Albistea
-Ekimen honek helburu hirukoitza du: garraio publikoa sustatzea, bisitariak Bermeora erakartzea eta hauei Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak zeintzuk diren lehen eskutik azaltzea
-Autobusak Lamerako autobus geltokitik eta Itxas-ganeko parkinetik abiatuko dira Gaztelugatxerantz 10:30ean eta 12:30ean
-Itxas-ganeko aparkalekuan informazio puntu bat jarriko da eta Lameran, betiko Turismo Bulegoaren zerbitzua izango da. Sarrerak www.entradium.com web gunean eskuratu ahal izango dira 7 euroan, 6 urtetik 12 urtera bitarteko gazteentzat 2,5 euroan eta 6 urtetik beherakoentzat, doan
Bermeon, 2023ko martxoaren 22an.- Iaz Bermeoko Udalak abiarazitako proba pilotuak izandako arrakasta kontuan izanda, aurten ere, Aste Santuan zehar, apirilak 6, 7, 8, 9 eta 10, Bermeotik Gaztelugatxera abiatuko den autobus zerbitzua eta bisita gidatuak antolatu ditu Udalak. Ekimen honek hiru helburu izango ditu, besteak beste: garraio publikoa sustatzea CO2 emisioak murrizteko eta aparkatzeko arazoak saihesteko, bisitariak Bermeora erakartzea eta hauei Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak zeintzuk diren lehen eskutik azaltzea.
“Gaztelugatxe Euskadiko baliabide turistiko garrantzitsuenetako bat da, eta bisitari kopuru handia hartzen du. Kultura eta ingurumen aberastasun handiko ingurunea da, eta guztion artean zaindu behar dugu” adierazi du Aritz Abaroa alkateak. Hori dela eta, Bermeoko Udalak aurten ere Bermeorentzat eta bermeotarrentzat oso garrantzitsua den zerbitzu hau martxan jarriko du.
Alde batetik, garraio publikoa sustatzea eta ibilgailu partikularrak Gaztelugatxe ingurutik aldendu nahi da. Izan ere, azken urteotan arazo handiak egon dira inguru horretan. Bisitari asko bere auto partikularrekin hurbildu izan dira bertara eta pilaketek segurtasun arazoak sortu dituzte. “Autobus zerbitzua eskainiz, garraio publikoa bultzatu eta autoak bertatik aldenduko ditugu. Halaber, autoa Itxas-ganeko aparkalekuan utziko duten bisitariek Bermeo ezagutzeko eta bertan eguna pasatzeko aukera paregabea izango dute. Bisitariak Bermeora erakarri nahi ditugu bertan kontsumitu dezaten” azaldu du Abaroak.
Halaber, Gaztelugatxeren balio natural eta historikoa balioan jarri eta bisitariei honen berri eman nahi da, horretarako informazio puntu bat jarriko da Itxas-ganeko parkinean, herrian dagoen Turismo bulegoaz gain.
Ekintzaren egitaraua
Autobusak Lamerako autobus geltokitik eta Itxas-ganeko parkinetik abiatuko dira Gaztelugatxerantz 10:30ean eta 12:30ean. Autobus zerbitzu honetan, gainera, bisitariak bere lehen gida turistikoa aurkituko du. Gida honek, besteak beste, Urdaibai Biosfera Erreserbaren, Matxitxakoko lurmuturra eta itsasargiaren, Matxitxakoko gudaren, Gaztelugatxeko Biotopoaren eta Gaztelugatxeko San Juani buruzko informazio praktikoaren berri emango die joaterako bidaian.
Autobusetik beheratu eta oinezko bidea egin ondoren, bigarren gida turistikoak ongi etorria emango die bisitariei ermita inguruan eta bertan, besteak beste, honako informazioa eskainiko die: Bermeoren eta inguruaren arteko harreman estua, arrantzaleen sinesmenak eta ohiturak, ermitaren historia, usadioak, urpeko Begoñako eskultura, tokiko toponimia… Bueltako bidaian, ordea, Gaztelugatxeko inguruko bitxikeriak kontatu eta Bermeon zer egin eta zer bisitatu daitekeen aipatuko die lehen gida turistikoak (gomendioak eta herriko berezitasunei buruzko informazioa).
Bermeoko Udalak, gainera, informazio puntua jarriko du Itxas-ganeko aparkalekuan (10:00etatik 12:45ak arte) eta, orain arte bezala, Turismo Bulegoan (astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 17:30etara eta, igandetan, 10:00etatik 14:00etara / 94 617 91 54 / turismoa@bermeo.eus). Sarrerak www.entradium.com/events/visitas-a-san-juan-de-gaztelugatxe web gunean salduko dira eta sarrera horiekin joan-etorriko garraioa, Gaztelugatxera sartzeko txartela eta bisita gidatua eskuratuko dute. Erabiltzaileek. Txango guztiaren iraupena 2 ordu eta 30 minutukoa izango da gutxi gora behera. Tiketek 7 euroko prezioa izango dute 2,5 eurokoa 6 urtetik 12 urtera bitarteko gazteentzat eta doakoa izango da 6 urtetik beherakoentzat. Gehienez 6 urtetik beherako 2 haur joan ahal izango dira helduen erreserba bakoitzeko.
Aipatzekoa da ere, apirilaren 1etik 16ra bitartean, Bizkaibuseko zerbitzua indartuko dela. Gauzak horrela kotxea Itxas-gane aparkalekuan uzten dutenek, autobus hauek erabili ahal izango dute honako ordutegian:
010 (94 617 91 00)