Ia sail guztietan murrizketak dauden arren, udal gobernuak “argi” ditu “indartu” beharreko helburuak zeintzuk diren. Erakunde batzordeko burua da alkatea, eta batzorde horren baitako sailen nondik norakoak azaldu ditu.
Administrazio orokorrari dagokionez (223.560 euro), udalaren eta udal erakundeen erosketetan klausula sozialak jartzeko aukerak dauden aztertuko da, udalarena den ondarea erregularizatuko da eta udal jakinarazpenak eraginkortzeko lanak egingo dira, udalaren kudeaketa ahalik eta eraginkorrena izan asmoz. Alkatetza sailean, gainera, herriko elkarte eta eragile desberdinekin udalak dituen hitzarmenak (Besalde, Gurutze Gorria, Itsuki Irratia…) mantenduko dira, ikuspuntu sozial eta kultural batekin, eta bi hitzarmen berri egingo dira 2025ean, Bitxos elkartearekin eta Eleizalde Ikastolarekin.
Ekonomia eta Ogasun sailekin (2.074.470,25 euro) jarraitu du alkateak. Zenbait ordenantza berrikustea aurreikusten da (Musika eskola, Bermibusa, terrazak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga). 2025ean, Udaleko aseguruen egoera ere aztertuko da, eta lege berria oinarri hartuta eta zerbitzuaren kostua aztertuta, sastarren ordenantza aldatuko da. Gainera, aurten indarrean sartzen diren tasa, zerga eta prezio publikoek gure helburuekin bat egiteko, hainbeste moldaketa egin dira: Etxebizitza politikak indartzeko, Alokabiden sartzen diren etxebizitzek, %50eko hobaria izango dute OHZn, eta enpresa handiei tipoa igotzen zaie, herritarrentzat inpaktua txikiagoa izateko; tasei dagokionez, sastar batzea igotzen zaie etxebizitza turistikoei, eta jasangarritasuna kontuan izanik, sastar gehiago sortzen duen jarduerak gehiago ordainduko du.
Berrikuntza, Gobernu Irekia eta Herritarren Arreta sailera bideratuko dira 478.782,32 euro. 2025ean, herritarrak udaleko kudeaketan parte hartzeko aukerak zabaltzeko hobekuntzak martxan jarriko dira, zerbitzu karten kudeaketa sistema eraginkortuko da eta partaidetza eredu berri bat sortzea da asmoa: Bermeo-LAB. Herritarrei ahotsa eman eta herrigintza, zerbitzu eskaintzaren eta diseinuaren eta udal kudeaketaren parte izateko aukera ematen duen bilgune, foro eta lan dinamika izango litzateke.
Endika Etxebarria Telleria Herritarrak Batzordeko buruak jarraitu du aurrekontuari buruzko azalpenak ematen. Udal gobernuarentzat herritarren ongizatea “oso garrantzitsua” dela aipatu du, hori dela eta, Etxez Etxeko zerbitzua izango da Langileria saileko helburuetako bat. 1.446.825,15 euro bideratuko dira Gizarte Zerbitzuetara. “Pertsonetan zentratutako arreta eredua dugu gure Zaharren Egoitzan. Langileen formakuntzaz gain, 2025an zehar eredu honek eskatzen dituen bakarkako espazioen erreforma ere egingo da. Gainera, iaz Bermeora ekarri ditugun programa pilotoekin aurrera jarraituko dugu (nahi ez den bakardadean laguntzeko programa, gurasotasuna lantzen programa…). Zaintzaren herria eraikitzeko pausuak ematen gabiltza, eta Berdintasun Sailarekin elkarlanean, udaletik lehenengo esku-hartzeekin eta ekintzekin hastea da helburua”, adierazi du.
Berdintasun Sailean (94.377 euro) apustu sendoa egin gura izan da diru-kopurua indartu den sail bakarra izanik. Berdintasun sailetik, puntu seguruen sarea indartzea da helburu garrantzitsuenetariko bat. Herri berdinzalea lortzeko asmotan, Hezkidetza Mahaia sortu da, eta aurten, hori indartzea da helburua. Honekin lotuta, martxan dago Jabekuntza Eskola, emakumeen saretzea delako sail honen ardatzetako bat. Erronka nagusietako bat da hiruhileko egitarauak sortzea beste sail batzuekin elkarlanean, hitzaldi, tailer, ikastaro edo bestelakoen egitarau sendo eta indartsu bat lortzeko. Azkenik, LGTB diagnostikoa azken urratsetan dagoela kontuan izanik, honi lotutako aurkezpena, hausnarketa eta ekintzak burutzea da beste helburu bat.
Gazteria sailari (201.753 euro) dagokionez, Udaleko teknikari desberdinekin batera urte betez lantzen ibili ondoren, Gaztelekua martxan jartzea da helburu nagusia.
Euskara sailean (157.823,57 euro), batetik, euskal nortasuna sustatzeko apustua egingo da, Euskaraldia, irakurle txoko feminista… eta mota horretako ekintzak antolatzen jarraituta. Eta nabarmentzekoa da, 2025ean Bizkaiko Bertso Txapelketaren finalaurrekoa Bermeon izango dela. Bestetik, gazteen artean euskararen erabilera sustatzea da helburua, kirol taldeetan euskara erabiltzeko EBETE aholkularitza ekarrita, euskaltegietan erabiltzaile desberdinentzako Euskara Eskolak jarrita eta ikastetxeetan, LH6. mailako ikasleentzat bertsogintza eskolak jarrita.
Kultura eta Hezkuntza Sailak 630.485 euroko aurrekontua izango du 2025ean. Kultura zinegotzia eta Herritarren Batzordeko buruak adierazi duenez, herriko artisten lanak eta herriari buruzko lanak herrira ekartzen jarraitzea da asmoa: “Ander Jimenezek parte hartzen duen La Odisea izan dugu, eta Gorka Perez de la Peñaren Bermeoko Arkitektura Garaikidea liburua plazaratuko da. Udala Euskal Herriko kulturaren parte aktiboa izatea gura dugu, horregatik Akelarre pelikulan, laguntzaile moduan arituko gara”. Era berean, aurten, urteetan jaso den eskaera bati hasiera emango zaio, eta hortaz, Bermeoko Udala herriko Erraldoien panpinen proiektua lantzeko lanekin hasiko da, 2026rako panpinak izateko itxaropenarekin.
Hezkuntzaren kalitatea “ahalik eta onena” emateko ahaleginetan jarraituko da OLHUIn eta Musika eskolan, eta azken hau “eskuragarriagoa” izateko ahaleginak egingo dira.
Liburutegi eta Artxiboari dagokionez, digitalizatze prozesuarekin jarraituko da; 2025an, artxibo historikoak digitalizatzeaz gain, erakunde barruko artxibo eta dokumentuak digitalizatzeari ekingo zaio, “kudeaketa aldetik eraginkorragoak eta azkarragoak izateko asmoz”.
Kirol Sailari buruz berba egiteko hitza hartu du Xabier Ortuzar Butron Lurralde Batzordeko buruak, eta 2025ean kirol zerbitzuetarako aurrekontua 843.224,74 eurokoa dela aipatu du. Azken bi urteetan aurrekontu parte-hartzaileetan eskatutakoari kasu egin, eta aurten padel pista bat egingo da Areneko kiroldegiaren atzean. Horrez gain, kiroldegia 07:00etan zabaltzen dela aprobetxatuta, lehenengo ordu horretarako kirol jarduerak sortzen hasi gura da, eta kiroldegirako aplikazio bat sortzea ere bada aurtengo helburuetako bat.
Zerbitzu Sailarekin (3.337.878,10 euro) jarraitu du Ortuzarrek. “Mugikortasunaren aldeko apustu sendo bat egin gura dugu udaletik. Gure orografia ezagututa, uste dugu herrian oso lagungarria dela mugikortasun sistema indartsu bat izatea, horregatik Bermibus zerbitzuaren kontratu berria aztertu eta landuko da”, adierazi du. Horrez gain, iaz asfaltatze lanak egiteko lortu genuen kontratuarekin jarraituta, aurten Talako espaloiak konponduko dira, eta laster hasiko dira horretan. Udan aisialdirako erabiltzen den Martillo gunean hobekuntzak egingo dira, eta segurtasuna hobetu aldera, zebra-bide batzuk argiztatuko dira. Aurten, Atalde kalean komun publiko bat jarriko dela esan du Ortuzarrek, eta Behargintzarekin elkarlanean Ametzaga (Jose Done ikastetxeko kanpoaldea) atontzeko lanak egingo dira.
Lurgintzan (112.800 euro,) iazko ildotik jarraitzea da udalaren helburu nagusia, “auzoetan inbertsioak egiteko gaitasuna mantenduz”. Erronka garrantzitsu bat ere badago, baratze komunitarioen ekimena aurrera eroatea.
Hirigintza eta Ingurumen sailek 3.829.004,99 euro dituzte, aurrerago aipatutako diru-laguntzak kontuan izanik. Aurten, martxan dauden programa nagusiak egitea da asmoa: Ekoturismoko Next Generation programa eta Hiri Berroneratze programa. Ekoturismoko ekintzei dagokionez, Gaztelugatxeko Interpretazio zentroa egingo da Areilza kaleko udal eraikinean, Turismo Bulegoko birgaitze energetikoa egingo da, Lamerako argiteria adimentsua martxan jarriko da, eta Alde Zaharreko Arostegi kaleko irisgarritasuna hobetuko da. Hiri Berroneratze programa barruan, berriz, Itxasbegi kaleko irisgarritasuna hobetuko da, Txibitxiagan jarriko den igogailuarekin. Horrez gain, Alde Zaharreko irisgarritasuna hobetzeko lanak ere egingo dira, Nardiz Tar Jon kaleko espaloiak egokituz.
Horrez gain, udaleko berrantolaketa lanekin jarraituko da, eta Gizarte eta Kultura Etxeko 2. solairuan egokitze lanak egingo dira, Gizarte Ongizaterako Sailekoak bertara joan ahal izateko.
Ingurumenari dagokionez, instalazio fotovoltaikoen eraikuntza aurreikusi da, autokontsumoa indartuz. Aurten, gainera, hondakinen kudeaketaren plana lantzen hasteaz gain, organikoaren bilketa indartzeko kanpaina egingo da.
Turismoa eta Garapen Ekonomikoari (396.479,99 euro) dagokionez, Turismo jasangarria erakartzeko bidean, eta beti jasangarritasuna kontuan hartuta, Gaztelugatxeko gunea indartzeko ekintzak bultzatuko dira. Gainera, gure identitatea eta herri kultura zabaltzeko ekimenak bideratuko dira, “gure eskaintza turistikoaren berezitasuna indartzeko”. Udal azoka ere jomuga jarri gura da aurten, eta honek dituen aukerak erakutsi eta zabaldu gura dira, “enpresa txikiak eta ekintzaileak bertara erakartzeko”. Eta, dagoeneko, udala lanean dago herrian erosteko kanpaina berri batean.
Amaitzeko, Udaltzaingoak 82.500 euroko aurrekontua dauka. Ortuzarrek aipatu duenez, herriko segurtasunean oinarritu dira aurtengo helburuak finkatzerakoan; “kamara sistema batzuk jarriko ditugu martxan gune estrategikoetarako”.
Bost ardatz nagusitan banatuta
Bermeoko alkateak aurrekontuaren ardatz nagusiak diren bost ildoak nabarmendu ditu: Danontzako Bermeo, Bermeo Bizia, Bermeo Jasangarria, Bermeo eraldatzailea eta Bermeo Gertua. Aurrekontu guztiaren %62,6 Bermeo Gertua ardatzak daroa; gardentasuna, parte hartzea, eraldaketa digitala, udal antolaketa eta langileen kudeaketa, zorroztasuna, euskararen sustapena, kudeaketa aurreratua eta herritarren arretan aurrera egiteko asmoz. Bermeo Jasangarri bat lortzeko bidean, aurrekontuaren %23,8 bertara bideratuko da; jasangarritasuna, eraldaketa urbanistikoa, auzoen garapena, Alde Zaharraren biziberritzea, garbitasuna, irisgarritasuna, mantenua, espazio atseginak eta segurtasuna jorratzeko. Danontzako Bermeo ardatzak daroa aurrekontuaren %6,4. Hemen kokatzen dira Gizarte-politikak, balioak eta bizikidetza eta oinarrizko zerbitzuak, Bermeo sozial eta berdinzale bat eraikitzeko, etxebizitza, osasuna, bizi-kalitatea eta inklusibitatea oinarri izanda. Bermeo Bizia ardatzak hartzen du, berriz, %6 kultura, kirola, euskara, gazteriaren aisialdia, sormena eta jaiak sustatzeko. Azkenik, %1,3 hartzen du Bermeo eraldatzaileak, jarduera ekonomikoa eta enplegua, ekintzailetza, sektore ekonomikoak, turismoa, hezkuntza eta prestakuntza indartzeko.
Bermeoko alkatea “pozik” agertu da gaur onartutako aurrekontuarekin: “Esfortzu handiz egindako aurrekontua da, eta nahiz eta ia sail guztietan murrizketak egin behar izan ditugun, udal gobernuaren helburu askok aurrera egin ahal izango dute. Inor atzean uzten ez duen pertsonentzat egindako aurrekontua dela uste dut, erronka argiak dituena, gizarte politikak, balioak, bizikidetza, eta oinarrizko zerbitzuak bermatzen dituena. Bermeo soziala eta berdinzalea eraiki nahi dugu, etxebizitza, osasuna, bizi kalitatea eta inklusibitatea oinarri izanda. Gure lan egiteko moduei eutsita, aurrekontu sozialak, feministak, herrikoiak eta euskaldunak lortu ditugula uste dugu. Amaitzeko, eskerrak eman gura dizkiet prozesu honen atzean nirekin batera lankidetzan ibili diren guztiei”.
010 (94 617 91 00)